Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Kito, Joxepa, hemendik aurrera ezer ez dun lehen bezalakoa izango! Ez han, ez hemen.

Kataluniaz ari naun, jakina. Joan dun urriaren lehena eta, lerro hauek idazterakoan zenbaketaren daturik ez badinat ere, zein irakaspen ederra eman diguten katalanek herritarren mugimenduan arnasa hartzen dugunoi. Bai eguna bai bidea, biak eredugarri. Nola eutsi dieten katalanek probokazioei azken bi asteetan! Eta egunean berean? Ordena publikoaren zaindari behar luketenak berorren urratzaile bihurtu zitunan goiz-goizetik, eta herritarrek hartu behar izan zinaten ordena publikoa zaintzeko ardura. Zein irudi bortitzak? Ez al zinaten esaten ahoa betean armarik edo bortxarik gabe edozertaz hitz egitea izango zela? U1ean oso nabarmen geratu dun Europaren eta mundu osoaren aurrean hori ez dela horrela gertatu: zazpiehundik gora zauritu, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila hautetsontzi eta bozka paperen bila itsu baino itsuago aurrean harrapatutako guztia txirtxilatuz (nork emango zizkien eskola umeei azalpenak biharegunean gaur gertatutakoaz?), Guardia Zibila Mossoak jipoituz, suhiltzaileak Mossoak babestuz… Nabarmen, oso nabarmen geratu ditun Rajoy eta enparauak. Eta orain zer? Senekak Neroni esan omen zionan: «Zure boterea nire beldurrean oinarritzen da. Nik beldurra galtzen badut, zuk boterea galduko duzu». Kataluniak aspaldi galdu zinan beldurra eta aurrera zoan.Usarralde-Madariaga Ea gu ere «Ez dugu beldurrik» abesteko moduan noiz izango ote garen…

Joxepa Madariaga

Aupa, Inaxio! Espainiatik joan duk Katalunia, kataluniarrak ez dituk jada espainiar. Visca la terra!, visca el poble!, visca la republica!, visca Catalunya!; gora Katalunia errepublika askea!

Erreferenduma, kanpaina, bortizkeria, emaitzak… Bazirudik dena esana dagoela, baina ez; Estatu katalana eraikitzeko prozesua luzea izango duk, konkistatzaileengandik banandu eta herria eraikitzea ez baita dendara joan eta praka parea erostea… Kanpaina garaian ikusi eta entzun ditugun perla guztien artean bihotza hunkitu eta burua ukitu didaten kantak aipatuko dizkiat: Canço a Catalunya (X. Lete, 1978) eta L’Estaca (L. Llach, 1976). Horiekin geratzen nauk.

Franco berpiztu egin duk eta herri okupatuoi okupatzaileek ez zigutek egurra besterik emango, geuk lortu, irabazi, birkonkistatu beharko diagu geurea, gerra alde batera utzi eta modu baketsuan. Nahiz eta badakigun gerrarako nortzuk dauden, nork astintzen dituen armak, nork erabiltzen duen biolentzia, herritarrei iritzia emateko eskubidea kentzeko. Geuk irabazi beharko diagu geurea, inork eman zain egon gabe. Oraingoan Katalunia izan duk protagonista, Kataluniak izan dik jokoan independentzia, baina gu ere beraiengandik hurbil egon gaituk, ikusten, ikasten, laguntzen. Bidea zabaldu didate eta ea gu ere zidor horretara bideratzen garen.

Hemendik aurrera lanean jarraitu beharra zagok, piztu dugun sua pizturik mantendu beharra diagu. Su bat eta bi zuzi, Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa. Elkartasuna agertu zieagu kataluniarrei eta beraiengandik, elkartasunaz gain, laguntza, laguntza handia jaso beharko diagu, erreferendumerako bidean.

Katalunia librea, baketsua eta demokratikoa eraikitzen baditek lana, baina lortuko ditek, ez diat dudarik. Zorionak, felicitats!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>