Ikasturte berria AEB Amerikako Estatu Batuetan hasiko dute Goierriko hiru atleta gaztek, kirol beka bat lortuta; Dorleta Armendariz mailu-jaurtitzailea, Alba Torres mailu-jaurtitzailea eta Gari Garmendia pisu-jaurtitzailea dira. Bi neska ordiziarrak eta Idiazabalgo mutilak, CMas Atletes enpresaren bidez lortutako kirol bekari esker, unibertsitateko ikasketak eta kirola uztartuko dituzte AEBetan.
«Euskal Herrian baino garrantzia handiagoa ematen zaio Estatu Batuetan kirolari eta ikasketekin uztartzeko erraztasun gehiago eskaintzen dute» nabarmendu du Torresek. 20 urte ditu eta dagoeneko bi urte egin ditu Amerikako Estatu Batuetan. Kansasen pasa zituen lehenengo bi urteak baina ikasturte berria Wheeling Jesuit Universityn hasiko du, hegoaldeko Virginian.
Dorleta Armendarizek eta Gari Garmendiak 18na urte dituzte, eta datorren ikasturte honetan hasiko dituzte ikasketak unibertsitatean. «Texas Tech University-ra noa eta ilusio handia dut bide berri honi ekiteko», aitortu du Armendarizek. «Altamiran ezin dut nire lan saioa behar bezala burutu, hortaz, zaila da kirol munduan aurrera egitea», gehitu du ordiziarrak. «Gimnasioko lana bai, baina jaurtiketak egitera Hernanira joan behar izaten dugu, hala ere, han ere ez dugu baldintza onenetan lan egiten» erantsi du Garmendiak. Ikasturte berria Kansasen hasiko du honek. Hobetzeko asmoarekin, kirol beka honek eskaintzen dien aukera aprobetxatu, eta laster joango dira ametsak betetzeko helburuarekin.
Olinpiar Jokoak amets
Etorkizunari begira dituzten helburuen inguruan hitz egiten hasterakoan, «Olinpiar Jokoetara iristea da guztioi gustatuko litzaigukeena» adierazi dute hiru atleta gazteek. «AEBetan izango dugun entrenamendu erritmoari esker asko hobetzeko aukera dugu, eta horrek Olinpiar Jokoekin edo nazioarte mailako txapelketekin amets egitera garamatza», gaineratu dute.
Entrenamendu saio gogorrak dituzte zain AEBetan. «Goizeko seietan gimnasiora joan ohi gara pisua altxatzera, ondoren klasera, eta arratsaldean berriz ere entrenatzera» kontatu du Torresek. «Nora goazen badakigu. Kirolak gauza batzuk kentzen dizkigu, baina beste batzuk eman ere bai!» aitortu dute ilusioz beterik Goierriko hiru atleta gazteek.