«Txikitatik amestu izan dudan zerbait da txapeldun horiekin batera kantatzea»

Maddi_AiestaranMaiatzaren 30a egun ahaztezin horietako bat izango da Maddi Aiestaranentzat (Beasain, 2001): bertsotan ariko da eguerdian eta iluntzean, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Aitor Sarriegiren ondoan.

Zer sentitzen da seguru asko zure idoloak direnekin kantatzean?
Izugarria da. Txiki-txikitatik amestu izan dudan zerbait izan da txapeldun horiekin batera kantatzea, eta nahiz eta beldur apur hori baztertu ezingo dudan, ohore bat izango da niretzat oholtza puntako hiru bertsolarirekin partekatzea. Inoiz ahaztuko ez dudan eguna izango da, ziur nago.

Oholtza handi batean eta herritarren aurrean ariko zara. Lehenengo aldia izango da?
Bai, Eskolarteko txapelketetan izan dira jendaurrean kantatutako saio bakarrak. Herrian abesteak, egia esan, beldur apur hori areagotu egiten dit, entzulegoan aurpegi ezagunak izateak urduritu egiten bainau. Hala ere, horretaz ahaztu eta nire onena ematera joango naiz ni; guztiak behar du-eta bere hasiera. Seguru nago ederki aterako dela.

Kuadrilla egunaz gozatuko duzu ala urduri egongo zara?
Urduri egongo naiz, horretaz ziur nago. Proposatu zidaten unetik imajinatze hutsak urduritzen nau. Bezperan, ez dut pentsatu nahi. Hala ere, egun polita izaten da kuadrillena, eta ahalik eta gehien disfrutatzen ahaleginduko naiz.

Zein duzu Beasaingo festetako ekitaldirik gogokoena?
Mariren jaitsiera izan ohi da niretzat festetan egiten den ekitaldirik ederrenetakoa. Bi asteko jaiei hasiera emateko modu bikaina izan ohi da, eta herritarrontzat urteko gaurik magikoena hori izaten dela esango nuke.

Festetako beste ekitaldiren batean parte hartzeko ohiturarik ba al duzu?
Mariren jaitsieran bertan dantzan, kuadrillen jaitsieran eta mozorro egunean ere parte hartzen dugu. Aurten bertsotan aritzeak aparteko garrantzia izango du, ordea. Ez da noiznahi halako aukerarik izaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>