Behien urre zuria

Ainitze Sala Iztueta Azpikoa baserrian.

Ainitze Sala Iztueta Azpikoa baserrian.

Esnea merkatuak gutxietsitako produktua izan da azken urteetan. Oinarrizko produktua izanagatik, kalitateari baino, prezioari begiratzen zaio gehiago erosterakoan. Ekoizleak kexu dira, baina ilusioz begiratzen diote etorkizunari.

Esnearen sektorea ez da unerik eztiena bizitzen ari azken aldian. Apirilaren 1ean bi urte beteko dira Europako Batzordeak estatukide bakoitzari urtean gehienez ekoizteko esne kuotak kendu zizkiela. Produkzioa igo eta prezioak merkatzea izan dira ondorio zuzenenak. Hori gutxi balitz, Valle de Odieta Nafarroako kooperatibak Sorian  ireki nahi duen eta 20.000 esne behi izango dituen ustiategi erraldoiaren proiektua dago Euskal Herriko esne ekoizle txikien kezken artean.

Esneak prentsa txarra izan du azken urteetan. ENBA sindikatuko Xabier Iraolak esan duenez, «kontsumitzaileentzako oinarrizko produktua da esnea, baina erosterako orduan, prezioa izaten dute irizpide nagusi, kalitateaz ahaztuta». Iritzi berekoa da EHNEko Garikoitz Nazabal ere. Esne ekoizleei «ekoizpen prozesu guztian zehar eta azken produktuan exijentzia handiak eskatzen zaizkie administrazioaren aldetik, baina saltzerako orduan kalitatea lurretik botatzen da. Horrek tentsio handia sortzen du ekoizpen kate guztian zehar», gehitu du.

«Lana gogorra da, baina gurasoek beti irakatsi didate baserritik bizitzea polita dela» Ainitze Sala, Iztueta elkarteko bazkidea

Zentzu honetan, erantzukizun handia dute saltoki handiek. «Esnea beti erabili izan da erosleak erakartzeko erreklamo gisa. Prezioa jaisten dute, eta nahiz eta badakiten esnearekin dirua galduko dutela, jakin badakite saltokira gerturatzen diren horiek beste produktu batzuk erosiko dituztela eta horiekin galdutakoa irabaziko dutela», dio Iraolak.

Gipuzkoako esne ekoizle gehienek Kaiku edo Iparlat bezalako bitartekari handiei saltzen diete esnea, eta gero, haiek bideratzen dute saltoki handietara. Nazabalen iritziz, «gaur egun salmenta zuzenarekin bizirautea oso zaila» da inguruko ekoizleentzat. Ez da iritzi berekoa, Iztueta baserriko (Lazkaomendi) Ainitze Sala.

«Soriako proiektuak bertako familia-ustiategi txikien amaiera suposatuko du» Xabier Iraola, ENBA sindikatua

Familia enpresa da beraiena, eta berea esne ekoizpenetik bizi den laugarren belaunaldia da. Garbi dauka salmenta zuzena dela bidea: «Zuk erabakitzen duzu produktuaren prezioa, zuk erabaki dezakezu nori saldu. Lana bikoiztu egiten da, egia da, baina baserritarrok beldurra alde batera utzi beharra daukagu, positiboan pentsatzen hasi eta arriskatu».

«Soriako plantak ez ditu bezero berriak sortuko, daudenak lekuz aldatu baizik» Garikoitz Nazabal , ENHE sindikatua

Soriako makroproiektuari buruz galdetuta, Iraolak garbi dauka: «Euskal Herriko eta Kantauri ibarreko familia-ustiategien amaiera suposatuko du». Gure eredua «famili enpresa txikiena da, ekoizpen maila txikiagoetan oinarritutakoa, eta lurralde guztian zehar banatuta dagoena», dio. Nazabalen iritziz ere «astakeria» bat da. Horrelako eredu batek ez dituela bezero berriak sortzen uste du, daudenak lekuz aldatu baizik. Ondorioz, lanpostu ugari galduko lirateke bere iritziz, eta Gipuzkoan egun ezagutzen dugun ereduaren amaiera ekarriko luke.

Epe luzerako proiekzioa

Multinazional handiak daude, Salaren iritziz, Soriako proiektuaren atzean. Ekonomian oinarritutako ekoizpena izango dela dio, «kalitatea erabat ahaztuta». Gainera, produkzioaren jasangarritasuna non geldituko den galdetzen dio bere buruari: «Gastu energetiko handia suposatuko du, animaliak zein egoeratan egongo diren pentsatu behar da, ez dira inoiz larrera aterako, sortuko dituzten hondakin guztiak bideratzeko gai izango dira?». Airean gelditzen diren galderak.

Esnearen sektoreari etorkizun duin bat emateko lanean jarraitu beharra dagoela esaterakoan bat datoz guztiak. Merkatuan prezio duinak ezartzearen aldekoak dira batzuk, salmenta zuzenari heldu eta  beren merkatuan bide berriak arakatzen hastearen aldekoak besteak. Ekoizleen ardura bada, baina gizarte osoarena ere bai, asko baitago galtzeko.

Iztueta elkartea: lau belaunaldi esne ekoizpenetik bizitzen

Iztueta baserrian lau belaunaldi daramate esnea ekoizten. Orain jogurt eta izozkiekin hasi dira probatzen. Zerumuga iluna begitantzen zaio sektoreari, baina Sala baikorra da, «oraindik ideia asko dauzkagu buruan eta ilusioz ari gara lanean», dio. Arbasoengandik ikasitakoa du eredu, eta bizimodu honi jarraipena ematea du amets: «Baserriko lana gogorra da, baina gurasoek beti irakatsi didate baserritik bizitzea polita dela».

Eguneko 900 bat litro esne ekoizten dituzte, eta 35 eta 40 behi artean izaten dute, «hektareako bat, hala larrean jaten duten guztia etxekoa dela ziurtatzen dugu». Goi-mailako kalitatezko produktuen aldeko apustua da beraiena, baina baita baserriko lana bistaratzekoa ere. Horregatik hitzaldiak eta bisita gidatuak ere antolatzen dituzte kanpoan eta baserrian bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>