Makala, sua eta dantza

Herritar talde batek plazan makala jartzeko ohitura berreskuratu du. Eskuz eta garai bateko eran egiten dute.

Herritar talde batek plazan makala jartzeko ohitura berreskuratu du. Eskuz eta garai bateko eran egiten dute. // Argazkia: Olaberriko Udala

San Joan bezpera badator, eta suaren bueltan dantzan hasiko dituzte festak Olaberrian. Makala jasotzeko taldea indartu nahian ari dira urteotan.

Udako solstizioarekin batera hasten dira Olaberriko San Joan jaiak, makalaren eta suaren bueltan. Garai bateko tradizioari eusteko ahalegina egiten ari dira Olaberrian, eta makala altxatzeko eta suaren jiran dantza egiteko talde bana sortu dituzte. Gaur zortzi piztuko dituzte sua eta festa bi taldeek.

Olaberrian aspaldiko ohitura da San Joan bezperan tantaia edo makala altxatzekoa. Lehen traktorearekin eta mekanikoki altxatzen zuten, baina 2011n izandako ezbehar bat dela medio, talde hark utzi egin zuen, eta hurrengo bi urteetan, festetan ez zuten makala jaso.

Ekitaldi hura galtzen uztea pena zela iritzita, Olaberriketan euskara elkartekoak berriz makala jasotzen hasi ziren. Jon Zubiarrain elkarte horretako kide da, eta «ohitura berreskuratu nahian» hasi zirela dio. Lehengo eran egin nahi zuten, eskuz, traktorerik eta kablerik erabili gabe. 2013an osatu zuten taldea, baina lehen urtean, esperientzia falta nabaritu zuten: «Nahiko modu prekarioan aritu ginen, eta komeriak izan genituen makala zutitzeko». Iturmendin (Nafarroa) ere ohitura bera zutela jakin zuten, eta haiekin jarri ziren harremanetan. «Erreminta bereziak zituzten eta tresnak eskatu genizkien». Pare bat urtez haiek utzitakoekin moldatu ziren, baina iaz, udalak, tantaia altxatzeko erremintak lortu zituen.

Azken urteetan talde beretsua aritu izan da makala altxatzen. 20-25 lagun inguru dira, baina taldea «nahi duen guztiarentzat irekita» dagoela gogorarazi du Zubiarrainek.

Dantza taldea

San Joan bezperarekin hasten dira festak Olaberrian. Sua piztearekin batera, ordea, haren bueltan dantzan egiteko ohitura dute olaberritarrek. Hasieran Lazkaoko dantzariak ekartzen bazituzten ere, orain, bertako dantzariekin eusten diote ohiturari.

Ainara Urteaga kultur teknikariak azaldu duenez, 37 lagun ariko dira aurten; «adin guztietako jendea» dago, baina batez ere «haurrak eta gazteak» aritzen dira.  Aurtzaka taldekoek emandako ikastaroa jaso dute dantzariek, eta gaur zortzi, San Joan dantza eta Sorgin dantza egingo dituzte, besteak beste. Txalapartariek eta herriko Zeba abesbatzak ere parte hartuko dute ekitaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>