Suhiltzailea da lanbidez Igor Alzelai legazpiarra (Telleriarte, 1978), baina su ondoan baino, nahiago du elur artean ibili, gustuko duen kirola egin dezakeelako, mendiko eskia. Pistatik kanpo praktikatzen den modalitatea da, igoerak, jaitsierak eta oinezko zatiak tartekatzen dituen ibilbideak dituena. Asteburu honetan Pirinioetako Luz Ardidenen (Frantzia) egingo den Altitoy Ternua proban parte hartzekoa da. Iaz lehen euskalduna izan zen Iñigo Lariz elgoibartarrarekin batera. Candanchun (Huesca) dabil asteotan entrenatzen.
Nolatan Candanchun?
Oporraldi bat daukat eta hori aprobetxatuz, negurako hartu dugun etxera etorri eta entrenatzen ari naiz. Etxetik bertatik eskiak jantzita ateratzen naiz, eta egunean bi-hiru orduko entrenamenduak egiten ditut.
Proba handia duzu asteburuan.
Bai. Altitoy Ternua. Andoni Areizagak eta bere taldeak sortu zuten duela 10 urte. Euskaldun askok parte hartzen du, Behobia moduko bat da, eta giro aparta izaten da. Bi urtean behin Grand Course deritzan Europa mailako sailkapenean sartzen da. Iaz hala egokitu zen eta maila goreneko kirolariak etorri ziren: Kilian Jornetek irabazi zuen Matheo Jacquemoud frantziarrarekin batera. Nik Iñigo Larizkin parte hartu nuen eta 18. postua egin genuen, lehen euskaldunak izan ginen. Aurten ere joango gara biok.
Euskal Herriko binakako txapelketa da aurten.
Hala da, bai, eta euskaldun asko izango gara bertan. Bi egunetan egiten da, bihar eta etzi, bi proba dira. Aurten Pic de Midi-ren gailurrera igoko gara seguruenik. 4.000 metrotik gertuko desnibel metatua du.
Badira proba motzagoak.
Banaka egiten direnak motzagoak izaten dira, Otsailaren 4an bat egin nuen, bertikal bat, Cerlerren (Huesca); Espainiako Txapelketa zen. 600 metroko desnibela zuen eta ordu erdiko lana izan zen. Proba oso exigentea zen, oso intentsoa. Binakakoak luzeagoak dira, 2-3 ordukoak.
Mendiko eskia ez da asko praktikatzen den kirola.
Alpinoa da ezagunagoa, baina geroz eta jende gehiago ikusten da mendikoan. Desberdinak dira, baina biek eskiak dituzte oinarri. Mendikoan botak arinagoak dira, eta zorua plastikozkoa izan ordez, larruzkoa edo gomazkoa dute, eta goiko aldea ez da zurruna, oinez ibili ahal izateko. Igotzeko, orpo aldea ez dago eskiari lotuta, eta jaisteko, dena lotzen da eta alpinoan bezala eskiatzen da. Eskiak 1,60 metrokoak dira, nahiko estuak, eta fijazioek aukera daukate igoeratan orpoak aske eramateko. Gainera foka larrua deitzen den funda jartzen diegu, igotzerakoan elurrari heltzeko. Makilak, alpinokoak baino zerbait altuagoak dira.
Lasterketetan material gehiago eramaten al duzue?
Motxila bat. Mendiko oinezko lasterketetan bezala proba aurretik azaltzen digute zer eraman daitekeen eta zer ez. Orokorrean, oinezko tarteak egiteko kranpoiak eramaten ditugu, beste larru pare bat, segurtasunerako arropa, pala, sonda, manta termikoa, xira… Ura, gelak, barritak… ere bai, bidean ez dagoelako anoa posturik, ezta gelditzeko denborarik ere. Konpetiziorako prestatuta dago guztia, pisu gutxirekin.
Zu noiz hasi ziren mendiko eskia egiten?
Eskiatzen 8 urterekin hasi intzen, eta 18rekin erosi nituen mendiko lehen eskiak. Lehiatzen… Altitoy-ra lagun artean joaten ginen lehen, ez orain bezala. Lasterketetan duela 7-8 bat urte hasi nintzen.
