Gazteak ere euskal oilo arraza mantentzen

OLYMPUS DIGITAL CAMERAEtxean betidanik eduki izan dituzte oiloak, Igor Garmendiak (Zaldibia, 1998) dioenez. Baita ahuntzak eta ardiak ere. Azken horiekin lan egitea gehiago gustatzen zaion arren, Goierriko oilo hazle iaioenetako bat da. Hala adierazten dute, behintzat, Ordiziako Euskal Jaietako feria berezian atera dituen sariek. Azkeneko bost urteetan, urtero eman diote hegazti lehiaketako sariren bat; edo bat baino gehiago. Aurten ere, irailaren 7an, bi jaso ditu: Goierriko lote onena, eta marradun onenarena.

Unibertsitatean hasi berria, euskal oilo arrazarekiko jakintza aspalditik barneratu du, baserriko eskolan. «Marradun oiloekin orain dela 6-7 urte hasi nintzen. Bizilagunak ekarri zituen, gustatu, arrautzak eskatu, eta etxeko oiloekin atera nituen txita batzuk. Geroz eta gehiago interesatu zitzaidan, eta ia denak marradunak ditut orain», dio Garmendiak.

Euskal oiloaren bost azpiespezie bereizten dira: marraduna, lepasoila, gorria, zilarra eta beltza. Beltz batzuk eduki izan ditu, eta zilar batzuk badauzka orain. Beste bi motak —lepasoila eta beltza— hazten ere probatu nahi du.

Marraduna, konplikatua

Ezarritako morfologia eta ezaugarriak ondo nabarmentzeko, oilo motarik «konplikatuena» da marraduna. «Oilarrak kolore desberdinak ditu gorputzean, buztana borobil onekoa, gandorra koskak ondo markatuta. Eta oiloek moko horia, hankak ahal den horienak eta belarri gorriak». Bereziki hankei erreparatu behar zaie; oilo gazteek hori-horiak izan behar dituzte. Zahartu ahala, zurizkatu egiten zaizkie.

Galtzeko zorian dira espezie batzuk, eta Garmendia arraza ahalik eta garbien mantentzen saiatzen da. «Marradunaren purutasuna galtzen ari da. Ahal den arraza puruena izatea lortu nahi da».

Hala, inkubagailuan 60 arrautzako sortak sartu, txitak atera, eta onenak etxerako apartatzen ditu. Besteak saldu egiten ditu. «Eskari handia dago», dio.
Urretagoena baserriko larrean ibiltzen dira oiloak, egunez. Gauerako barrura sartu, eta oilategiko zulo denak ondo ixten dizkiete. «Azeriak ibiltzen dira hemen, basotik etorrita».

Jateko, oilasko marradunek ez dute estimazio handirik. Gantza gutxi, nonbait. Platererako, hazteko oiloak dituzte, baserri gehienetan ikusten direnak, nahasketa genetikoaren emaitza. «Marradunak etxerako arrautzak egiteko dauzkagu», zehaztu du Garmendiak. Eta, bide batez sari batzuk lortzeko izateaz gain, Euskal Herriko betiko oilo mota bat globalizazioak ez desagerrarazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>