«Umetan jostailurik ez genuen eta nork berea egiten zuen eskuz»

Juan_ZufiriaJuan Zufiria Itsason jaio zen 1938an, Ormaiztegin bizi izan da urte luzetan eta jubilatu zenetik Ezkion bizi da emaztearen gurasoena izandako baserrian. Bere izenaren azpian egur artisaua ipinita dago. Hala da, gubiarekin maisua da Zufiria eta baserriko azpialdean duen tailerrean pieza ugari egiten ditu; bat edo beste, Ezkioko zein Zumarragako parrokietan daude. Zufiriak datozen lerroetan beste jardun batzuk azalduko ditu, iraganean egindakoak eta egun egiten dituenak. Irizar autobus lantegiaren hastapenetako lekukoa eta protagonista izandakoa da eta historia txikiaren karietara joanda, Zufiria Ezkioko Erlojuaren Adiskideak taldeko kidea ere bada. Zufiriarekin elkarrizketa San Migel Goiaingeruaren parrokian eta baserrian egina dago. Ez da bera asko hitz egitekoa, baina badu zer kontatua.

Zuk zizelkatutako besaulkiaren aurrean zaude, Ezkioko parrokiako aldarean dagoen aulkia da. Lan hau egiteko zenbat ordu behar dira?
Infinituak.

Zumarragako Jasokundearen parrokian ere badago zeuk egindako antzeko  besaulkia. Nolatan lan hauek?
Aurretik ere Pedro Laskurain Zumarragako parrokoaren adiskidea nintzen. Gurutze-biderik ez zegoen Zumarragako elizan, mojen komentuan bai, baina zaharrak ziren eta parrokian, ordea, paretak hutsik zeuden. Gurutze-bide txikiak egiteko enkargua egin zidan eta hala hasi zen dena. Gero, aulkirik ez zegoela sakristian eta Ezkion dagoen moduko bat egin nuen beste bi aulki txikirekin batera. Besaulki handia aldarean jarri zuten azkenean Zumarragan.

Trebea zara egurrarekin… Zizelkatutako irudiak zuk sortu dituzu?
Ez, beste toki batzuetan ikusitakoak edota Laskurainek ekarritakoak dira. Besaulkietako batek Artzain Ona dauka zentroan: ordenagailuz egin zuten, baina emaitzarekin ez ziren oso gustura geratu eta niregana jo zuten kanpoko aldeko irudiak egiteko.

Betidanik aritu al zara egur lanetan?
Bai. Guk umetan ez geneukan jostailurik eta eskuz egiten genituen gure jostailuak. Esate baterako, gurdi moduko jostailuak. Eskuz aritzen ginen eta gero halako gurdiak jostailu gisa erabiltzen genituen. Bestelakorik ez genuen.

Ezkioko elizarekin baduzu zuk harreman berezi bat, ezta?
Auzolanean lan asko egin genuen 2004ean. Eliza garbitu, berdindu, margotu egin genuen. Nahiko hondatuta zegoen dena eta gure artean lan asko egin genuen.
Eliza hau Antioko baselizaren garai bertsukoa da, lehen egurrezko pilareak zituen.

Egurrezkoa al zuen egitura honek ere?
Bai, baina bobedak erortzen ari ziren eta hormigoia bota behar izan zuten sabaia askatzen ari zelako. Burdinezko geruza bat eta pisu gutxiko hormigoia sartu zituzten [koru gaineko atetxo bat ireki, eta hormigoiz estalitako bobeden gaineko aldea erakutsi du].

Juan_Zufiria-2

«Ezkion auzolanean lan asko egin genuen eliza garbitu eta txukuntzeko»

«Ezkioko elizako erlojuari astean behin giltza emateko zerrenda bat daukagu»

«Autobusak egiterakoan garai bateko ezagutzak berria egiteko balio izan digu»

«Enkarguzko piezak egiten ditut. Dena dela, niretzat egurra lantzea zaletasuna da»

Erlojuaren Adiskideen kontu hori zer da?
Astean behin, larunbatetan izaten da, erlojuaren pisua goraino altxatzea eta giltza ematera gatozenok osatzen dugun taldea da. Zerrenda bat daukagu eta bakoitzak badaki noiz egokitzen zaion etortzea.
Kanpandorretik zintzilik dagoen pisu bati tira eginda kanpaia jotzen dugu eta beste pisuarekin erlojua. Zortzi egunez iraun ahal du emandako giltza, akaso neguan iraupen gutxiago izan dezake haizeak penduluari eragiten badio.

Zein da erloju honen historia?
Erlojua geratuta zegoen eta garbitu, koipea eman zein konpondu egin genuen. Bazuen konponketa oso baten beharra eta orain badabil, baina doikuntzak behar ditu beti sortzen zaizkiolako desfaseak. Garai batean hemen Don Juan apaiza zegoenean erlojua bazebilen eta eskola umeak etortzen ziren hari eragitea, gerora berreskuratu egin genuen.
Kanpandorrean leihoak ipini ziren eta inguru hau hobeto egon dadin lagundu zuen. Erlojua barrualde batean dago babestuta, baina kanpaia dagoen espazio horretako zorua busti egiten zen euriarekin eta leiho hauek babestu egiten dute.

Elizaren zaindaria zara, erlojuaren adiskidea, egur artisaua eta Irizar lantegian lanean atera duzu bizimodua. Noiz hasi zinen Irizarren?
15 urte nituela hasi nintzen, Irizargo 15. langilea izan nintzen. Beti izan naiz eskulan zalea eta ni txapista gisa aritu nintzen Irizarren, anaia bikia margolaria.

Zure lana Irizarren artisauarena ere izan zen garai hartan, ezta?
Bai. Aurrealdeak eta atzealdeak paperean  egin eta gero, txapari mailuarekin ematen genion forma; hori guzti-guztia eskuz egiten genuen, jakina.

Zein izaten zen zuen lan ordutegia?
Guk egunez egiten genuen lan, hasi goizeko zortzietan eta arratsaldeko seiak arte. Gure bizimodua halakoa izan da, lan eta lan egin dugu.

Orduan urtean zenbat autobus aterako zen zuen lantegitik?
Bi? Lau? Hor bueltan, ez nuke jakingo zehazten.

15 urterekin lanean hasi zinenean imajinatu ahal zenuen zertan bilakatuko zen Irizar?
Inondik ere. Urte gogorrak ere ikusi ditugu han. Garai batean autobus modelo berriak ateratzen ziren aurrekoak amortizatu gabe zeudenean. Niri prototipo berrietarako deitzen zidaten eskuz aritzeko gaitasuna  zuen jende gutxi zegoelako. Garai bateko ezagutzak balio izan digu berriari heltzeko.
Koldo Saratxaga iritsi zenean modelo bat sortu eta harekin aurrera egiteko gomendioa egin zuen. Century autobusak atera ziren eta oraindik ere egiten dira. Haizearen aurrean hobeto moldatzen dira autobus hauek eta kontsumo gutxiago dute. Century-ak errentagarri bihurtu dira.

Orain jubilatuta zaude eta txapari beharrean egurrari forma ematen diozu.
Bai. Enkarguren bat jasotzen badut egiten dut, piezak neguan eskatzen dizkidate batez ere. Dena dela, niretzat egurrarekin lan egitea zaletasuna da. Etxeko baratzea ere zaintzen dut pixka bat eta oporretara ere joaten gara udazkenean. Ahal dela oporretan ateratzen jarraitzen segi nahi dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>