Natura da subjektua

Udazkenean egindako pistaren zati bat. 2002ko egitamuak Goroskintxutik gora pista segitzea ez zuen onurarako baloratu.

Udazkenean egindako pistaren zati bat. 2002ko egitamuak Goroskintxutik gora pista segitzea ez zuen onurarako baloratu.

Abeltzainek pistak behar dituztela defenditzen duten kemen berberarekin, argi diote talde ekologistek, mendizale elkarteek eta Aranzadi zientzia elkarteak berak: parke naturalean ezin da gizakiak nahi edo behar duena egin. Subjektua mendia da, eta neurriak hango natura eta ekologia kontserbatzeko hartu behar dira. Bitartean gizakiak jardun badezake, ondo. Baina jarduera horrek mendia «kaltetzen» badu, garbi daukate lehentasuna: mendia, mendi da.

Pistak eraikitzeko proiektuari heldu zioten lehenik, baina Enirio-Aralarren «kudeaketa?osoa» hartu dute orain talde kontserbazionistek zeregin. Baina kezkatuta hitz egin dute pisten gainean: pista proiektua egiten bada, paisaian, natur ingurunean, eremu karstikoan eta lur azpiko uretan «inpaktuak ikaragarriak» izango dira, eta goiko larreetan kutsadura igoko da. «Dagoeneko horietako batzuk antzematen dira Goroskintxura egindako pistan», dio Landarlan ingurumen elkarteak.

Aranzadik ere aho bizarrik gabe jo du proiektuaren aurka. 2002an ere baztertu egin zuen pista proiektua, «autoentzako bide sarea Aralarko bihotzean inpaktu latza izango delako naturarentzat eta mendiarentzat». Hurrengo belaunaldiei parke naturala egoera horretan ezin zaiela utzi ohartarazi du. «Arduratsu jokatu behar dugu une honetan, berriz ere», esan du berriki Juantxo Agirre idazkari nagusiak.
Landarlanek gogorarazi du 2003an ez zela pista planik baztertu: «Goroskintxurako pista egitea onartu zen, eta beste guztiak baztertu ziren ‘gainontzeko erabilerekiko sortuko lituzkeen kalteak mesedeak baino handiagoak liratekeelako’», ebazpenaren arabera.

Alternatibak eta izaera

Lehen sektorearen lana begi onez ikusten dutela esan dute, behin eta berriz, talde kontserbazionistek. Baina, hein berean, gogoratu dute mendian ezin direla «kalean bezalako» baldintzak eskatu. «Mendira doanak ondorio batzuk asumitu behar ditu, kalean ez dauden onurak bere egiten dituen bezala. Ez dituela izango kaltean dauden zerbitzuak, adibidez».

Ganaduzaleek talde horiei leporatu diete alternatibarik ez dutela eskaini, urteotan. Landarlani inork ez diola eskatu esanez defenditu da taldea. Gainera, halakorik aurkezteko mahairik ez da eratu, eta Aralar Natur Parkearen patronatua iaz ez zela elkartu ere egin deitoratu du ingurumen elkarteak. Administrazioak —Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mankomunitateak—, ez du argitu zergatik ez duen bilkurarik egin.

Bestetik, duela 15 urte bezala, Enirio-Aralarko txabola batzuen kokapena aztertu beharko litzatekeela diote, guztietara pista zabaltzea baino hobea delakoan tokiz aldatzea: «Egitamuak berak jasotzen ditu alternatibak: txabola guztiek ez dute zertan egonik orain dauden lekuetan, eta kokapen alternatiboak lantzen ditu, pista berrien beharrik gabe. Gainera, zein artzain-txabola dago Saltarrin, haraino pista eraikitzea onartzeko? Abereentzako itxitura besterik ez dago eta».

Txabolak gaur egun irispidea duten lekuetan biltzea, beldar-katezko eskorgak, airetiko garraioa, bizikleta elektrikoa edo motorra, larrialdietarako Ertzaintzaren helikopteroa… lirateke, talde kontserbazionisten aburuz, pisten ordezkagarriak.
Aurrena, zehaztu beharrekoa, larreen eta txabolen berrantolaketa da, taldeen iritziz. «Borda batzuk hutsik daude, artzain kopurua definitu eta horren arabera antolatu…».

