«Gaur egun ezagutzen dugun Gipuzkoako dantzen sistema osoa Iztuetak bultzatu izanari esker jaso dugu»

MIKEL_SARRIEGI_DANTZARI_BE(1)

Aurtzaka dantza taldeko dantzaria eta ikertzailea da Mikel Sarriegi (Beasain, 1965). Jose Inazio Iztuetaren lanak koreologiaren ikuspuntutik ikertu ditu.

Iztuetaren zer arlo ikertu duzu?
Bereganako interes zuzenena teknikoagoa da niretzat nolabait, koreologiaren ikuspuntutik aztertu baitut; hau da, nola dantzatu behar den. Orain dela 200 eta gehiago urteko Zaldibian halako pertsonaia bat aurkitzea da lehen harridura, dantza-maisuaren figura oso jasoa baitzen garai hartako gizartean. Ez dakigu non hartu zuen formazioa, kartzelan agian. Zaldibian irakasle ere egon omen zen. Zenbait gauzatan oso aurreratua da.

Eta mugitua, itxuraz.
Gora-beherak eduki zituen, lapurretak tarteko. Kartzelatik pasatu zen. Oso emakume zalea zela ere nahiko garbi dago. Gainera, oso polifazetikoa lanbideei dagokienez. Oso bizitza mugitua izan zuen. Saldu izan digute kontraesan asko zeuzkala, eta nabaria da bere pentsakeran eta jokabidean. Baina ez da erraza zenbateraino jakiten, adierazpide askotan zentsurarekin kukuka ibili baitzen.

Gipuzkoako dantzen liburuan?
Badaude kontraesanak. Liburuaren edukien zati handiena oso apologetikoa da: ohitura zaharrak galtzen ezin direla utzi, danbolinteroak moda berriko musika jotzen ari direla eta betikoak baztertzen… Dantzekin, berdin. Baina dantza eta dantza-mugimendu eta aldairekin bestelako informazioa eskaintzen digu.

Nola deskribatu zituen?
Iztueta horretan oso zehatza da. Dantza aberastasuna bazegoen. Musikan ere bai. Idatziz deskribatu zuen mugimendu bakoitza. Ez dira erabat konpletoak, informazioa falta da batzuetan. Bere esanetan, ez zituen denak deskribatu, eta pena da. Zer edo zer galduko genuen hor.

Deskribapen haietatik birsor liteke dantza bat?
Batzuk ezin ditugu interpretatu, mugimenduak galdu direlako edo ez garelako gai errekonozitzeko. Oraindik lan handi bat egiteko dago: horiek nondik datozen ikustekoa. Hain zorrotz deskribatuta, jatorriz erabat herri dantzak izatea zaila da; ez da posible herriak jatorritik hain zorrotz dantza egitea. XVI. mendeko Berpizkundetik bazetorren ohitura bikoitz bat: nobleziak saloietan egiten zituen dantzak, herriak imitazioz ikastekoa. Aldi berean, goiko jendearen hezitzaile ziren dantza-maisuen iturria herri-dantzak ziren. Joan-etorri ziklikoa zen.

Beraz, Iztuetak jasotako dantzak maila batekoak ziren?
Pentsatzen dugu hemen ere halako zerbait gertatu zela. Gipuzkoako dantzek daukaten maila jaso hori, seguru asko eskola-dantzatik dator. Europan XVII. eta XVIII.eko eskuliburuak badira, Iztuetaren oso antzekoak deskribapen aldetik. Hortik leitu edo jaso zuen zer edo zer? Hori jakitea falta da.

Zer da Iztueta dantzarako?
Goierritarra izanda, eta gu, dantza talde bezala (Aurtzaka) Goierrin egonda, oso pertsonaia erreferentziala da. Batetik, aldarrikatu beharra daukagu goierritarra zela, nola ez. Bestetik, gaur egun ‘Gipuzkoako dantza’ bezala ezagutzen dugun dantza-sistema osoa berak moldatu eta bultzatu ez bazuen ere, zalantzarik ez da berari esker bultzatu zela eta jaso dugula, batez ere.

Zuek aurkitu duzue Iztuetaren dantzakera mantendu duen beste korronte bat.
Ez nioke korronte deituko. Aspaldian ezkutuan, eta ondorioz bazterrean geratu den dantza-sistemaren hainbat ezaugarri aurkitu eta berreskuratu ditugu Goierrin. Ordizian, Beasainen, Seguran, Zumarragan… Azken 15-20 urtean horri begira aritu gara, bertako dantza-maisu zaharrekin eta. Sorpresa asko izan ditugu. Gipuzkoar dantza bezala estandarizatu eta homologatu den sistema, Iztuetarekin konparatuta askotan ez dator erabat bat. Aldiz, hemengo dantza-maisu zaharren bidez iritsi zaiguna, oso bat dator.

Zein zen bere kezka?
Dantza zaharrak galtzen ari zirela. Orduan kontradantzak jarri ziren modan, Ingalaterra eta Frantziatik etorrita, Europa guztian. Musika eta mugimendu berriak ziren, eta hemengo modu zaharrak galtzen ari zirela esaten du.

Nolakoa zen hemengo ohitura?
Batez ere ezpata-dantzak, soka-dantzak eta trokeo motako dantzak zeuden. Ezpata luzeekin ilaretan egiten zen. Ziurrenik garai bateko sokadantzak zeuden gehiena zabalduta. Kontradantzak, aldiz, bikoteka, launaka, zortzinaka egitekoak ziren. Moda berriaren eta zaharraren artean fusio bat eman zen, eta hortik etorri dira oraingo brokel-dantzak, uztai txikiak, erremintekin egiten direnak… Iztuetak moda berri hauek kritikatzen ditu, baina, aldi berean, onartzen ditu lehengo sistema zaharrean egoki txertatzen badira.

JUAN_INAZIO_IZTUETAREN_ERR copiaJose Inazio Iztuetari buruzko erreportajea irakurtzeko, sakatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>