Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio! Gure gazteen fundamentuaz hitz egitea proposatzen diat. Gazteen lanerako jarreraz, euskal liburu eta disko-azoka aitzakia hartuta. Izan berri diagu azoka, joan den asteburuan, Goierriko bost herritan: Ataun, Beasain, Ordizia, Segura eta Lazkaon. Lazkaon Gerriko duk, Gerrikokoak gaituk azokaren antolatzaile, baina ikastolako gazteen laguntzarik gabe, ezin izango genikek, hartzen dugun lana, inondik inora burutu.
Kultur bidaia egiteko dirua lortzea izaten ditek helburu gaztetxoek eta guk, horretarako aukera ematen zieagu. Majo saiatuta lortzen ditek, lortzen duten dirua. Beraiek izaten dituk saltzaile (liburuak, CDak, jostailuak, janak), beraiek sukaldari, gaztaina erretzaile, haurrentzat ekintzen antolatzaile, kobratzaile, mikrofonoan animatzaile. Lana ikusi eta eginbeharrari heltzen ziotek gazteek gogotsu eta, benetan, gozatu egin diat beraiei begira, beraiekin lankide.
Oso pozik nagok, fundamentuzko gaztetxoak dauzkagulako eta elkarrekin herrigintzan lanean, sortzaile, ari garelako. Gora gu!
Inazio Usarralde
Hara, Joxepa, pozten naun aho-zapore hori geratu bazain! Izan ere, azokaren bueltako zoramenean hi haiz denekin dena lotzen aritzen haizena; gure hondar alea xumea dun oso, hire dema-harriaren ondoan. Egia dun gaztetxoak horrela lanean ikusteak, aurrera segitzeko indarra ez ezik, inoiz gu desagertzen garenean, proiektuak aurrera jarraituko duenaren itxaropena pizten duela.
Fundamentuzko gaztetxoak zeuzkanagu, bai, hori argi zagon. Hamarretik bederatzi baino gehiago itxurazkoak zeuzkanagu, ondo prestatuak eta utziz gero gauza bikainak egiteko gauza direnak. Ikusi besterik ez zegon, kultur arloan, herria dinamizatzeko hainbat arlotan zein ekarpen bikaina egiten ari diren. Egun hauetan, beste maila batean, gazteen mailan, gertutik bizi izan ditudan bi gertakari aipatuko ditinat, gazteen balioaren erakusgarri: zapatuan Bilbon izan gintunan Bizkaiko bertsolari txapelketako finalean, inoizko finalik gazteenetakoan. Oholtzan gazteak protagonista eta behean lanean, gazte eta heldu, denak elkar hartuta. Hori dun azpimarratzekoa iruditzen zaidan beste ideia bat: belaunaldi desberdinetakoak elkarren igurtzian lanean, elkar ukituz eta elkarrekin hunkituz.
Berdin-berdin esan zitekeen igandean Ataunen ikusi genuen Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusita. Obra horren sorkuntzan gazte indarra dun nagusi jakin dudanez. Zein ederra! Testutik hasi eta eszenaratzeraino bikaina. Itxura denez, datorren martxoan dun Beasainera etortzekoa antzerki-obra hori. Ez galdu aukera!
Arestian esan dinat gazteak ez hain gazte garenokin elkarrekin lanean ikusitakoan gozatzen dudala gehien baina, horretarako, baldintza bat zaindu beharrekoa dela iruditzen zaidan: gogotsu datorren gazteari egiten utzi beharra zagon, bere kaxara, guk gehiegi bideratu gabe. Gu bidetik albo batera baztertu eta laguntzeko prest agertu, hori huke gure egitekoa.
Eta azkenik, nahiago niken gaurko gazteak, eta helduxeagook ere, Lazkaoko azokan aurrera eta atzera ibili den G.-ren gaztetasunari eutsiko bagenio…