Nagore Belastegi eta Iraia Oiarzabal

Nagore Belastegi

1989ko urrian Legazpiko gazte talde batek garai bateko Guardia Zibilen koartel zaharra okupatu zuen. Jo Ta Akatu taldeak inauguratu zuen aurrerantzean gazteen bilgune eta babesleku izango zen Gaztetxea. Ondoren, 1997an, mataderora mugitu zen egoitza. Hala, aurten 20 urte beteko ditu kokaleku berrian. Batzuentzako egunero lagun artean garagardo bat hartzeko lekua zen. Beste batzuentzat taberna guztiak ixten zituztenean parrandarekin jarraitzeko aukera ematen zuen afterra zen. Aitortuko dut ni ez naizela oso gaztetxezalea izan nolabait lekuz kanpo sentitu izan naizelako, baina azken aldian, lantalde berriak hartu zuen norabidea dela eta, nireago sentitzen nuen. Zein paradoxa! Gazte izateari uzten ari natzaionean hartzen diot gustua. Neurri handi batean antolatzen dituzten ekitaldiei esker sentitu naiz kolektibo horren parte; inauteri herrikoiak, futbol zazpi txapelketa… horregatik sekulako pena eman zidan ateak ixten zituela entzun nuenean, eta errudun sentitzea ezin izan nuen ekidin. Non daude gazteak Gaztetxean ez bada? Ba uste dut orain beste plan batzuk dituztela, lokaletan elkartzen direla eta orduak ematen dituztela bertan 1990eko hamarkadako gazteek Gaztetxean egiten zutena egiten. Testu honek ematen didan aukeraren bitartez Gazte Asanbladako kideak txalotu egin nahi ditut egiten duten lanarengatik eta animatzen Belastegi-Oiarzabalditut aurrerantzean ere ekitaldiak prestatzera, egun horietan besterik ez bada ere Gaztetxearen espiritua bizirik mantendu dezaten.

Iraia Oiarzabal

Aitorpenarekin hasiko naiz ni ere, eta doa aurretik ez naizela ni ere gaztetxezaleena. Edo hobe esatera, ez naizela gaztetxearen inguruan sortzen den unibertso propio horretako kide sentitzen, diozun bezala beti ez delako erraza gertatzen norberak bere tokitxoa bilatzea, lekuz kanpo sentitu gabe. Izan ere, aitortu beharra dago beste askoren artean gaztetxeek badutela halako gaitasun bat bere baitan biltzen den jendearen artean mikro-mundu moduko bat eraikitzeko. Aisialdian elkartzeko toki bat baino askoz gehiago gordetzen duten lau horma dira, familia bat askorentzat. Eta kidetasun horrek lortzen du hain zuzen, askotan baliabide material gutxirekin baina borondate eta inurri lan askorekin, ekimen liluragarriak aurrera eramatea. Gure herrietan eta Euskal Herriko luze zabalean badugu horren erakusle anitz. Gaztetxe mugimendua gurean oso errotutako kultura da, fruitu ugari eman dituena: eztabaida eta parte hartzea bultzatzea, kultura sustatzea, elkarlanaren balioak indartzea… Guztia, gainera, bidean harri ugari topatu dituenean, jakin badakigulako instituzioek ez dituztela beti begi onez ikusi autogestioan oinarritutako proiektuak. Hainbeste urtetako lan emankorra ikusita, pena litzateke bidean gelditzea. Urtebetetzeak etorkizunera begira jartzeko baliatzea gustatzen zait, beraz, ea gure gaztetxeen urtemugek parte hartzearen kultura hauspotu eta guztiok gure sentitzen dugun espazioa eraikitzen jarraitzeko balio duen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>