Eta emaitzak, nolakoak izan dira? Dominaren bat baino gehiago irabazi duzu.
Bai, baditut batzuk Euskadiko txapelketakoak, Pirinioetan lortutakoak. Alpeetan zailagoa da. Pierra Mentan, adibidez, maila oso altua da, eta italiar, frantziar eta suitzarrak oso ondo ibiltzen dira. Hemen katalanek dute maila altua. Kilianen eraginez, teknifikazio eskolak daude eta elurra ere bertan dute. Euskal Herri mailan, berriz, gazteak oso indartsu datoz eta maila geroz eta hobea dugu. Poztekoa da.
«Altitoy-an parte hartuko dut bihar eta etzi Larizekin; Euskadiko txapela dago jokoan»
«Euskal Herri mailan gazteak oso indartsu datoz eta maila geroz eta hobea dugu»
«Andorran estazioak hasi dira mendiko eskirako ibilbideak prestatzen, seguruak, elur jauziak izateko arriskurik gabekoak»
Pierra Menta proba kuttuna duzu. Ba al zoaz aurten?
Behin baino gehiagotan izan naiz;?guretazko mendiko eskiaren Tourra da. Alpeetan jokatzen den lau eguneko proba da, eta aurten martxoaren 8tik 11ra egingo da. Baina lanagatik eta mendiko gidari titulua eskuratzeko ikasketak direla eta, ez dut joateko asmorik. Hala ere, Euskal Selekzioko taldekideren batek huts egiten badu, agian bai. Ikusiko dugu.
Pirinioak, Alpeak… urruti dira lasterketak.
Europako Mendietan ere bai. Ni Pirinioetan ibiltzen naiz gehien, Candanchu inguruan eta Frantzian. Hurrengo astean Euskadiko txapelketa egingo da Isaban, banakakoa.
Bi proba horiek eta gero, noiz arte luzatuko da denboraldia?
Munduko Koparako puntuagarria den Baqueirako (Lleida) lasterketa izango da niretzat azkena, apirilaren hasieran. Hasi, berriz, azaroan hasten gara, Frantziako Tignesera joaten gara, Alpeetara, eta astebete egiten dugu. Lehen lasterketak abenduaren erditik aurrera izaten dira.
Beti elurretan ez zara ibiliko. Zein entrenamendu egiten duzu Legazpi aldean zaudenean?
Korrika egiten dut mendian, baita bizikletan ere. Eta espezifikoagoa, roller eskia egiten dut: patinen moduko eski txikiak dira, gurpildunak. Telleriarte eta Brinkola arteko bidean ibiltzen naiz batzuetan, lauan. Kontua da roller eskiekin ezin dela jaitsi, lauan edo aldapan gora ibiltzeko dira bakarrik.
Mendiko eskia kirol minoritarioa dela esaten dute.
Mendiko eskiak badu faktore bat atzera botatzen duena: mendi altuetan elur jauziak egoteko arriskua dago. Baina geroz eta jende gehiago ikusten da alpinoa praktikatzeko pisten inguruetan mendiko eskia egiten. Andorran, hain zuzen, estazioak hasi dira mendiko eskirako ibilbideak prestatzen, seguruak, elur jauziak izateko arriskurik gabekoak. Nik uste dut geroz eta jende gehiagok praktikatzen duela, eta nik jendea animatuko nuke probatzera. Baita lasterketetan parte hartzera ere, Altitoy-an bertan, B lasterketa dago, motzagoa, Disfrutatzeko esango nieke.
Euskaldunon artean eskirako afizio handia dago.
Bai. Hemen bertan, Candanchun, euskaldun ugari dago, nere klubetik hasita, Candanchu Ski Alp. Luz aldera ere euskaldun asko joaten da, han eskiatzea merkeagoa delako, Baina hara joateko ordu bete gehiagoko bidaia da, eta horrek garestitu egiten du guztia eta Candanchuren parean jartzen du. Candanchura bi ordu eta erdian iristen zara, eta bidesari bakarra ordaindu behar da, Luzera joateko gehiago daude, baina pistak merkeagoak dira. Kontuak atera behar dira.