Urretxu-Zumarraga ikastola beti bezain gazte

UZ-ikastola-1

Arantxa Urrate eta bere ikasleak 1960ko hamarkadan.

Urretxu-Zumarraga ikastolak 50 urte bete ditu, baina beti bezain gazte jarraitzen du. 1967an herriko guraso talde batek, pasiotarren laguntzarekin, egitasmo berritzaile bat jarri zuen abian:?euskara eta hezkuntza eredu modernoa zituen ardatz. Ordutik, ikastolak beti eutsi dio bere izpirituari: beti gazte, beti berritzaile. Hala, egun hamaika erronka ditu eskuartean: konfiantzaren pedagogia hezkuntza ereduaren ezarpena, eraikinaren zaharberritzea, bullying-aren aurkako KiVa programa, Kilometroak 2018 festaren antolaketa, 50. urteurreneko ekitaldiak…

Urteurrenari dagokionez, dagoeneko makina bat ekitaldi egin dituzte:?Urretxuko jaietako pregoia irakurri zuten, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin Irri Banda ikuskizuna egin zuten, maiatzean mendi irteera egin dute…

Hurrengo ekitaldiak irailean izango dira: urteurrenaren amaiera Kilometroak festaren antolaketaren hasierarekin lotu behar dute. Lekukoa Oñatin hartuko dute, irailaren 24an. Ondoren urteurreneko liburua aurkeztuko dute eta argazki zaharren erakusketa egingo dute. Liburuaren ardatza ikastolaren historia markatu duten egitasmoak dira: pedagogia, hezkuntza materiala, udalekuak, mendi irteerak…

Azken ospakizuna, nagusia, Oñatiko Kilometroak festaren ondorengo asteburuan egingo dute: lekukoa aurkeztuko dute eta ikasle ohien bazkaria egingo dute. Helburua, urteurrenari amaiera ematea eta Kilometroak festaren antolaketa lanari hasiera ematea da.

Izan ere, bazkariaren ondoren, Kilometroak festa antolatzeari ekingo diote. «Lehen lana koordinatzaileak izendatzea izaten da. Bata elkarteak izendatzen du eta bestea ikastolak. Deialdia egin genuen eta hamabost bat curriculum jaso genituen. Ondoren, talde bat eratu genuen arduraduna izendatzeko. Urretxu-Zumarraga ikastolak izendatutako koordinatzailea Aitor Gabirondo de la Hera da. Gure ikasle ohia da eta ikastolan ordezkapenak egin izan ditu. Ikastolen elkartearen koordinatzailea, berriz, azken urteotan bezala, Mikel Egibar izango da», aurreratu du Montse Alkorta ikastolako zuzendariak.

UZ-ikastola-2

1980ko hamarkadako mendi irteera bat.

Koordinatzailea hautatu ondoren, komunikazio ildoa zehazten ari dira. «Oñatik aisialdia hautatu du, Usurbilek aniztasuna erabili zuen… Guk gurea definitu behar dugu. Ekainean logoa eta leloa aukeratuko ditugu eta urri amaieran aurkezpen ofiziala egingo dugu. Komunikazio ildoa, logoa, leloa eta ibilbidea orduan aurkeztuko ditugu».

Gurasoak ilusio handia dutela gehitu du. «Guraso asko ikasleak ziren 2002an Kilometroak antolatu genuenean eta oso oroitzapen polita dute. Orain, ordea, urte guztian lan egitea tokatuko zaie».

Zaharberritzea

Aurten, urteurrena ospatu eta Kilometroak festa antolatzen hasteaz gain, eraikina zaharberritzeko obra hasi dute. «Aurreko arauetan fraideek katekesia emateko erabiltzen zuten eraikina botatzea aurreikusten zen eta orain, berriz, eraikin hori guri utziko digute. Obra apirilaren 24an hasi genuen», azaldu du Alkortak.

Lehen fasean udalak utziko dien eraikina eta idazkaritzaren solairua berrituko dituzte. «Plangintza jarraituz, lanak udalak utzi digun eraikinean hasi ditugu. Ikasleek oporrak hartzen dituztenean, idazkaritzaren solairuan hasiko gara. Lehen faseko lanak irailerako amaituko dira».

UZ-ikastola-3

Euskararen Eguna ikastolan.

Udalak utzitako eraikinean haurreskola, idazkaritza, areto nagusia… kokatuko dituzte. Egun idazkaritza dagoen solairuan, berriz, Haur Hezkuntzako haurrak egongo dira. Lehenengo faseko lanak Altuna eta Uria enpresak egingo ditu.

Lehen faseko obrak egiteko dirua Matxinportako lursailaren zati baten salmentatik lortu dute. Bigarren faserako dirua Matxinportan babes ofizialeko etxeak egiten hasten direnean lortuko dute. Hirugarren fasea hirugarren etxebizitza blokea egiten hasten direnean hasiko dute.
Bigarren fasean ikastolaren eraikinari gehitu zitzaizkionak bota egingo dituzte:?soinketa gela, pilotalekuak… Ondoren, sarrera orokorra soinketa gela dagoen tokira eramango dute, portxe batekin, eta gimnasio berri bat egingo dute parke txikian. Futbol zelaia konpontzeko asmoa ere badute. Hirugarren fasean, eraikinaren barrualdea berrantolatuko dute.

Zaharberritzea ikastolaren hezkuntza eredu berria kontuan hartuta egingo da:?konfiantzaren pedagogia du izena. Eredu hau ezarri ahal izateko, gela klasikoak desagertu egingo dira. Espazioek irekitzeko eta ixteko aukera emango dute, talde ezberdinek besteekin lan egiteko aukera eduki dezaten. Bestalde, ikasgelak pasillotik ikusiko dira. «Ikasleei, bere ahalmena garatzeko, erronkak planteatuko dizkieten instalazioak egongo dira. Mugitzea, pentsatzea… sustatuko dute», amaitu du Alkortak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>