Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Ez dakit Aizkorpeko batek Aralarri buruz hitz egitea bidezkoa den, baina Zeraindik parez pare Txindoki eta Aralarren silueta zoragarria ikusten (eta gozatzen) ditugunez, lizentzia hartuko dut. Izan ere, azken asteotan Aralargo pistak direla-eta Goierri aldean sortu den istilu eta saltsa guztiaren erdian, ez da erraza gaiaz ez jardutea. Halako eztabaidetan askotan gertatzen denez, kontua guztiz sinplifikatu eta errealitatea desitxuratu dela iruditzen zait. Azkenean, eztabaida pistak bai edo ez horretara eraman da; eta horrela, talde ekologistak eta artzainak batetik, eta erakunde publikoak eta hainbat alderdi bestetik, aurrez aurre irudikatu ditugu. Eta ziurrenik horiek guztiak, aferaren gainazaleko geruzatxo pare bat baino ez dira. Ez naiz ni gai baloratzeko gauzak, prozedurak, formak eta abar egokiak izan ote diren. Eta ez dut epaituko pistak behar diren edo ez. Baina batzuen eta besteen argudioak entzunda, sortutako galdera eta gogoeta batzuk bai partekatu nahi nituzke.

Izan ere, irudipena dut naturarekiko harremanetan, mendien, basoen eta larreen giza-ikuskeran, mendetan zehar garatutako jakintza eta erlazio mota bat galbidean dela, gizarte urbanoaren gehiengoaren gidaritzapean. Funtsean, gure natur ingurunea ondare ez ezik, baliabide gisa ere ulertzen dugun edo ez da gakoa, nire ustez. Ez dut uste bien artean berezko dialektikarik dagoenik, mendia bizitzeko baliabide duenak ondare gisa zaintzen baitu (bestela nola izango luke artzaintzak milaka urtetako tradizioa?). Irudipena dut, egungo korronte ekologista urbano batzuk gizakiaren historian gailendu izan balira, Aralarren trikuharririk ere ez genukeela edukiko. Bistan da gizakiok oro har, natura ustiatzen bakarrik ezin dugula jarraitu gerorik izango badugu; baina hori bezain egia ez ote da natura baliabide gisa zainduz bakarrik lortuko dugula oreka?

Aralargo oraingo eztabaidaren azpian, halako ideia-balio-kultura talka bat dagoela esango nuke. Eta pisten afera konkretua baino inportanteagoa iruditzen zait gizarte bezala horri erantzutea. Baina ez ekologista eta ez artzaina ez naizelako esango dut arinki hori, agian. Munoa-GorrotxategiEta Eneritz: Gabiriatik ikusten al dira Aralargo pistak?

Eneritz Gorrotxategi

Gabiriatik Aralargo bistak ikusten dira, baina segun eta zenbait hormigoi sartzen duten, akaso pistak ere ikusiko ditugu. Hemendik, AHT-ak egindako txikizioa ere ikusten da, egin asmo duten autopista elektrikoaren ibilbideko hainbat zati ere ikusten dira…

Aralargoa gai sensiblea da, baita beste asko ere, eta horrelakoetan, errealitatea ez desitxuratze aldera, errealitatea bera oso ongi ezagutzea beharrezkoa da. Nortzuk, norentzat egin, zer egin, zergatik… Azalpen eta arrazoi horiek ongi ezagutzea komeni da ezer esan aurretik. Biziraupenaren eta erosotasunaren arteko erlazioa, eztabaida eta muga non dauden, hori norberak ikusiko du, baina kasu honetan ez da norbanakoaren auzia, natur gune batena izaki, jende asko sartzen baita hor tartean.

Arestian aipatutako azpiegitura horiek guztiak, dena azkarrago egiteko prestatuta omen daude: distantzia bera denbora gutxiagoan, indar handiagoa bide zuzenagoan… Bizimodu azkar, itogarri eta estresante honi erreferentzia egiten dion, Tapia eta Leturiaren Stress-a abestiaren amaiera, aldatu egin behar ote dugu bada?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>