«Abentura-eskalada pasiotik irteten dena da, bizitzeko era bat da»

Arkaitz-Iurrita-2

Bilbo Mendi Film Festival jaialdian emango dute Arkaitz Iurritak (Ormaiztegi, 1980) ekoitzi duen Al otro lado de la cuerda (Sokaren beste muturrean) dokumentala, abenduaren 9an. Eskalatzeko urte sasoia du udazkena; eskiatzailea eta erakuslea ere bada, eta Antartikara joango da aurki, 10. urtez, zientzialarien mendi gidari.

Eskalatzeari buruzko ‘Al otro lado de la cuerda’ dokumentala ekoitzi duzu. Nolatan?
Javier Valerok proposatu zidan. Zinemara dedikatzen zen, mundu hori utzi eta eskaladako irudiak grabatzen hasi zen. Pirinioetan leku oso politak daude, baina eskalatzen ni bakarrik azaltzeari ez nion zentzurik aurkitzen. Orduan, leku bakoitzean eragin gehien izan duten edo bide politenak zabaldu dituzten pertsonei aukera ematea pentsatu nuen, biok eskalatzeko. Nire ikuspuntutik, Pirinioetan eskalatzeko leku politenak azaltzen dira, eta asko eman duen jendearen atzean zer dagoen kontatzen da: zergatik eta nola egiten dituzten gauzak…

Alderdi humanotik?
Alderdi askotatik. Humanoa, baita etikoa ere, niretzat oso garrantzitsua. ‘Zortzimiletan’ bezala, niretzat kontua ez da tontorrera iristea; nola iristen zaren baizik. Zer bide, zer joko jolastea erabakitzen duzun. Kontua ez da pareta bat edozein modutan irekitzea. Aukeratu ditudan pertsonek gauzak niri gustatzen zaizkidan bezala egiten dituzte; ezberdin euren artean, baina interesgarri denek. Arlo oso-oso teknikoa ere badago, baina alderdi humanoa asko sartzen saiatu gara.

Zenbat kide gonbidatu dituzu?
Bost leku eta sei pertsona dira, toki batean –Ordesan– bi alditan grabatu dugulako. Sarrera Jean eta Pierre Ravier anaia frantsesekin egin dugu, Pirinioetan eskalada irauli zutenekin. Eskaladako ikuspuntu hau ez delako gaur sortu; iragan bat dauka, Ravier anaiena.

Zaila egin al zaizu lagun batzuk bakarrik aukeratzea?
Bai. Leku eta pertsona batzuk islatu nahi nituen, Pirinioetan egin duten guztiagatik. Eduki dudan barneko arazo bat izan da zergati hau bai, bestea ez. Adibidez, Goierrin bada pertsona bat dokumental honetan egon beharko zukeena: Mikel Saez de Urabain. Pirinioetan egiten ari dena nik egin dudana bezainbeste edo gehiago da. Ezin sartua pena izan da.

Eskaladako Raviertarren filosofiak jarraipena badu, beraz.
Bai. Garai bat markatu zuten. Noski, hau pertsonalki dudan ikuspuntua da, eta nik ezin dut esan eskalatzeko modu bat ona dela edo beste hura txarra. Nik zer baloratzen dudan adierazi dut, nire ikuspuntutik.

Zer balore adierazi nahi duzu?
Pareta bat zure mailaren arabera zabaldu behar duzu, ezin duzu ireki gainditzen ez duzun bat. Adibidez, taladro batekin sartu, eta behetik gora 300 metro zabal litezke, munduko biderik gogorrena. Baina makina batekin jardun naiz, eskailera batzuk jartzen tontorrera iristeko. Horrek niretzat ez dauka balorerik.

Eta zer bilatzen duzu?
Paretara sartu aurretik, irakurtzeko zer gaitasun daukan batek balio du, era txukunean igotzeko erraztasunak harriak non emango dizkizun jakiteko. Zure gaitasunekin igotzeko gai izatea da kontua, pareta ahalik garbien utziz.

Eskalada puruena, agian?
Oso ezberdinak dira kirol eskalada eta eskalada mota hau. Gu ez gara ekipatzaileak, guk pareta bat irekitzen dugu ahalik eta marka gutxien utziz. Nik hori saritzen dut. Abentura eskalada pasio batetik irteten dena da, bizitzeko era bat da.

Arkaitz-Iurrita-3«Pirinioetako leku politenak agertzen dira ikuskarian, eta horietan asko eman duen jendea»

«Zure gaitasunekin igotzeko gai izatea da kontua, paretan ahalik eta marka gutxien utziz»

«Pareta bat zure mailaren arabera zabaldu behar duzu, ezin duzu ireki gainditzen ez duzuna»

«Orain eskalatu egiten dut gehiago. Antartikara joango naizen 10. urtea dut, mendi gidari»

«Nik kirol eskalada asko egin dut. Kirol eskalada da paretakoa egiteko oinarria»

Mailaketa gustatzen zaizu?
Nik kirol eskalada asko egin dut. Areago, kirol eskalada da paretako eskalada egin ahal izateko oinarria. Paretakoa, azken batean, alpinismoaren eta kirol eskaladaren uztarketa da. Argi dago, dokumentaleko eskaladak zailtasunekoak dira. Beraz, mailaketak badu garrantzia, zailtasun horren bila goazelako. Baina beste arlo gehiago ere edukitzen dira kontuan.

Zuk zer maila duzu?
8b. Kirol eskaladan arlo fisikoa eta teknikoa oso garrantzitsuak dira. Baina arriskuaren faktorerik ez dago, aktibitate segurua da. Abenturako eskaladan arriskua sartzen da, eta beste joko bat da. Oso-oso zaila da pareteko eskaladan kirol eskaladako zailtasunera iristea. Muga batzuetatik ezin duzulako pasatu.

Kirol zalea izan zara txikitatik. Horretan segitu duzu lanean.
Bai. Mendia, eskia… Orain eskalatu egiten dut gehiago. Astunen eskiko monitore jarraitzen dut zerbait. Gutxi, zeren urtero Antartikara joaten naiz, mendiko gidari lanera. Zientzialariekin lan egiten dut, glaziarretan logistika egiten diegu, eta segurtasuna mantendu. Hau hamargarren urtea izango da. Bi hilabete eta erdi egingo ditut. Abenduaren 26an joango gara. Aurten, Gabonak etxean.

Mendi gidari non ibili ohi zara?
Antartikatik etorritakoan, mendiko eskiko gidari bezala lan egiten dut, Alpeetan-eta, astebeteko ibilbideak eginez. Udan, gidari bezala Alpeetan eta Pirinioetan; bai oinez, bai eskalada, bai alpinismoa… Izotz eskaladan ere aritzen naiz, baina ez hain buru-belarri. Udazkena paretan eskalatzeko izaten dut, ahal dudan guztia. Familia ere badugu, alaba bat. Jacan bizi naiz.

Dokumentalarekin gustura geratu zara?
Nik baietz uste dut, baina, beste pertsona batzuen ikuspuntua islatu dudanez, haiei zer iruditzen zaien garrantzitsua da.  Frantsesera eta ingelesera itzulita dago. Diru laguntzarik ez dugu izan, Hernaniko Totem etxearena izan ezik. Finantzatu gabeko proiektu bat noraino irits daitekeen ez dakit. Gu irekita gaude. Lan honek lau euskarri ditu: Javier Valero, Eli Azurmendi margolaria (bideen marrazkiak egin ditu), eta Luis Camino eta Iñaki Salvador, musika originala egin digute. Kuraiakoek abesti bat utzi digute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>