Euskararen arnasguneetan behera egin du erabilerak

Maquetación 1

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, erabileraren inguruko datuak izango dituzte hizpide batzuek eta besteek.?Datu orokorrak hartuta, euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dute azken hamarkadetan. Gunerik erdaldunenetan ere gero eta gehiago dira euskara dakitenak.?Baina zer gertatzen da euskararen arnasguneekin? Historikoki euskararen babesgune izan diren herrietan kontrako joera ari da nagusitzen azken urteetan. Migrazio mugimenduak, hirigintza politikak edo kultur eredu berriak direla medio, herri euskaldunetan beherakada nabarmena izan da, bai ezagutzari eta baita erabilerari dagokionez ere.

Maquetación 1Joera horrekin kezkatuta, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea lanketa bereziak egiten ari da herriz herri, arnasgune izan diren herri horiek izaera mantendu eta erreferente izaten jarrai dezaten. Izan ere, «arnasguneak euskara eroso bizi den eremuak» dira, «mehatxurik gabe eta egoera normalizatu batean». Arnasgune diren herri horietan, euskaldunen indizea %70etik gorakoa da, eta beste herrientzat eredu dira, euskararen normalizazioari dagokionean. Uemaren arabera,«lider funtzioa dute arnasguneek» eta gune euskaldun horietan indarra eginez, inguruko txokoak ere euskalduntzea da helburua.

Euskal Herrian 188 udalerri euskaldun daude eta zazpi lurraldeetako herrien %27 ordezkatzen dute. Biztanleriari dagokionean, berriz, %12 bizi da udalerri euskaldunetan. Orohar herri txikiak dira; euskara da herritarren lehen hizkuntza eta gehienek modu naturalean erabiltzen dute egunero.

Arnasgune deitzen diren herri euskaldun horietako gehienak, ordea, herri txikiak dira, eta horrenbestez, «oso hauskorrak», hizkuntz joerak aldatzea oso erraza delako. Gune euskaldunek erreferente izaten jarrai dezaten,  herrika diagnostikoak egiten ari dira, toki bakoitzeko indarguneak eta ahulguneak aztertu eta indarrak non jarri behar diren aztertzeko. Legorretan dagoeneko egina dute diagnosi hori; Zaldibian lanketan ari dira, eta datozen aste eta hilabeteetan, Zerainen eta Seguran ere egingo dituzte antzeko bilerak.

Goierriko arnasguneak

Uema Udalerri?Euskaldunen?Mankomunitatea Goierrik bederatzi kide ditu Udalerri?Euskaldunen?Mankomunitatean, baina hamar izango dira laister, berriki Ataunek ere bertan sartzeko pausoa eman eta gero. Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo, Legorreta (aurten sartu da), Segura, Zaldibia eta Zerain dira gainontzeko kideak. Denak ere, euskararen arnasgune bezala katalogatutako herriak dira, baina ez dira bakarrak. Izan ere, Uemako kide ez diren hainbat herrik (Mutiloa, Gabiria eta Zegama) ere betetzen dituzte euskararen babesgune izateko baldintzak.

Maquetación 1Udalerri horietan guztietan ordea, Euskal?Herrian izan den joera errepikatu da.?Hala, Beasainen, Zumarragan edo Legazpin euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin duten bezala, arnasguneetan behera egin du portzentaia horrek. 1981etik 2011ra arteko datuak kontuan hartuta, beherakada handiena izan duten herriak dira Altzaga (-%13,1), Mutiloa (-%10,7), Ataun (-8,7) eta Ezkio-Itsaso (-%8). Denek ere, %90etik gorako euskal hiztunen portzentaia zuten 80ko hamarkada hasieran. Egun, Gaintzak eta Zerainek bakarrik eusten diote kopuru horri.
Kontrakoa gertatu da 5.000 biztanletik gorako herrietan. Urretxu eta Legazpi izan dira 30 urtean euskal hiztunen kopurua gehien igo dutenak (%18,7) eta antzekoa gertatu da Beasainen (%15,8), Zumarragan (%15,6) eta Ordizian (%15,5).

