«Arrakasta edukitzeko, haurrak pilotalekura gustura etorri behar dira»

Eneko_ImazAtaungo pilota eskolan lan bikaina egiten ari dira. Pilotari asko dituzte eta azken urteetan herriarteko txapelketan parte hartzea lortu dute. Iaz, finalerdietara heldu ziren. San Martin jaietarako bi jaialdi antolatu dituzte. Hilaren 10ean Albisu ataundarrak eta Arteagak, Artola eta Larunberen aurka jokatuko dute. Hilaren 12an, berriz, pilota eskolako gazteak arituko dira. Eneko Imaz (Ataun, 1977) pilota eskolako arduraduna da.

Nolatan pilotazale?
Kirola umetatik gustatu izan zait. Eskolan kirol asko probatu nituen: atletismoa, pilota, futbola… Baina pilotan eta atletismoan aritu nintzen gehienbat.

Pilota munduan zein ibilbide osatu zenuen?
Afizionatu mailan jokatu nuen. Herriarteko txapelketa jokatu nuen Ataunekin. Atzelaria nintzen.

Nolako jokalaria zinen?
Indar gutxikoa… Txikia izan naiz beti eta… Aurrean jokatzea gustatzen zitzaidan, baina atzelaririk ez zegoenez…

Noiztik zabiltza prestatzaile lanetan?
Duela lauzpabost urte hasi nintzen, herriartekoan. Duela urte batzuk eten bat egon zen eta berriro hasi gara parte hartzen. Pilota eskolan 40 bat haur eta gazte ditugu, benjamin, kimu eta haur mailakoak. Bost neska ditugu: palan jokatzen dute.

Gustura al zabiltza?
Bai, pilota beti gustukoa izan baitut.

Ataunen pilotari onak ari dira ateratzen. Jon Ander Albisu atzelari onenen artean dago, Iraitz Zubizarreta afizionatu mailan oso lan ona egiten ari da…
Hala da. Gainera, atzetik beste batzuk datoz. Pilotak herrian indarra hartu du. Horren arrazoia zein den?. Haurrak gustura etorri behar dira eta ondo lan egin behar da. Herriartekoan parte hartu izanak ere eragina izan du. Txapelketa horretako partidetara herritar asko etortzen dira. Eskerrak eman nahi dizkiet denei. Herrian profesional bat edukitzea ere garrantzitsua da, noski. Hala, umeek eredu bat dute. Gainera, noi-zean behin pilotalekura etortzen da haurrekin egotera. Beti laguntzeko prest dago.

Nola ikusten dituzu Albisu eta Zubizarreta?
Albisuk gogor lan egin du eta lana fruituak ematen ari da. Zertan hobetu behar duen? Noiz eman eta noiz eutsi ikasi behar du. Iraitzi dagokionez, oso ondo ari da, baina profesionaletara pasatzea oso zaila da.

Datorren urtean ere herriarteko txapelketan parte hartuko al duzue?
Hori espero dugu. Ea lortzen dugun. Herriko pilotariek bakarrik parte har dezakete eta Ataun bezalako herri txiki ba-tean hiru mailatako jokalariak edukitzea ez da batere erraza. Ahalegina egingo dugu, baina herri handi asko kanpoan gelditzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>