Aralar «rantxo» bihurtu

Mankomunitateak hartu duen norabidearekin oso kezkatuta agertu dira talde ekologistak. Hartzen ari diren erabakiak artzainen eta ganaduzaleen alde «soilik» direla deitoratu dute. Larreen ordenantza proposamen berriak ganadu kopurua mugatzea ez duela aurreikusten esan dute. Aldundiak ere parke naturala «osotasunean» ez duela hartzen diote, «soilik abeltzaintzari begira». Rantxo bihurtzeko nahia dakusate.

«Mendia beraiena eta beraientzat bakarrik bailitzan daramate, interes partikularrak interes publikoaren gainetik jarriz. Ez dakigu zein hobetsi: rantxo edo kortijo. Parke naturala denona da, eta denon artean mantentzen dugu. Profesionalak 50 artzain eta ganaduzale inguru dira. Besteek bigarren mailako egitekoa dute; hauentzat diru laguntza guztiak, nahi dutena egiteko denon parke naturalean? Nor igotzen da Aralarko larreetara? Nahi duenean eta nahi duen lekuraino kotxean joan beharra dauka?».

Aldundiaren jarrera «penagarria» dela diote, «denon interesa babestu eta zabaldu beharko lukeenean, jokaera zitala du. Eta Mankomunitatea atzetik, morroi edo eskale papera eginez. Ingurumena eta ondare naturala zaintzeari uko egin, eta sektore jakin baten txalo bila aritzeko, alferrik dira parke naturala edo Natura 2000 babesleku izendapenak».

Pistak eraikitzeak Enirio-Aralarren ekarriko lituzkeen hainbat ondorio

Pisten eraikuntzak kalte «berreskuraezina» eta inpaktu bortitza eragin ditu Aralarren, Aranzadi zientzia elkarteak argitu duenez. Harengandik jasoak dira jarraiko arrazoiak. Paisajistikoki, milioika urtetan ukitu gabeak izan diren formazio karstikoak puskatzen dira, hondeamakinekin. Ibilgailuen sarrera parke naturalaren erdi-erdiraino bideratzeak, kutsadura eragiten du. Aralar karehaitza da, eta lur azpiko errealitatea lur azalekoa baino gehiago da. Geologiaren arrisku mapan aurreikusten da zonalde gorrietan ez direla pistak egin behar. Akuiferoei ere erasango lieke.

Animalia espezieetan ere inpaktua eragiten dute pistek. Hegaztiak eta beste animaliak aztoratzen ditu trafikoak, eta beste ingurumen egoera bat sortzen du. Higadura sortzen den kaltea dago, bestetik. Lur zoruaren higadura azkartu egiten da ibilgailuak sartuta. JRC Ikerketa Zentro Bateratuko ikertzaile Arwin Jones-en arabera, lurzoruak baditu elikagaiak ematetik harago beste funtzio batzuk: ura garbitzen du, uholdeen ondorioak arintzen ditu, klima aldaketari aurre egiten dio (atmosferako karbonoa xurgatzen duelako), eta kutsaduraren eraginen babesa da.

