EBEL, 25 urte borrokan

EBEL_Emakume_BaserritarrenMende laurdena bete du azaroan EBEL Emakume Baserritarren Elkarteak. Urte hauetako borrokak eta lanak eman ditu bere emaitzak, emakume baserritarraren lana errekonozitua eta langile osotzat hartua izan dadin.

«Desberdinen arteko berdintasuna» aldarrikatu zuten azaroaren hondarrean emakume baserritarrek, EBEL Emakume Baserritarren Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko antolatutako festa egunaren aurkezpenean. Mende laurdeneko ibilbidea lorpen askoren testigu izan da, gogotik borrokatu izanaren emaitza garbia.

EBEL 1991n sortu zen, ordura arte EHNE sindikatuko kide ere izan ziren emakume baserritar batzuen ekimenez. Gabiriako Baztarrika baserriko Amelia Jauregi emakume horietako bat izan zen. Gaur, jubilatuta dagoen arren, Jauregik EBELen jarraitzen du, «oraindik asko dagoelako egiteko».

Emakume, langile eta baserritar ziren aldetik, «bailara bakoitzean arazo eta gabezia handiak» zeudela ohartu ziren. Garai hartan, emakumeek ez zuten gizarte-segurantzan kotizatzen, eta ondorioz «ez ziren langile kontsideratzen». Emakume baserritar gehienak senarraren baserrira ezkontzen ziren, «kanpotik joaten zenak normalean, aginpide gutxiago izaten zuen, are gehiago emakumea bazen».

Parekidetasuna helburu

Transmisioari dagokionean, «belaunaldien arteko talka ere handia zen», ordura arte zeuden egiteko moduetan aldaketak mesfidantzaz hartzen ziren belaunaldi zaharragoen aldetik. Emakume baserritarrak  ahalduntzea ere izan da EBEL-ek urte hauetan guztietan izan duen erronka nagusietako bat, «autoestimu falta handia» izaten baitzen askoren kasuan.

Horregatik, EBEL ezinbesteko arnas-leku bihurtu da emakume askorentzat. Emakumeen arteko indarrak batu eta elkarrekin gauzak lortzen joatea izan da 25 urte hauetako zereginik handiena. «Ordura arte esatea ere ausartzen ez ginen zenbait pentsamendu eta sentipen mahai gainean jarri eta konpartitzeko» gunea izan da EBEL. Inoiz ez konfrontazioak sortzeko helburuz, «emakume baserritarren lana aitortu eta gizonen parean jartzeko» asmoz baizik.

Hasiera haietan, EBEL Gipuzkoa mailako sindikatua izan zen, baina laster zabaldu zen hegoaldeko lau herrialdeetara. Gaur egun «200 bat bazkide» ditu sindikatuak. Urteetan iparraldeko emakumeekin hartu-emana oso estua izan da. Gaur, errealitatea bestelakoa da: «Iparraldean ez dago emakume baserritarren sindikaturik eta harremanak hoztu egin dira, nahiz eta ez diren eten». Hori izango da aurrera begirako erronketako bat, «lehengo dinamikari heldu behar diogu berriz», dio Jauregik irmo.

Urte hauetako guztietako borrokak eta lanak eman ditu bere fruituak, eta horregatik, 25. urteurrenak aldarrikapenetik asko izan badu ere, ospakizunek ere bere tartea  izan dute. Eman den lorpenik handiena, gaur egun emakumeek gizarte-segurantzan kotizatu ahal izatea izan da, «autonomo bezala».

Berdintasuna lortzeke

EBEL_Emakume_Baserritarren-2Beste borroka bat izan da berdintasunaren aldeko aldarria. Baserrietan norberak bere lekua izatearen ahalduntzea eta erantzukidetasuna bultzatu dituzte. Eta «kotitularitate bat ere aldarrikatu» dute, baina arrakasta handiegirik gabe. Gai honen inguruko lege bat atera zen, baina «hutsune askorekin, eta jendeak ez dio horri eutsi», azaldu du Jauregik. Orain, baserritik bizi diren bikote askok «elkarteak egiteko joera dute. Aldaketa handia izan da hori».

Lorpenak lorpen, emakume baserritarrek gaur, jakin badakite asko dagoela egiteko oraindik bihar. «Erabaki guneetan emakumeen presentzia handitzea ezinbestekoa da», adibidez, Jauregiren ustetan. Kontziliazioa gauzatu ahal izateko baina, «gizonek ere kontzientzia aldaketa bat egitea beharrezkoa da. Asko ez baitaude, oraindik, etxean emakumeek egiten dituzten lanak egitera ohituta».

Baserriaren etorkizuna bermatzeko, Jauregik zalantzarik ez du, elkartzea, dauden beharrez hitz egitea… derrigorrezkoa izango dela. EBELek asko irakatsi dio horretan, «pertsona bezala hazteko eta ikasteko balio izan dit, baita baserriaren beste aldea ezagutzeko ere».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>