Bizikidetza eraikitzen

Urriaren 23an egin zuen aurkezpena prentsaren aurrean Beasaingo herritarren bizikidetza taldeak.

Urriaren 23an egin zuen aurkezpena prentsaren aurrean Beasaingo herritarren bizikidetza taldeak.

Beasaindarren arteko elkarbizitza hobea eraikitzeko lanean ari da urtarriletik herritarren bizikidetza taldea. Hemendik aurrerako bidea herritarrekin batera egin nahi dute.

Bakea, bizikidetza, giza eskubideak edo oroimenaren inguruko gaiak arduratuta, askotariko bizipen eta ideologikoetako herritarrek osatutako bizikidetza taldea sortu da Beasainen. Iraganari eta orainari buruzko ikuspegi desberdinak dituzte guztiek, «batzuetan zalantzaz eta kontraesanez beteta gaude, eta zintzotasunez adierazten ditugu entzun ere errespetuz egiten diogulako elkarri». Hala ere, ezberdintasunetatik harago, etorkizun hobeago bat eraiki nahi dute, «denon giza eskubideak errespetatuak izango diren etorkizun bat».

Urtarrilean hasi ziren elkartzen eta orain, Beasainera ireki nahi dute beraiek egin duten hurbilketa ariketa. Horretarako, bakea, bizikidetza eta memoriaren inguruko hainbat ekintza prestatu dituzte azaroan. Atzo, kolore anitzeko beasaindar ugarik egin zuten bat talde berriaren helburuekin, argazki jendetsua ateraz. Hilaren 8tik 21era bitartean, berriz, euskal herritar hainbaten bizipen eta iritziak entzuteko aukera izango da formatu desberdinetan.

Bizikidetza taldearen izenean Olatz Insaustik, Jokin Aldanondok eta  Edorta Martinezek taldearen nondik norakoak eta helburuak azaldu dituzte.

Noiz eta nolatan hasi zineten elkartzen?
Olatz Insausti. 2016ko urte bukaeran udaletxean ordezkatutako alderdi politiko guztien adostasunetik hartu zen herritarren talde anitz bat sortzeko erabakia. Horretarako, alderdi bakoitzak 5 lagun proposatu zituen, ez nahitaez bakoitzaren alderdi politikoari zuzenean lotutakoak, baizik eta bizipen eta motibazio aldetik halako gune batean ekarpen positiboa egin zezakeen jendean pentsatu zuten. Gonbita luzatu ziguten, eta 2017ko urtarrilean egin genuen lehenengo bilera, elkarrizketa prozesuari hasiera emanez. Baketik-en bidelaguntza izan dugu prozesuan zehar. Hilean behin biltzen ibili ginen uda arte, eta ondoren intentsitate handiagoz ibili gara antolaketa lanetan. Hasierako 15 bat lagunetatik 10 batera jaitsi da partaidetza, agenda eta kontziliazio arazoengatik gehienbat.

Nortzuk osatzen duzue hamarreko taldea?
Jokin Aldanondo. Prozesua hasi zenean ez genituen geure buruak sentsibilitateen etiketa horien bidez aurkeztu; etiketa horiek guztiak gainditzean ere dago bizikidetzaren gakoa. Egia da gurea bezalako herrietan denok ezagutzen dugula elkar, eta badakigu gutxi gora-behera zein familia politikotatik gatozen. Horregatik, esan dezakegu EAJ, EH Bildu, PSE eta Ahal Dugu inguruetako pertsonak daudela taldean, eta baita alderdi politikoekin identifikatzen ez den jendea ere. Baina esan bezala, elkarrizketan zehar, arreta nork esaten duen baino, zer esaten duen jartzen saiatu gara. Zer horretan jartzen denean arreta, alderdien muga zurrunak lausotu egiten dira.

Zein helburu jarri zenuten hasiera hartan?
Edorta Martinez. Prozesuan parte hartzeko gonbita bakea eta bizikidetzaren alde udalean maila politikoan egindako bidea herritarrei zabaltzeko helburuarekin egin ziguten. Beraz hori izan zen abiapuntua, herritarrok bizikidetzaren alde gure ekarpena egitea, hasiera batean elkar-entzute eta elkar-ulertze prozesu batekin. Herrian bizikidetzarekiko ikusten ditugun zailtasunak eta aukerak izan ditugu hizpide, eta baita hau hobetzeko beharrezkoak diren pausu eta keinuak ere.

