Jon Urkiola (Ezkio, 1990) Goierri inguruko azoka saltzaile gazteenetakoa da. Orain 9 urte hasi zen ofizioan, amonari erreleboa hartuta. Berroeta baserriko semea da Urkiola eta etxean egindako ogia eta gazta saltzen ditu Urretxuko, Legazpiko eta Zumarragako azoketan. Igandero, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) ere jartzen du postua.
Nolatan hasi zinen azoketan saltzaile?
Amona aritu izan da beti azoketan etxean egindako ogia eta gazta saltzen. Nik ikasketak utzi nituenean hasi nintzen lan honetan, orain 9 bat urte. Gurasoak ez dira normalean azokan aritzen, etxean egiten dute lan, ogia eta gazta egiten.
Hamazazpi urte zenituela hasi zinen orduan. Gustuko duzu lana?
Bai, gustura nabil. Jende askorekin harremanak egiteko aukera ematen du lan honek eta gustura aritzen naiz. Baina baditu alde txarrak ere. Neguan eguraldiak ez du gehiegi laguntzen. Hotza egiten du eta nahiz eta aterpean egon hezetasuna nabaritzen da. Uda nahiago dut azokan egoteko.
Asko saltzen duzu azoketan?
Bezero finkoak ditugu eta nahikoa ondo saltzen dugu. Gehienak adinekoak dira, baina gazte jende asko ere etortzen da erostera. Gazte jende asko mugitzen da azoketan, egia da, dena den, lanagatik edo gehienak azken orduan etortzen direla. Azokara joateko ohiturarik ez da galdu, oraindik behintzat.
Zein da azoken egoera gaur egun?
Azoketan jateko produktuak saltzen dira gehien. Guk beti saltzen dugu nahikoa ondo, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Arropa eta horrelako produktuen salmenta da jaitsi dena. Guk janari saltzaileok ez dugu beherakada handirik nabaritu.
Santa Lutzitako azokan izango zara?
Bai, bi postu jartzen ditugu, bat Urretxun eta bestea Zumarragan. Normalean eguna ondo joaten da, egindako ogi dena saltzen dugu, gazta gutxixeago.
Gabonak ere gerturatzen ari dira. Lan asko izaten duzu?
Lan askoko egunak izaten dira. Normalean baino ogi gehiago saltzen da, bikoitza eta gehiago.
Etorkizunean hemen lanean ikusten duzu zure burua?
Bai. Gustuko dut lan hau, eta momentuz behintzat ez dut bestelakorik pentsatu.