Biki zezenzaleak

Ander_eta_Jokin_Rodriguez-2

Ander eta Jokin Rodriguez zumarragarren aitak entzierroetan parte hartzen zuen, eta beraiek amarekin eta anaia nagusiarekin zezen-plazara joaten ziren aita nola iristen zen ikustera. Hala, zezenekin eta behiekin egiten diren ekitaldietara zaletu ziren. Errekortadoreak izan dira (uztaien ezpezialitatean) eta duela gutxi erretiroa hartu dute. Zezen eta behiekin lanean jarraituko dute, ordea. Markes de Saka ganadutegikoekin ikuskizunak antolatzen dituzte, eta Zumarragan festetan zezenek izan duten arrakastaren arduradunak dira.

Errekortadore moduan Euskal Herria osoan zehar ibili dira eta hainbat txapelketa irabazi dituzte. Tartean, sanferminetakoa. Toki askotatik deitzen zieten, ikuskizuna ematen zutelako, nahiz eta uztaiak behien adarretan sartzeko orduan ez ziren onenak. «Oso maiteak ginen, gure lana ondo egiten genuelako. Baina txapelketak uztai gehien sartzen dituenak irabazten ditu eta horretan ez ginen onenak», aipatu dute bi anaiek.

Uztea erabaki dute. Izan ere, dagoeneko seme-alabak dituzte eta, gainera, errekortadore izateko oso gogor prestatu beharra dago.
Entzierroetan, berriz, oso gutxitan parte hartu dute. Beraien anaia nagusiak, berriz, urtero Iruñeko entzierroetan parte hartzen du. Eta beste toki askotara ere joaten da.

Ganaduzaleak

Bikiak, ganaduzale bezala, Euskal Herritik kanpo ere ibiltzen dira: Valentzia, Zaragoza, Tarragona… «Nahi izanez gero, urteko sasoi honetan, astebururo lana izango genuke».

Debako Markes de Saka ganadutegiko ganadua festetara eramateaz arduratzen dira. Ez dute beraien ganadutegia edukitzeko asmorik. «Agiri kontuak lan asko ematen du. Ganadutegi batez arduratzea oso lan gogorra da».

Nafar kastako ganaduarekin lan egiten dute. «Ekitaldi hauetarako oso egokiak dira. Arinak eta suharrak dira. Pentsatzeko gaitasuna dute eta ez dute amore ematen errekortadorea harrapatu arte. Batzuetan hesia pasatzen dute».

Ander_eta_Jokin_RodriguezAzkenaldian, halako ikuskizunen aurkako protesta asko egon dira. Zumarragako bi anaiek ez dute animalisten jarrera ulertzen. «Alferrik ari dira. Sekula ez zaie buruan sartuko gure animaliek ez dutela sufritzen. Izan ere, animalistek ez dute animalia hauen izaera ezagutzen. Ez gara gu animalien atzetik goazenak: beraiek dira gure atzetik etortzen direnak. Berezkoa dute».

Beraien ustez, ez dago tratu txarrez hitz egiterik, ez baitituzte animaliak ukitzen. «Zirikatu egiten ditugu, baina ez badute gure atzetik etorri nahi, etxera bueltatzen ditugu eta listo. Etxean oso ondo zainduta daude. Ikuskizunik gabe, ez dakigu existituko ote ziren».

Zumarragako arrakasta

Beraiek izan ziren Zumarragako jaietan zezenekin eta behiekin ikuskizunak egitea proposatu zutenak, eta ekimenak sekulako arrakasta eduki du. Zezen-plazako ekitaldiak jaietako arrakastatsuenen artean daude. Urtero ehunka lagun elkartzen dira harmailetan.

Oso pozik daude beraien ekimenak izan duen harrerarekin, noski. «Hau ez dugu diruagatik egiten, gura zaletasunagatik eta jaiengatik baizik. Oso gustura gaude. Jendearen erantzuna izugarria da. Ez dute zezen-plazatik etxera joan nahi. Hori da jaso genezakeen saririk politena», amaitu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>