Turismoaz

Joseba ImazUdara amaitu zaigun honetan –beti bukatzen da nahi baino lehenago, ez al da hala?–, joan den hilean izandako elkarrizketa batekin akordatu naiz. Abuztuko eguzkipean, paseo bat ematera irten naiz etxeko txikiarekin batera. Eguerdi partea da eta, Beasaingo kaleetan, opor giroa nagusi. Herrian geratzen den jende bakana, lasaitasun ederrean. Opor garaian izaten du denborak beste tempo bat, erritmo pausatuago bat. Eta halako batean gizon ezezagun bat gerturatu zait.

«Disculpe, ¿me podría decir dónde se encuentra la oficina de turismo?», galde egin dit, Madrilekoa iruditu zaidan azentoarekin, alboan bikotea eta alaba nerabea dituela. «Turismo bulegoa? Beasainen?», pentsatu dut nire golkorako, harriduraz. Eta erantzun diot Beasain herri industriala dela, ez dagoela gauza handirik ikusteko, agian hobe lukeela inguruko herriren batera gerturatzea, Segura eta Ordiziako kaleak ederragoak direla, eta bestela Lazkaomendin paseo bat emateko, Txindokiren bista onena handik ikusiko dituela eta abar. Berriro turismo bulegoaz itaundu nau, eta erantzun diot Igartza ez dagoela urruti, baina ez nagoela ziur bulegoa zabalik egoten den ala ez.

Lagundu baino, nahasmen handiagoa sortu diedala iruditu zait, alegia. Halaxe erakutsi dit alaba lotsatiaren aurpegiak. Egonaldi ona opa egin diet eta Gernikako pasealekuan behera joan dira, behelaino artean galduta bezala. Guk, berriz, paseoan segitu dugu.

Pasadizo xume honek zer pentsatua eman dit, joan den abuztuan turismoaz izan dugun eztabaida publikoaz. Polemika artifizial samarra iruditu zait, egia esan, susmoa daukadalako turismoaren fenomenoa ez dugula arazo gisa ikusten gipuzkoarron gehiengoak. Salbuespen batekin seguru, eta hori Donostiako alde zaharra izan daiteke. Gainontzean, barrualdeko gipuzkoarrok baikara, ziur asko, hein handi batean kostaldeko hondartza, kale, hirietako taberna betetzen ditugun bisitari horiek.

Dena den, turismoaren fenomenoaz gogoeta pizteko balioa aitortu behar zaio abuztuko sugetzar honi. Batetik, guk ere oporretan turista gisa izaten ditugun joerak aztertu eta autokritika egiteko –ez dut halakorik entzun– aukera ematen digulako. Bestetik, kanpotik datozen bisitariak lurralde osoan zabaltzeak izan dezakeen garrantziaz, masifikazio guneak ekidin eta turismoaren onurak saretzeko beharraz jabetzeko parada eskaini digulako.

Azken ideia hori tarteko, ustezko madrildarrekin izandako elkarrizketak erakusten du, nire ustez, askotan ez garela jabetzen gurean ditugun balio, aberastasun eta altxorrez. Zaila da guk apreziatzen ez duguna besteei erakustea. Gure aitona zenak, seguru asko, nik emandako erantzun bera emango ziokeen turista madrildar bati, nire lekuan suertatu balitz. Balioen rankingean lana izan da nagusi betidanik, eta bisitariak gure kultura eta izaera ezagutzeko interesa izan dezaketela pentsatzea ez zaigu okurritu ere egiten. Nire irudiko, baina, komeni zaigu horretaz jabetzen hasi eta modu positiboan hartzea, turismoak onura egin diezaiokeelako eta gure eskualdeari, gure herriari.

Behin hori esanda, hala ere, azpimarratu nahiko nuke Goierrin dugun balio handiena industria bera dela. Lanpostu ugariren jatorria, mimoz zaindu eta behar dugun sektorea. Gure eskualdearen ongizate iturri nagusia delako. Turismoaren garrantzia, beraz, erlatiboa da industriarekin alderatzen badugu.

Madrildar familia hark jakinmina piztuta, Igartzako ermitara gerturatu naiz orain dela gutxi, eta jabetu naiz turismo bulego txukun bat daukagula herrian, modu egokian atondua eta arreta adeitsua eskaintzen duena. Goierriko gune erakargarrien berri eman didate bertan eta gure eskualdeko aberastasun gehiago ezagutzeko aukera eman didate. Geronek ere asteburuetan plan berriak egiteko aukera eskaini digu, gure ingurua hobeto ezagutzeko. Edo, batek daki, norbaitek inoiz Goierriz galdetuko balit, erantzun txukunago bat eduki dezadan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>