Sei urte darama Mikel Osinalde Aztiriak (Gabiria, 1977) Katalunian bizi izaten. Hangotartua da, eta Bartzelonan erroldatua. Urriaren 1ean, Kataluniaren autodeterminaziorako erreferendumean parte hartu eta bozkatu zuen. Ez zailtasunik gabe.
Kataluniara 2011n iritsi zinenetik, zertan sumatu duzu independentzia nahia, gizartean?
Nortasun katalana iritsi nintzen egunetik sumatu dut hemen. Baina ez zegoen oraingo herrialde bateratuaren sentsazio hori; nik, gutxienez, ez nuen sumatzen. Orain dagoen katalanismoa bat-batean azaleratu eta azeleratu zen: 2012ko Diadan. Guztien sorpresarako, bi milioi katalan bildu ziren. Harrezkero, eta Espainiako Gobernuaren pasotismoak lagunduta, gora eta gora egin du.
Erreferendumerako, nola jakin zenuten non eta nola bozkatu?
Zorionez, ez dugu informazio faltarik izan. Whatsapp bidez berriak berehala zabaltzen ziren, eta haietako batean jaso genuen bozkatzeko lekua jakiteko webgune baten berri. Benetan miresgarria izan da zein ondo antolatu diren ikustea, eta zenbat jendek parte hartu duen bozketa egin ahal izan dadin, ordainetan ezer jaso gabe.
Eguna nola antolatu zenuten?
Urtebeteko umetxo bat daukagunez, eta istilu arriskua ikusita, lehenengo ni joan nintzen 9ak aldera. Gero, emaztea, ni etxera iritsi bezain pronto.
Oztoporik izan zenuten?
Eskolara bidean nindoala, poliziak kargatzen ari zirela esaten hasi ziren kalean. Hurbildu nintzen, eta hala zen. Anbulantzia bat zaurituak artatzen, poliziak eskolatik irteten, jendea erabat alarmatuta poliziei oihu egiten, eta bozkatzeko eskubidea etengabe aldarrikatzen. Oso azkar egin zuten dena: konturatzerako, beraien lana egina zuten, eta furgonetek denon muturren aurrean alde egin zuten.
Internetarekin ere arazoak izan ziren.
Bai. Horregatik hiru ordu pasa egon ginen geldirik, bozkatu ahal izan gabe. Bozketa fidagarria bermatu ahal izateko, errolda unibertsala egin zuten. Baina zenbait hackerrek sistema bertan behera bota zuten. Zorionez, antolakuntzako programatzaileek lortu zuten sistema sendotzea, eta ordu batzuk geroago normal bozkatu ahal izan genuen. Baina ordurako ilarak oso luzeak ziren. Eta bitartean Espainiako Polizia hirian barrena bere lana egiten. Tentsio orduak izan ziren.
Nola eta non bozkatu zenuen?
Bost ordu ilaran itxaron ondoren iritsi zen nire txanda, bai. Egoera kontuan hartuta, normaltasunez, eta niri zegokidan mahaian. Emaztea gero joan zen, baina ilara oso luzea ze-goenez eta astirik emango ez zionez, beste zentro batera joan behar izan zuen.
Zer sentitu zenuen papertxoa hautetsontzian sartutakoan?
Hilabetetako lan gogorra bukatuko banu bezala. Poza, lasaitasuna eta itxaropena.
Erreferendumaren aurkakoek diote leku batean baino gehiagotan bozka zitekeela. Hala da?
Oso zail ikusten dut, zeuden ilara luzeengatik. Errolda unibertsalaren sistemak akatsak izango balitu ere, bost orduko ilara zegoen!
Bartzelonarrek zer esaten zuten? Zer sumatzen zenuen?
Ezin sinistua, nola zitekeen aitona-amonek bizi izan zutena berriz gertatzea. Hala ere, jendea itxaropentsu zegoen, eta argi zeukan bateraturik lan eginez gero aurrera irten zitekeela.
Zer ondorio utzi du urriaren 1ak, orokorrean?
Gobernu espainiarrarenganako erabateko mesfidantza, eta maite ez zaituzten etxe batean bizitzekoa.
Independentzia gauzatuko da?
Hala espero dut, eta horren itxaropenarekin bizi gara. Oraingo honetan ateratzen ez bada, ondorio latzak edukiko ditu, bai hezkuntzan, bai autogobernuan… Beraz, aurrera bakarrik egin daiteke orain.
Euskal Herriaren kasurako, zer irakasgai dauka Kataluniak?
Euskal Herriak orain bide ona hartu du, baina bultzadatxo baten beharra sumatzen dut. Egoera lasai hori baliatu beharko litzateke pausoz pauso aurrera joateko. Orain Espainiaren errepresioa Kataluniara zuzenduta dago, baina hemendik urte batzuetara, joan eta jakin.