Guda-lerroari eutsi ezinik

1936ko erra ordizianGerraren hirugarren astean, Oria errekaren ibar osoa menperatu dute faxistek. Abuztuaren 1ean Ordizia hartu, eta 7an Alegiara iritsi ziren. Donostia hartu arte (irailean), matxinoek ez zuten Goierrin eraso egingo.

1936-8-1, larunbata

Ordizia hartu dute faxistek, Cayuela buru. Miliziar errepublikazaleen arteko anabasak defentsa eraginkorra ez izatea ekarri du. Ordizian zeuden tropek Itsasondora joateko agindua jasotzerako, Tolosaraino atzeratuta zeuden. Oria ibarraren goialdean nagusi dira matxinoak.

Cayuelak dio ordiziarren irrika oihuen artean sartu direla Ordizian, Urdaneta kalean gora. Errepublikaren behaketa hegazkinetik ikus daitezke herritar uholdeak, Itsasondorantz ihes. Eta herriko leihoetan zapi zuriak zintzilikatuta daude.

Gipuzkoako Defentsa Batzordeak dio orain arteko taktika alboratu dutela Ordiziako frentean: indarrak hirietan biltzeari utzi, eta inguruko mendi garaietan posizioak sendotu. Beharrik; hiririk ez delako geratzen ia errepublikazaleen esku.

1936-8-2, igandea

Ordizian Gerrako Batzorde Karlista eratu dute. Goierriko frentean normaltasuna izan da, bestela. Errepublikazaleen artilleriak mendietan erreketeak astindu ditu, posizioak hartzea eragozteko. Matxinoen aldeko soldadu nafar eta arabar batzuk errepublikazaleen aldera pasatu dira. Denak lan gehiegiak eta elikadura murritzak eraginda abailduta daudela dio prentsa ‘gorriak’.

Abuztuaren hasieran, Eibarko Defentsa Batzordea eta Azpeitiko Defentsa Batzordea sortu dituzte, Errepublikaren aldekoek. Lehena izaera sozialistakoa da, gehien bat. Teorian, Deba ibarrean du eragin eremua. Gipuzkoan garrantzi handia hartu zuen, herrialdean gerraren amaieran.

Azpeitiko batzordeak osaera erabat abertzalea du: EAJ, EAE-ANV, ELA, ENB Euzko Nekazarien Bazkuna eta Juventud Vasca erakundeak batu, eta Euzko Gudarostea edo euskal milizia sortu dute. Manuel Irujo da buru. Azpeitiko Komandantzia ere deitu dute batzuek.

Gipuzkoaren defentsa hiru eremutan banatuta geratu da: Eibar-Deba arroa (sozialista), Azpeitia-erdialdea (abertzalea) eta gainontzekoa (ezkerraren eragin handia). Frentearen mendebaldeko lerroa, Mandubiatik Lasarteraino, Azpeitiko Defentsa Batzordearen ardurapean geratu da.

1936-8-3, astelehena

Berri handirik ez Beasain-Ordizia gudu-lerroan. Errepublikazaleak saiatu dira kanoikada batzuekin, baina berehala erantzun dute faxistek. Bi aldeek beren oinarrizko kanpalekuak sendotzea izan dute zeregina.

1936-8-4, asteartea

Matxinoek erasoari berrekin diote, Cayuelaren agindura. Mila gizon inguru ditu jada. Bi zutabetan bereizi ditu; bat Oria errekaren ezkerretik bidali du, Aldir komandantea buru jarrita, Itsasondo alderantz. Bestea, Oria eskuinetik eta Baeza kapitainarekin, Zaldibia, Gaintza eta Abaltzisketa aldera abiatu da. Kanoikadaka hartu dute, goiko posizio errepublikanoetatik.

