Sugaar

Itxaro MendizabalGaurkoan ez nuen atzera begira jarri nahi. Baina data hauetan nola lortu hori? 19 urte pasatu dira dagoeneko gurasoak kamioi portuges puñetero batek azpian eraman zituenetik eta duela gutxi izan da egun hori. Zaila. Zaila benetan atzera begira ez jartzea. Egun hauetan oroitzapenak pilatzen dira, tristurak azaleratzen eta falta direnek utzitako zuloa gehiago nabaritzen da. Aurrera begira jarri eta pasatutakoari ez begiratu nahi izatea mision imposible bilakatzen da.

Pasa den irailaren 29an eguneroargitzenduelako blogean (Berria) idatzi nuen bezala, San Migel eguna, Aralarko Su-gaar haitzulora itzultzen zen eguna omen da, San Migelek (Done Mikel, euskara jatorrean) hil zuen herensugea. Ni urte guzti hauetan San Migeli barkatu ezinik ibili naiz, herensugea ez ezik gurasoak ere eraman zituela eta. Esan beharra daukat ez naizela fededuna,  baina San Migelekin badut halako zerbait… barruak ondo mugitzen dizkidan herensuge txiki bat edo.

Kostata baina azkenean barkatu diot, badira urte pare bat bera eta ni lagun egin garela. Berari barkatzeko ordea, aurretik lan asko egin behar izan dut. Hasteko nire buruari barkatu behar izan diot. Urte askoan barruan nuen «nik hil ditut» esaldi horri buelta eman diot, kostata, baina ulertu dut ez zela nire errua izan.

Gertatzen diren gauza asko ez daude gure esku;  gertaera horiek eragiten digutena bai ordea. Askotan errazena gure burua zigortzea izaten da. Karga gure gain hartu eta sufrimendua justifikatzen dugu. Honela, pasatzen zaigun guztia merezi dugula sinestuz. Urte asko pasatu ditut horrela. Urte guzti hauetan eraman dudan motxilak ikaragarrizko pisua izan du, eta nik pisu gehiago gehitu izan diot.

Motxila hori hustu ahal izatea gertatu zaidan gauzarik hoberena izan da. Beste pertsona bat naiz orain. San Migelek egin zuen bezala, nik ere kateak puskatzea lortu dut, iraganarekin nituen kateak. Orain sufrimendurik gabe atzera begiratu dezaket, tristura handiaz batzuetan eta harrotasunez bestetan. Mundu honetan izan genitzakeen gurasorik hoberenak izan ditugu eta.

Kateak puskatzea ez da erraza izan. Urte luzeak izan dira. Kate-maila bat puskatzea lortu orduko berehala beste lodiago bat agertzen zitzaidan, aurrekoa baina zurrunagoa. Baina, poliki-poliki eta etsi gabe aurrera egitea lortu dut.

Gertatzen zaidan guztiaren pisua nire gain hartzeak zein ondorio dituen ohartu naiz. Beste edozein pertsonak bezala nik ere gertaeren aurrean erantzun desberdinak emateko aukera daukat eta nik erabakiko dut, kontziente edo inkontzienteki gertaera horrek nola sentiaraziko nauen. Pentsatzen dugunaren kontzientzia izatea, eta hau aldatzean dago gakoa; ikaragarria da pentsamendu bat aldatzen dugun momentuan gure barrua nola aldatu daitekeen.

Gertatzen zaigunak baino gehiago, gertaera horren au-rrean ematen dugun erantzunak du garrantzia beraz. Bizitzan ditugun gora-beheren aurrean sortzen diren jarrerak, pentsamenduak, eta jartzen dizkiogun hitzak.

Askotan ez da erraza izaten, baina gertaera ororen aurrean, gertatu zaiguna analizatzeko gaitasuna izan beharko genuke. Gelditu, hausnartu, egoera horretara zerk eraman gaituen ikusi eta aurrera nola jarraitu nahi dugun erabaki.

Gauza bakarra dut garbi: gertatzen zaigunak ez du gure gain botererik izango guk uzten ez badiogu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>