Kronologia. Enirio-Aralarren historia

XX. hasiera. Mankomunitatea banatzeko azken ahalegina egin zen, baso aprobetxamenduagatik.
1901. Aralarko mendiak onura publikoko mendi eta basoen katagoloan sartu zituzten, desamortizaziotik salbuetsi modura.
1902. Amezketako herriak hango jaunaren 11 saroiak erosi zituen.
1902. Diputazioak Basozaintza Zerbitzua sortu zuen.
1908. Eskiak erabili ziren lehen berria Lekunberrin, Aralar oinean.
1909. Mendi-basoen egoeratamalgarria konpontzeko batzordea sortu zuten.
1911. Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorra sortu zuten, urtean zehar gobernatzeko sistema.
1911 urria. Basoa aprobetxatu eta berreskuratzeko politikak bultzatzeko araudia, Diputazioak.
1914. Mendiak igotzeko lehen lehiaketa antolatu zuen Club Deportivo Bilbaok, Antxon Bandres tolosarraren eskutik.
1914. Mendien aprobetxamenduak sortutako liskar gogorrak bukatzeko eskatu zuen Ordiziako alkate Ladislao Zabalak.
1914. Tolosako Ski Klubak Aralarren antolatutako jauzi lehiaketak ezin izan ziren egin, elur faltaz.
1915-9-13. Beasainek batzar nagusian eskatu zuen 1821eko kontratua desegiteko, bi batasunak (Villafrancakoa eta Amezketakoa) desegin eta mendiak banatzeko.
1915-10-15. Bi batasunak desegiteko zorian izan ziren. Ezohiko batzarrean, Beasainen proposa- mena onartuta (9 alde, 5 aurka). Batzorde Iraunkorrari agindu zioten hasteko prozesua, baina bertan behera geratu zen gero, ondorio larriengatik eta diru kostu handiagatik. Liskar giro handia, diputazioa herrien eskumenetan sartzen ari zela ulertu zutelako, baso berreskuratze politikagatik.
1917. Trenbidea eraiki zuten Lizarrustitik Aralar barrura, pago zura ustiatzeko (Elkorriko Quifosan).
1918. Espeleologia eta zientzia espedizioak (entomologoak, zoologoak…) hasi zituzten Arala- rren barrunbeetara. Haitzuloetako ornogabeak deskribatu, eta 14 espezie endemiko aurkitu ziren.
1918-1925. Arritzagako meatzea Mutiloako meategiko Exminesa enpresak ustiatu zuen.
1919. Diputazioak birlandaketak, basoa berreskuratu nahian. Emaitza onik ez zuten eman.
1919. Indusketa arkeologikoak Uelagoeneko trikuharrian.
1920. Diputazioaren Basozaintza Zerbitzuaren behin betiko plana basoa berreskuratzeko: ‘Aralarko mendiak baso-berritzeko plana’. 1922an onartu zuen batzarrak.
1920. Txindokiren bi isurialdeetan errekak hodi bidez kanalizatzeko proposatu zuen enpresari batek. Artzainen kexuengatik, atzera.
1920-1921. 100.000 pago zurtoin landatu ziren.
1921. Enirioko guardetxea eraiki.
1924. Euskal Herriko Mendi Fede-razioa sortu, Elgetan. Han ziren Aralar inguruko Tolosa FT eta Beasain KE.
1925. Baratzeak baimendu ziren, itxituran eta gehienez 2 areakoa.
1925-6-7. 14 Orduen lehen martxa egin zen. Araututako lehena, 1943an.
1927. Elurretako lehen zeharkaldi ofiziala: Amezketatik Uhartera.
1927. Igaratzako mendizale ater- pearen ideia gorpuztu zen. 1928ko ekainean hasi eraikitzen, eta irailaren 9an inauguratu zen.
1929. Pago zuria ateratzeko Lizarrustitik Akaitz Txikirako bidea egitea baztertu zen, kostuagatik.
1931-1932. Fuerzas Electricas de Navarrak Allo-Tolosa goi tentsio linea jarri zuen, Lizarrusti-Iraio- Oidui-Esnaurreta-Errekontan. Kexu ugari, kalteengatik.
1933. Fortuna klubak eski jaitsera lehiaketa egin zuen, Ganbon.
1934-7-29. Rapel eskalada jaitsiera lehen aldiz EHn Saltarriko tontorrean egin zuten.
1935. Eski balentria: Zaldibiatik Madotzera (40km) zeharkaldia, eskiekin lehenengo aldiz.
1936 apirila. Fortunak Alotzan mendi aterpea eraikitzeko baimena eskatu zuen. Gerrak eten, eta 1941ean berriro eskatu zuten.
(Hurrengo Goiberri-n jarraituko du)

Iruzkinak (1)

  1. Emilio(e)k dio:

    Abeltzain guztiek ez dituzte pistak defendatzen. Ganaduzale geiengoak, 120tik 70ek, afizio edo hobby bezala dauzkate behor eta beiak, Indar, Caf eta abarren lan egiten dute, ez dute “lan” honen premiarik, eta eskerrak, gastu guziak kontun izanda “fabrikan” irabazitako diruarekin pagatzen dituzte zor geienak, ekonomi neoliberal honetan handiak txikia jaten du eta hauek ez dira “rentable”.
    Bestalde, itxu batek ere ikusten ditu gero eta harri geiago lur azalean, eta hau da arazo potoloena, txarra denontzat, abere kopuru gehiegizkoa dagoela oso nabaria da, zuhaitz falta ere bai lurra sortu eta finkatzeko. Abereek lurra arrotu eta euriak eraman inongo oztoporik (zuhaitz, sastraka, sasi,..) gabe. Biharko ardi eta ganaduak harria jango dute eta … gaurko artzai epe motzeko etekinak biltzeko miloika euro subentziotan ?? Artzai ez baino subentzio eskale epe motz, ertain eta luzera….beste 20.000 ardi edo ganadu ditun hiperikulua Sorian edo Errioxan jarri arte… eta orduan berriro pataleo eta, subentzio gehiago??

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>