ENBA Euskal Nekazarien Batasuna sindikatua sortu zela 25 urte bete dira aurten. 1991. urtea zen, eta Xabier Iraola ENBAko koordinatzaile legorretarrak dioenez, «lehenengo sektorea talka baten erdian zegoen». Orduko ordezkari sindikalen artean ez zen adostasunik lortu sektoreak jarraitu beharreko norabidearen inguruan: «Eztabaida sortu zen zer eredu bultzatu nahi zen erabakitzerakoan». Eta zertarako ukatu, guztiaren atzean oinarri politiko bat ere bazegoen.
EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartea zen orduan zegoen nekazal sindikatu bakarra. Bertako ordezkarien artean «baserritar txikien aldekoak ziren batzuk, eta baserritar profesionalen aldekoak besteak». Mezuak zabaltzerako orduan, manifestazioak egiterakoan… «joera politikoak ere eragin handia zuen». Ezadostasun horren erdian zatiketa bat gertatu zen, eta hortik sortu zen ENBA, «formetan abertzalea bai, baina moderatuagoa. Eta bultzatu nahi zen ereduaren aldetik, baserritar profesionalei begirakoa». Iraolaren hitzetan sindikatuak egiten duen lana lobby moduko bat da, «gizartearen, zein administrazioaren aurrean sektorearen ordezkari» den heinean.
Baserritik bizitzea
Lege proiektuak, inbertsioak, laguntza planak… egin behar direnean adibidez, zein baserritarri lehentasuna eman erabaki behar du. «Guk baserritar profesionalen aldeko hautua egin genuen, baserritar mistoak —lantegian eta baserrian lan egiten dutenak— kontutan hartuz, baina bigarren maila batean».
Gaur-gaurkoz eredu bera bultzatzen du ENBAk. Azken urte hauetan «eredu profesionalaren aldeko mezu hori zabaldu egin da», Iraolaren iritziz. Eta zentzu horretan, «Gipuzkoako EHNErekin adostasun puntu handiak» dituztela dio.
«Bi sindikatuen arteko elkarlanak sekulako bakea ekarri dio sektoreari»
«Landa eremuaren eta herri edo hiri kontzientziaren arteko muga gero eta handiagoa da»
Xabier Iraola, ENBAko koordinatzailea
Gaur egun, baserritik soilik bizi direnen kasuistika oso zabala da: «Batzuk baratzeak eta negutegiak izan ditzakete, beste batzuk artzainak dira, esne ekoizleak ere badaude, ekologikoan lan egiten dutenak… euren produktuak modu ezberdinean saltzen dituzte gainera, batzuk supermerkatu zein dendetan, beste batzuek kontsumo taldeetan, salmenta zuzena egiten dutenak ere asko dira». Horregatik, administrazioak politika zabal bat egitea sustatu nahi dute ENBAtik, «kasuistika zabal hori integratuz, eta baserritik soilik bizi direnak lehenetsiz».
Bere ibilbidearen 25 urte hauetan ENBAk zein lorpen egin dituen galdetuta, garbi dauka erantzuna Iraolak: «Bai sektore barruan, bai administrazio ezberdinengan eta baita gizartean ere, azpisektore profesionalen aldeko begirune eta sentsibilizazio bat lortu dugu».
Bestalde, ENBA aldizkariaren bitartez bazkideei, eta bestelako eragileei informazioa helarazteko iturriak ere egonkortu dira. «Baserritarrak ondo informatuta izatea» ere lehentasunetako bat izan baita urte hauetan guztietan, izan ere, «sektorearen etsairik handiena da informazio falta».
EHNE eta ENBA bi sindikatuen arteko gerturatzea ere urte hauetako lanaren lorpen handienetako bat da, Iraolaren iritziz. «Zatiketa gogorra izan zen, eta urtetan iraun du orduko desadostasun hark», dio. Hasierako urte zail haiek pasata, normalizatu egin da orain egoera eta oinarrizko ildo estrategikoetan adostasunak eduki badituzte. Elkarrekin lanean hasi direnetik, «politikoen aurrean izugarrizko indarra egin dezakegula ikusi dugu, orain arte, banatuta, administrazioaren aurrean ahulagoak ginen ezer lortzeko orduan». Politikoki ere «etiketatuago» egon direla aitortu du Iraolak eta ondorio garbi batera iritsi da: «Elkarlanak sekulako bakea eta lasaitasuna ekarri dio sektoreari, baita baserritar soilen artean ere».
Etorkizuneko erronkak
Aurrera begira dituzten erronken aurrean gizarte ohitura berriei egokitu beharra ikusten dute lehentasunen artean. «Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, adibidez, jendeak gero eta gutxiago erosten du azoketan, eta gehiago supermerkatu handi eta dendetan». Bertako baserritarrek ekoitzitako produktuak erosleku berrietan ere gero eta presentzia handiagoa izan dezaten antolaketa berri bat egin behar da; «eta hori ez da beti erraza izaten».
Egia da baita ere, bertan ekoitzitako produktua erosteko joera gero eta hedatuago dagoela gure artean. «Globalizazio basati honen aurrean, jendeak badu bertakoaren aldeko joera nabarmenago bat, ez hemen bakarrik, baita Europan ere. Hori batez ere elikagai freskoetan antzematen da, barazkietan, haragian…»
Baina, «gizarte gero eta urbanoagoetan» bizi garela uste du Iraolak, eta ondorioz, landa eremuaren eta herri edo hirien arteko kontzientziaren arteko muga «gero eta handiagoa» dela. Horregatik, datozen urteetako lan ildo nagusietako bat izango da landa eremua hirietara gerturatzea. Ongi etorri baserrira proiektua dute martxan helburu horrekin.
Landa eremuak baditu «hiritar kontzientzia duten horien artean horren erakargarriak ez diren zenbait alderdi, traktoreen hotsa, usainak… molestatu egiten ditu sarri», dio Iraolak. Urruntze horren ondorioetako bat da haren iritziz.
Gaia Goierrira ekarrita, «Aralarko pisten aferaren atzean talka hori dago», Legorretakoaren ustetan. «Batzuek Aralar gozamenerako, aisialdirako gune bezala ikusten dute. Horiek natura bere horretan uztearen aldekoak dira, eta gizakiak ez dezala eraginik izan bertan». Bertatik bizi direnak daude, eztabaidaren beste puntan, «Aralarrek egun duen itxura badu, abeltzainek eta artzainek euren behiak eta ardiak bertan botatzen dituztelako da. Eta duintasunez bizi eta lan egiteko gutxieneko azpiegitura batzuk behar dituzte, egun dauden bide batzuk oso arriskutsuak direlako».
Gainerakoan, sektorea gaur egun inoiz baino «antolatuago» ere badagoela irizten dio Iraolak. Askotariko elkarteak egon badaude: barazki-zaleena, esne ekoizleena, kooperatibak… Etorkizuneko beste erronka nagusietako bat guztien arteko saretze lana egitea izango da, «sindikatutik ildo orokorrak ezarriz, baina talde bakoitzari lan egiteko autonomia eta askatasuna emanez».