Produktore, gidoilari eta zuzendariorde lanak egin ditu Miren Mujikak (Legazpi, 1993). ‘Shell Phone’ lanaren trailerra aurkeztu du. Duela hiru urte amaitu zituen Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak eta hiru urteren buruan, bere lehen lana zuzendu du.
Nola otu zitzaizun zure kasa lan hau egitea?
Gidoiak idazten aritzen naiz, eta behin konturatu nintzen gidoi eder bat nuela esku artean. Pena handia ematen zidan gidoi hura beste batek hartzea. Izan ere, hasierako gidoitik azken emaitzara asko aldatzen dira lanak eta nik zegoen bezala egin nahi nuen.
Zein izan da zure egin beharra lan honetan?
Hiru lan izan ditut: produkzioa, gidoia eta zuzendaritza.
Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia oso aberasgarria izan da, asko ikasi baitut bai lan taldetik eta baita egoera ezberdinetatik ere. Tentsio uneak bizi izan ditut; adibidez, grabazioa hasi baino bi aste lehenago kameralariak eta fokistak deitu zidaten film baterako deitu zituztela esanez. Haiek ez etortzeko arriskua ikusi nuen, baina azkenean hona etortzeko apustua egin zuten; eta hori eskertzekoa da.
Zein lantalderekin egin duzu lan?
Talde artistikoan hiru pertsonek hartu dute parte: Pilar Rodriguezek, Iñaki Rikartek eta nire lehengusin Elene Muñozek. Talde teknikoan, berriz, 22 lagun aritu gara lanean; besteak beste, Bilbotik, Donostiatik eta Madrildik etorritakoak.
Zein da lanaren ardatza?
Teknologiak pertsona fisikoen presentzia ordezkatzen duela askotan. Hori azaltzeko kontakizuna muturrera eraman dut. Bertan 80 urteko alargun baten istorioa kontatzen dut: bere semeak pisu domotiko bat erosten dio horrela bisitan gutxiago joateko.
Nola finantzatu duzu?
Erakundeen aldetik ez dut laguntzarik jaso. Erabateko auto finantzaketa izan da.
Non izango da estreinaldia?
Donostiako sala batean emateko asmoa dugu lehenik abendu aldean. Gero banatzaile baten bitartez estatu mailan zabalduko dugu zinema jaialdietan. Legazpin ematea ere gustatuko litzaidake.