Maider del Olmo eta Ane Azurmendi

Maider del Olmo Zubeldia

Zerutik erorita etorri zait gaia, bion estreinako kolaboraziorako. Lurrean topatu dut hizketagaia; hain justu, Deustuko AEKren euskaltegiko zoruan, ikasleren batek ahantzita edo. Eskuorri deigarri bat da. Trafiko seinalea du azalean, 30 zenbaki handi batekin. Jakinminez jaso dut lurretik: zer ote da ikasleak hain axolagabe botata utzi duena?  Artxanda, AP-8, Supersur… Bizkaiko  Aldundiarena da propaganda. 30 zenbakia zergatik nabarmendu duten azaltzen du, hitzez hitz: «Eman izena, eta, 30 euro baino gehiago ordainduz gero, hilabetea bukatu ondoren itzuliko dizugu hortik gora Bizkaiko Aldundiaren autobideetan pagatutako euro bakoitza». Gehiago ere bada: «Diru laguntzak jasoko dituzu hiru bideotan eginiko gastuengatik (%35 itzuliko zaizu 11. bidaiatik aurrera eta %45, berriz, 26.etik aurrera)». Zerua lurrean, lurra zeruan. Saritu egingo dituzte autobideak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak. Esaterako, zenbat eta bidaia gehiago egin AP-8, Artxanda eta Supersuperren barrena, orduan eta sari handiagoa jasoko dute bizkaitarrek. Bai. Hedabideetatik jaso dugu berria: Bizkaia eta Gipuzkoa eskutik helduta, 45 euroko mugan itzulinguruka.  Goitik eta behetik, zerutik eta lurretik, aurrerantzean ere etorriko zaizkigun erauntsien aurrean, babestu egin behar ditugu geure buruak. Mundua hankaz gora egonagatik–Eduardo Galeano uruguaiarrak idatzi zuen gisan–, DelOlmo-Azurmendiez gaitzatela oharkabean harrapatu. Nik, badaezpada, jantzi ditut kulero laranjak buruan.

Ane Azurmendi Lasa

Zuri zerutik erorita etorri zaizu gaia. Niri, aldiz, Iruñeko Alde Zaharreko kaleko pareta batetik. Bertan jarritako kartel batek halaxe zioen: «Euskara Ofiziala Nafarroa osoan». Urrian aurkeztu du Kontseiluak dinamika, eta Nafarroan bizi den bereizkeria gainditzea du helburu. Horretarako, euskarak lurralde osoan ofiziala izan behar duela aldarrikatuko dute, Iruñerriko hainbat herritan herritarrengandik jasoko diren eskaeren bitartez.

Iaz euskararen legean moldaketa bat egin zen, zona mistoan dauden herriak gehitzeko, eta espero zitekeen moduan, dinamika horrek iskanbila sortu zuen batzuen artean; euskara Nafarroan inposatu nahi zutela salatzen zuten. Horiei esango nieke joateko Nafarroako Errege Artxibo Nagusira, irailean hasi eta abendura arte egongo den erakusketa ikustera. Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea. Bertan, erraz ulertuko dute, aditu nahi badute behintzat, antolatzaileek argi adierazten dutena: «Euskara funtsezkoa izan da nafarren historian. Navarrorumek erakusten du Nafarroa erdigunekoa izan dela euskararen munduan. Nafarren lurraldekoak dira, hain zuzen, Pirinioen hegoaldean euskaraz idatzitako lehen hitzak. Historian barrena, euskara izan da Nafarroako esentzia kulturala eta Nafarroa izan da, Pirinioen bi aldeetan, euskararen mundua dinamizatu duen ardatza».

Bai, mundua hankaz gora dago; baina tarteka, herritarrek itzuli nahi izaten diote herriari dagokiona, eta orduan, sortzen da esperantza pixka bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>