Errepublikaren aldekoek Tolosa defenditzea dute orain helburu, Oria bailararen giltza delako. Alegia-Orendain-Gaintza lerroan jarri dira, albo batean. Aldabako mendietan, bestean, errepidea menperatuz. Gaintzatik Ordizia jo-puntuan dute, eta faxistentzat helburu bihurtu da herri hori.

1936-8-5, asteazkena

Aldir komandante matxinoak Aldabarantz jo du, eta hango mendiak hartu ditu gaur. Gual komandantea Gaintzarantz doa. Gaintzatik gogor erantzun dute errepublikazaleek, eta bost baja eragin dizkio. Aurrera egin ezinean geratu dira faxistak, eta bandera zuria atera dute, uneren batean. Errepublikazale talde bat hurreratu da (9 karabinero eta 4 guardia zibil), baina tiroka hartu dituzte erreketeek, «traizioz». Arin zauritu dira miliziar batzuk, eta Alegiara bildu dira.

Faxistek Legorreta hartu dute. Batzokian (Krispiñenea etxean zen), eskoletan, tabernetan eta eskuindarren etxeetan hartu zuten ostatu.

Ordiziako frentera 150 miiziar iritsi dira Azpeitia, Azkoitia, Zarautz, Zumaia eta Aiatik. Blindatutako bi tankerekin jo dute erasoa, goizean, abangoardiako zutabea babesteko. 15 milimetroko bi kanoi ere jarri dituzte.

Faxisten tropak banatu eta ihesean jarri dituzte. Arma luze asko berreskuratu dituzte miliziarrek. Eskuindarrek bandera monarkikoa eta Espainiaren eta faxismoaren aldeko idatzidun ikurrak ere galdu dituzte.

1936-8-6, osteguna

Frankistek Gaintza eta Orendain konkistatu dituzte, Gual komandantearen agindupean. Bezperako defentsa gainditzeko, 250 falangistak osatutako Gonzalez Unzaluren zutabearen laguntza jaso du. Sei gizon galdu dituzte erasotzaileek. Gaintza babesten ari ziren errepublikanoak Tolosara erretiratu dira.

Gaintzako San Migel Goiaingeruaren eliza suntsituta gelditu da. Errenazimendu estilokoa, gangak deuseztu dizkiote bonbardaketetan.

Azpeitia aldeko miliziarrek Aldabako mendialdea berreskuratu dute. Erreketeak gorde diren baserri bat gogor tirokatu dute; leihoetatik metrailadorez erantzun diete. Matxinoek ihes egin dute; 2 hil eta 5 zauritu dira.

1936-8-7, ostirala

Matxinoek Alegia hartu dute, jada eskualdea igaroz. Oria ibarrean, Goierri menperatu dute, Zegamatik Legorretaraino. Errepublikaren defentsa-lerroa hautsi dute. Tolosa eskuerara dute, inguruko mendiak hartu baitituzte.

Falangisten hilketa inkontrolatuen adierazlea, segurar baten epaiketa

Abuztuaren 5ean, Iruñean Clemente Garin Aranburu segurarra epaitu dute, gerra kontseilu sumarisimoan. Beasainen hornigaiak «gorriei» saltzea leporatu diote. Epaileak absolbitu egin du, ordea, ulertu duelako hornigaiak ez zizkiela errepublikazaleei bakarrik saltzen, herri osoari baizik, bereizketarik egin gabe.

Iñaki Egaña historialariaren irudiko, Garinen epaiketak agerian utzi zuen falangistek hilketa inkontrolatuak egin zituztela; uztailaren 28ko goizaldean Beasainen burutu zutena, kasu. Garinen epaiketa Iruñeko urte osoko 250.a zen. «Zenbaki erabat txikia ordura arte egin zituzten atxiloketa kopururako». Garin, atxilotu eta 5 egunera epaitu zuten. «Garinen espedienteak garrantzia nabarmena du. Ordurako 500 nafar baino gehiago hilak zituzten. Frogatzen du fusilatuen epai espedienterik ez zela sekula izan, ziurrenik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>