Ama izateaz damututa

Antxiñe MendizabalGaurkori heltzeko, amari galdetzea bururatu zait: «Ama, inoiz damutu al zaizu seme-alabarik izatea?». Hitzetan jarriko dizuet amak begirakune urduri batekin erantzun didana: «Umetako ohitura berarekin jarraitzen du: erantzunik gabeko galdera burugabeak egiten».

Galdera hau ez zait tupustean bururatu, Orna Donath soziologo israeldarrak argitaratu berri duen liburuaren harira baizik: Regretting motherhood: sociopolitical analysis. (Ama izateaz damututa: analisi soziopolitikoa). Aldez aurretik, esango dut ez dudala liburua irakurri, besterik gabe, han eta hemen irakurri ditudan laburpenetatik atera ditut, beraz, ondorioak. 23 ama eta amonen lekukotza jasotzen du liburuak. Guztiek aitortzen dute maite dituztela beren umeak, beste edozein amak bezainbat, baina askatasuna, denbora, sormena eta nortasuna galdu dutela ama izatean; euren bizitzako akatsik handiena izan omen da seme-alabak izatea.

Ez nau bereziki asaldatu damua aitortzeak; edozein gizakirengan, agerian edo ezkutuan, gordetzen dira sentimendurik muturrekoenak ere. Edozein modutan, kutsu sentsazionalista hartu diot liburuari, eta hainbat feministek egin dituzten adierazpenak bereziki dogmatikoak iruditu zaizkit. Itxura hartu diet esaten ari zitzaizkidala: «Munduko emakumeak, kontuz! Ez izan umerik, damutuko zaizue eta! Liburu honetan dago proba». Munduko ama guztiek, orain eta lehen, ederki asko dakigu amatasunak sortzen dituen sentimenduak, eta ezinak.

Feministatzat daukat nire burua, eta tarteka burua galtzen dudan arren, baita nire buruaren jabetzat ere. Halere, ama izatean, sentitu ditut inoizko sentimendurik bortitzenak eta bizienak, muturretara joz, beldurrik lazgarrienak eta maitasunik eskuzabalena; eta tartean dira itxaropena eta poza, etsipena eta frustrazioa, elkartasuna eta errukia, inbidia eta samina, miresmena eta adorea, amorrua eta zeloak, konfiantza eta poza, nostalgia eta tristezia, harrotasuna eta onespena. Eta, guztien gainetik, eskerrona, sentimendu horiek guztiek egin nautelako gizatiarrago. Gizatasunaren kontzientzia zor diot nik ama-
tasunari. Damurik ez dut inoiz sentitu, ez baitut bekatuan sinesten. Amatasuna ez da zerurako bidea, ez dut inoiz idealizatu; ezta infernurakoa ere, ez diot penitentziari fede handirik. Amatasuna, besterik gabe, bizitza esperientzia bat da.

Bizitzak bere bideak jartzen ditu gure izatearen kontzientzia hartzeko, eta niri amatasuna eskaini zait, ustekabean. Izan ere, ama izatea ala ez kontrola daiteke, baina bizitza ez. Nork ziurtatzen die liburuan lekukotza eman duten emakumeei askatasuna, denbora, sormena eta nortasuna ez zutela beste egoera edo erabaki baten ondorioz galduko?

Edozein modutan eskertzen dut artikulu honek amarekin berriketan aritzeko eman didan aukera. Honela bukatu da gure arteko elkarrizketa: «Ama, nire lagun batek negozio bitxi bat jarri du martxan». Gaiaz aldatu dudala ikusita, lasaitu egin da. «Senarren itzulketa zerbitzu bat. Por zierto, zuk ba al dakizu damututako amek nora itzuli ditzaketen beren seme-alabak?».
Berriro utzi dut erantzunik gabe. «Ondo iruditzen bazaizu –esan diot–, orain arte bezala, tarteka, ama izateak ezina sortzen didanean, zuregana bidaliko ditut».
Ume bat jaiotzen denean, jaiotzen da ama bat eta, zorionez, amama bat. Eskerrik asko, ama.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>