Erlaxatzeko arriskua

Historikoki euskararen arnasgune horietan erabilera jaistearen arrazoia zein izan den aztertzen hasita, faktore ezberdinak egon daitezke. Migrazioak eta herrira datorren jendea izan daiteke horietako bat, baina baita euskal hiztunak erlaxatzea ere. Euskararen arnasgune horietako bat, eta duela hamabost urtetik Uemako kide den herrietako bat da Arama. Prozesu hura ez ezik, Uemaren barne funtzionamendua ondo ezagutu ditu Asier Mujika alkateak, zuzendaritzako kide izan baitzen. Arnasguneek «akuilu lana» egiten dutela azaldu du, eta Arama ere,?«euskaren erreserba bat den heinean, euskarari bultzada bat emateko asmoz» sartu zela Ueman. «Guk egunerokoan euskaraz funtzionatzen dugu, eta Ueman egonda obligazio puntu hori ere jartzen diogu geure buruari, gehiegi erlaxatu gabe».

Izan ere, gune euskaldunetan dena eginda badago ere, oso erraza da datuek behera egitea.?«200 biztanleko herri batean, 10 laguneko familia erdaldun bat etortzen bada, %5a da, eta hori asko nabaritzen da». Araman ere, azken urteetan inguruko herrietatik nahiz atzerritik jende ugari etorri da, eta horren eraginez, «euskarak behera» egin duela nabaritzen dute. «Lehen kalean ez zen ia inor entzuten erdaraz hitz egiten, eta orain entzuten da».

Legorretako lanketa

Arnasguneetan euskarak izan duen beherakada horren adibideetako bat da Legorretakoa. Hamar urtean, ia 10 puntuko jaitsiera izan dute, eta Ueman sartu direnetik, horri buelta emateko lanean ari dira. Zelai Amenabarro alkateak azaldu duenez, herrian lehendik zegoen kezka euskararen erabileraren inguruan. «Duela lau bat urte Siadecok azterketa bat egin zuen herriko egoeraz, eta datuak ikusita, kezka sortu zen herritarren artean». Hala sortu zen Elegunea Euskara Elkartea. Udalean ere batzorde bat sortu zuten gaia lantzeko, eta aurten,?Ueman sartzeko pausoa eman dute; «arnasgune bagara, baina gehiago izateko helburuarekin».

Behin Ueman sartuta, teknikariekin harremanetan jarri eta arnasguneen inguruko tailerra antolatu zuten.  Elegunea elkarteko Nekane Iturriotzen arabera, bina orduko bi saio egin zituzten, eta hogei lagunek parte hartu zuten. «Arnasguneak zer diren eta euskara mantentzeko zer nolako garrantzia duten azaldu ziguten». Taldetan banatuta, herrian euskarak dituen indarduneak eta ahulguneak aztertu zituzten. «Ahulguneak aztertu eta horietan eragiteko zer egin zitekeen eztabaidatu genuen». Batez ere «gaztetxoak eta guraso gazteak ibiltzen diren lekuetan» ikusi dute eragiteko beharra.

Horrekin batera, kontzientziazio moduan, inkesta bat ere egiten ari dira. «Euskararen erabileraren inguruan herritarrek zein perzepzio duten jakin nahi dugu batetik, eta gero datu horiek benetako datuekin alderatu». Bihar, Euskararen?Nazioarteko?Egunean, jakinaraziko dituzte inkesta horren datuak.

Arnasguneei buruz tailerra egingo dute bihar Zerainen

Euskararen?Nazioarteko Eguna dela eta, aurretik beste herri batzuetan egin duten moduan, udalerri euskaldunetako joera linguistikoen inguruko tailerra egingo dute bihar,?Zerainen. Sendotu arnasguneak, haur eta helduak elkarrekin lemapean, «arnasguneen garrantziaz ohartu eta herritarrek hizkuntzaren garapenean duten eragina» ikusteko saioa izango da.

Uemak antolatutako saio horretan, haurrak eta helduak elkartu nahi dituzte, hizkuntza ohituren inguruan hitz egin eta aurrera begira egin beharrekoaz hitz egiteko. Saioa 17:00etan hasiko da, kultur etxean. Ondoren, mokadutxoa egingo dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>