Argindarra modako hizketagai bihurtu da azken asteetan. Eta ez da gutxiagorako. Azken hiru urteetako preziorik garestienak ordaindu behar izan dituzte aste hauetan Hego Euskal Herrian tarifa arautua duten ehunka mila familiak. Baina, zeinek zehazten du argindarraren prezioa? Zergatik egiten du gora, horrela ezustean?
Argindarraren prezioa zehazteko sistema konplexua dago ezarrita Espainian. Argindarraren eguneko salneurria bezperan ezartzen dute handizkako merkatuan. Goiener, energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibako zuzendari Santi Ochoa de Eribek azaldu duenez, «merkaturatze enpresok hurrengo egunean gure kontsumitzaileek beharko duten energia kopurua kalkulatzen dugu, batez beste, eta txosten bat bidaltzen dugu Omiera». Omie sistema honen kudeaketa ekonomikoaz arduratzen den erakundea da.
Omieren lana izango da gero, hurrengo egunerako aurreikusita dagoen energia kopuru hori sortuko dela ziurtatzea. Hala, energia ekoizleei dagoen beharraren berri emango die, eta hauek beren eskaintzak luzatuko dizkio.
«Energia sortzen duten enpresa asko dago, baina guztiak enpresa handien jabetzakoak dira»
«Gobernuaren politika energetikoa berriztagarrien aurkakoa da»
Santi Ochoa de Eribe,
Goiener Kooperatiba
Energia ekoizleen artean aukera zabala dago, «badira energia nuklearra ekoizten dutenak, edo berriztagarria, edo erregai fosiletan oinarritutakoak», dio Ochoa de Eribek. Merkatu librea enkante moduko bat da, «eta ekoizle bakoitzak bere eskaintza egiten du —zenbat energia ekoitzi dezakeen eta zein preziotan zehaztuz— gainerako enpresek eskaintzen dutena zer den jakin gabe».
Omiek prezio baxuena eskaintzen duen hornitzaileei erosiz hasten da, beharrezko energia kopurura iritsi arte, ekoizle ezberdinengana joz gero. Sistema marjinalista da Espainian ezarrita dagoena, «eskaintza ixten duen ekoizleak ezarritako prezioa baita, —ondorioz garestiena— azkenean egun eta ordu jakin horretarako argiaren prezioa». Argindarraren prezioa orduro berritzen da.
Erregai fosilak garestien
Gurutzatutako eskaintza deitzen zaio finkatutako prezio horri. Dena den, merkatu librean ezarritako prezioa «gure fakturan ordainduko dugunaren %35a baino ez da». Gainerakoa zergei (%25) eta bidesariei —energia sortzen den lekutik kontsumitzaileengana bideratzeko garraioari aplikatzen zaiona— (%40) dagokie. Azken bi prezio horietan «ez dago inola eragiterik», Ochoa de Eribek azaldu duenez, «Espainiako Gobernuak ezartzen ditu». Argindarraren prezioa merkatzeko modu bakarra, merkatu librean eragitea da.
Ochoa de Eriberen esanetan, merkatuan merkeen saltzen diren energia motak «nuklearrak eta berriztagarriak dira». Lehenengoaren kasuan, «zentral nuklearrei hobeto ateratzen zaielako energia merke saltzea, ekoizpena gelditzea baino», eta bigarrenaren kasuan, «energia berriztagarrien lehengaiak ez dutelako kosterik, adibidez, haizea edo ura». Garestienak, aldiz, erregai fosiletan oinarritutakoak dira, «gas naturala, ikatza, fuel-olioa… erabiltzen dutenak».
Zergatik garestitu da, orduan, horrenbeste argindarraren prezioa azken aste hauetan? Ochoa de Eribek dio espero zela prezioak gora egitea, «baina ez horrenbeste». Gorakadaren arrazoiak bat baino gehiago dira. Batetik, eskaerak gora egin duelako nabarmen, hotz-boladaren eraginez. Gainera, Frantziak itxita ditu bere ekoizpen propiorako 20 zentral nuklear, eta Espainiari erosten dio energia «edozein preziotan». Udazkenean euri gutxi egin zuela ere gehitu behar zaio honi, eta haizerik apenas egin duela azken asteetan, «eta ondorioz energia berriztagarri gutxiago sortu da».
Enpresa handien jabetza
Baina «sistemaren jokoaren arauak garbiak» diren arren, baditu argi-ilunak ere. Ochoa de Eribek dioenez, «energia sortzen duten enpresa asko dago merkatuan, baina begira jarrita, guztiak bost enpresa handiren jabetzakoak dira». Sistemak energia ekoizteko ez du inolako betorik jartzen, baina diru-laguntzak ematerako orduan «enpresa handi horietara bideratzen ditu».
Hori horrela, zenbait argindar konpainia egoeraz baliatu eta prezioak berariaz garestitzen aritu ote diren susmoa zabaldu da. Alvaro Nadal Espainiako Gobernuko Energia Ministroak berak ere onartu du litekeena dela «baten bat egoeraz baliatuta, prezioak artifizialki igotzen aritzea». Ondorioz, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari argindarraren garestitzearen inguruko ikerketa eskatu dio. «Ez zen harritzekoa izango», dio Ochoa de Eribek, izan ere, «2015ean Iberdrolari 25 milioi euroko isuna ezarri zitzaion, 2013ko abenduan prezioak manipulatzea egotzita».
Espainiako Gobernuak indarrean duen politika energetikoaz galdetuta, Ochoa de Eribek garbi dauka, «berriztagarrien aurkako politika» dela esaterako orduan. Era berean, energia berriztagarrien ekoizpena bultzatuz gero, «argindarraren prezioa jaitsiko»litzatekeela uste du. Guztiarekin, badirudi, datozen hilabeteetarako aurreikuspenak pozgarriagoak direla, «urteko preziorik altuenak eman direla dirudi». Hemendik aurrera beheranzko bidea izango du, hortaz, argindarrak. Ikusi egin behar!