Eta zer lortu duzue urtebete honetan?
Insausti. Prozesuarekiko konpromisoa da gakoa, emaitzetan edo lorpenetan arreta jarri baino elkarrekin gune hau konpartitzean jartzea. Bidea, alegia. Eta bide honetan uste dut denok esan dezakegula asko ikasi dugula, bai besteengandik zein geure buruengandik ere. Hurbilketa bat egon da, lehen aurkakotzat bezala ikusten genituenak, jada ez ditugu urruti ikusten eta elkar ulertze zintzo bat dago. Hurbilketa hau sustatzeko asmoarekin sortu dugu azaroan zehar egingo diren ekitaldi programa, denon lankidetza eta adostasunetik antolatuta. Hori lorpen zehatz bezala har daiteke baita ere. Gainera, iraganari buruz irakurketa ezberdinak ditugun arren, garbi geratu da beste modu bateko etorkizuna eraiki nahi dugula, denon giza eskubideak errespetatuak izango diren etorkizun bat.

Beasaingo_herritarren_bizi(1)«EAJ, EH Bildu, PSE eta Ahal Dugu inguruetako pertsonak daude taldean» Jokin Aldanondo
«Bizikidetzarako ikusten ditugun zailtasunak eta aukerak izan ditugu hizpide» Edorta Martinez
«Denon giza eskubideak errespetatuko diren etorkizun bat eraiki nahi dugu» Olatz Insausti

Ibilbide honetan zer izan da zailena?
Aldanondo. Agian, elkarrizketan zehar arretaz entzun eta segituan erantzuteko gogo horri eustea. Eztabaidatzeko dinamika horietara ohituta gaude, hau da, norbait hitz egiten dabilenean geure erantzuna emateko noiz bukatuko zain ibiltzen gara, ondo pentsatu gabe ze eragin izan ditzaketen gure hitzek. Hemen kontziente ginen ordea gure hitzek min eman zezaketela, eta hauek ondo neurtzen ikasi behar izan dugu. Desadostasunak ekidin gabe, zintzoak izanez, baina ahalik eta min gutxien egiten saiatu gara.

Gogorrena?
Martinez. Aurreko galderan erantzundakoa ziur aski. Maila batean mingarriak diren gauzak entzutea, eta konturatzea gai batzuetan oso zaila dela ados egotea, iraganaren irakurketan edo lengoaian beran esaterako:  biktima edo bakea bezalako kontzeptuen definizio ezberdinak ditugu bakoitzak. Zailtasunak zailtasun, prozesuarekiko konpromisoan tematzea da gakoa, pausoz pauso eginez aurrera.

Zer izan da pozgarriena?
Insausti.  Ezberdinen arteko elkarrizketak duen aberastasun guztiaz jabetzea; adostasun puntuak  eta denok eroso sentitzeko moduko posizioak baditugula ikustea; elkarrekin ekarpen xume baina aldi berean garrantzitsua egiteko gai garela ikustea; ilusioa eta lan egiteko gogoa konpartitzea… Adiskidetasun harremanak sortu ditugula esan daiteke, eta lehen aurkakotzat genituen horiekin ardo batzuk hartzen egotea oso pozgarria da, egia esan.

Zeintzuk dira bizikidetzarako oinarriak?
Aldanondo. Talde bezala ez gara jarri bizikidetzaren oinarriak zeintzuk diren adosten, lan sakon eta interesgarria litzateke hori. Baina guk egin dugun bidea oinarrietako bat dela esan genezake: hurbildu ezberdin pentsatzen duten horiengana, zintzotasunez hitz egin, eta errespetuz entzun batez ere. Abiapuntu ona da hori beti.

Zuek hamarreko taldean lortu duzuen bizikidetza, nola zabaldu herrira? Zein pauso emateko asmoa  duzue?
Martinez. Momentuz Bizikidetza eraikiz ekimen programa sortu dugu, eta horrekin ibiliko gara azaroa bukatu arte. Sei ekintza ezberdin izango ditu, eta hauek antolatzeko herriko eragile ezberdinekin hartu-emanak izan ditugu, konplizitate berriak eraikiz. Ekintza hauekin aukera eman nahi diegu beasaindarrei memoria, bizikidetza eta orokorrean bakearen inguruan hausnarketa bat egiteko, sentsibilitate guztiak eroso sentituko diren hitzaldi eta ekintza kulturalak eskainiz. Honen ondoren, ebaluazio bat egin eta hurrengo geltokiak aztertzea tokatuko zaigu.

Zein mezu eman nahi diezue beasaindarrei?
Insausti. Hasteko, parte har dezatela antolatu ditugun ekimenetan! Gustu guztietarako gai eta ekimen motak dauzkagu. Baita ere, guri egin ziguten gonbita ere luzatu nahi diegu: egin dezatela bere ekarpentxoa herriko bizikidetza hobetzeko. Denok egin dezakegu gure eskuetan dagoen zerbait, pauso txikiak badirudite ere. Elkarrekin biziko bagara, denon ardura da bizikidetza hori inklusiboa eta demokratikoa izateko baldintzak jartzea. Guretzat posible izan bada, denentzako da hala, beraz, aurrera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>