Zaurietan musu

NEKANE GONZALEZSenez miazkatzen dituzte animaliek euren zauriak, mihiko listuaren hezeak gaitza eta erresumina desagerrarazi ez, baina arindu edo baretu egiten dielako. Ez zuten horretarako premiarik aurreko asteazkenean Ordiziako azoka berezian lehian aritu ziren abelburuek. Dotore, lerden, ikusgarri prestatu zituzten, saria irabazteko esperantzarekin prestatu ere.

Aska batzuen aurrean zeuden kokatuta, denak ilaran, zintzo demonio! Eta tokatuta-koan, han ateratzen zituzten eszenatoki edo pasarela moduko batera, eta pausoak ematera derrigortu, hara eta hona, jendeak zeinen ederrak ziren ikus zezan. Aurkezleak abelburuari buruzko azalpenak eta datuak ematen zituen, atzetik etorriko baitzen hausnarketa, bai eta esperotako erabakia, emaitza eta irabaz-leen izendapena ere; eta, nola ez, sari banaketa, saria izaten baita horrelakoetan helburu nagusia.

Zerrautsezko pasarela hartan, abelburuen tokian gizakiak imajinatu nituen nik. Itxurakeriaren gizarte honetan, jendaurrean guztia erakusgai jartzeko dugun ohitura txatxuaren lekuko. Izan ere, denari behatu behar izaten diogu zorrotz, eta epaitu. Batez ere hori: epaitu. Ona ala txarra. Polita ala zatarra. Gozoa ala mikatza. Argia ala memeloa. Balekoa ala kalekoa. Saria jasotzeko modukoa ala galtzaile errukitsua. Beti jarduten dugu zuri-beltzeko margo paleta txiki eta txiro bat oinarri dugula, gris zein kolore aukera zabal eta aberatseko paletarik ez balego bezala. Gainera, ahots nagusiak esaten duenarekin bat ez datorren oro baliogabea izan ohi da. Alferrikakoa. Eta ahots nagusi diodanean ez naiz ari gehiengoaren ahotsaz, herriaren ahotsaz (nahiz eta hala beharko zukeen), baizik eta agintzen duenaren edo boterea duenaren ahotsaz, ziria eskuan daraman artzainaren pare, artaldea berak nahi duen bidetik eramateko irrikaz beti.

Eta herri baten ahotsa edo aldarrikapena hizpide dugula, azkenaldian, bada eztabaida hotsandiko bat sarean; hain zuzen, katalanen Els segadors (Segalariak) ereserkiaren euskal ordaina zein izan ote daitekeen. Ez omen dago-eta euskal kantategian haren parekorik. Izan ere, katalanak ari dira, ari direnez, urratsak egiten. Ba-doaz infernutik zerurako bidean, edo zerutik infernura-koan, nork eta norantz begiratzen duen. Kaskarragotik hobera, behintzat. Aurrera beti. Avant.

Euskaldunok, berriz, geure zauriak miazkatzen eta musukatzen jarraitzen dugu. Izan garenaren orbanak gure larruan ditugula, eta izan nahi dugunaren ametsa oraindik ere amets ilun baino ez dela; gure etorkizuna irudikatzeko margo kolore egokirik ez baitugu oraindik topatu hain paleta ñimiñoan.

Aurrera Altsasu! kanta entzun bitartean ari naiz lerro hauek idazten. «Txarrenari onena atera diozu. Zaurietan musu. Ezerezean zu». Ereserki bat behar badugu, ezin du Jon Maiak idatzitako kanta hitz horietatik oso urrun egon. Bien bitartean, jarrai dezagun geurearekin, jarrai dezagun kolore egokiaren bila eta zauriak sendatuz, aurki epaituko gaituzte hamaikagarrenez eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>