Inazio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inazio Usarralde

Korrika hasi bezala bukatu zaigula esanez gero ez haiz harrituko, Joxepa. Ez ditun hasierako kontuak, horratio, eta pozten naun! Orain jende gehienak bat egiten din Euskal Herri osoa zeharkatzen duen euskaren aldeko lasterketa zoro bezain eder honekin. Utzi dizkigun bi irudi bikain azaltzen saiatuko naun, hitzez, berebiziko zirrara eragin didatelako.

Lehena, Murrillo de las Limas nafar herrian bi korrikalari ageri ditun, gauaren ilunean, furgonetaren argiari jarraiki. Begiratu egin behar izan dinat herri hau Tutera gainean dagoela jakiteko. Zein irudi ederra eta zein burutazio tinkoa: han eusten badiote euskararen berreskurapenaren grinari zeri begira gauden gu, eremu gozoagoan?

Bigarrena, hau ere Nafarroan, Mendigorria-Artaxona bidean, 90 urteko emakume segaila. Hori dun kemena, hori, emakumeak aurpegian distiratzen duena! Hortaz, euskararena, beste gauzen artean, hizkuntza komunitatea izatea dun kontua eta hor inor ez zegon sobera, denok gaitun beharrezko. Beste hamaika irudi ere utziko zizkinan, jendetsuak asko. Eta orain zer egingo dinagu korrikaren harrabotsa apaldu denean? Lehengora berriz ere, hurrengo arte?

Errematerako Anjel Lertxundiren esaldi dotorea ikasi nahi duenarentzat (Berria, 2017-03-30): «Gure askatasunak askatzen du hizkuntza, baina gure errutinak herdoiltzen, gure baldarkeriak baldartzen: Usarralde-Madariagahiztunok hizkuntzaren lorezainak izan gaitezke baina baita kartzelariak ere».

Joxepa Madariaga

Aupa, Inaxio!, aupa, Korrika! Presak alboratuko bagenitu eguneroko bizitzatik, pixka bat bederen eta euskararen aldeko Korrikari heldu, airoso! Ez huke txarra izango.

Irudi politak eta zirraragarriak, alaiak eta hunkigarriak ikusi, sentitu eta bizi izan dizkiagu egun hauetan. Hik aipatzen dituan bi horiez gain, iparraldea eta hegoaldea lotu dituztenak, herri txiki eta hiri handietakoak, bularreko haur, gazte eta adin handikoak, denak bat euskaraz. Bat eta batzuk baino gehiago, jende asko erakarri gaitik Korrikak bere altzora, lanera, korrika egitera, festara, euskara ikastera, euskara erabiltzera, euskararen unibertsora.

Edizio honetako kanta ere, zoragarria. Esanahi handikoa, egia; goizero, jaikitzean, esaten duena entzun, horretan pentsatu eta lanean jarraitzeko gogoa ematen dik: «Hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak… bidera atera gara, mundura atera gara, herriz herri igaroko gara! Bat, izan bat, egin bat, bat zuk eta bat nik, bat, denok bat, bat eta batzuk gara, hona-hara, euskara bat, mundu bat».

Eta orain zer?, diok. Geure burua askotan zigortzen dugunez, euforiaren aparretan goza dezagun pixka batean, behintzat, ala? Merezi diagu hainbeste! Nafarroan garai polita bizi diagu, euskararen normalizaziorako bidean: herriaren borondateak bultzatuta, parlamentuan, herritarrak eta legea, biak parez pare. Nafarroa osoan ofizialtasuna lortu bitartean, eremu mistora pasatzeko aukera. Eremu euskaldunera pasatzeko ataria izan dadila, beste era batera esanda, Nafarroa guztia euskalduna izan dadila.
Hi eta ni ere euskaldun nafarrak/nafar euskaldunak gaituk eta gora gu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>