Txanogorritxo eta otsoak

Antxiñe MendizabalCharles Perrault idazle frantsesa (Paris, 1628-1703) klasikotzat jo ohi ditugun hainbat ipuinen egilea da, besteak beste, Txanogorritxo. Ez dut zalantza egiten, irakurle, ipuina ezagutzen duzula, eta askok izango zarete zuen seme-alabei ipuina irakurri diozuenak edota zuen alaba, inoiz, Txanogorritxoz mozorrotu duzuenak.

Ipuin klasikoak maite ditut, eta gustuko dut ipuinek gorde ohi dituzten esanahi ezkutuetan arakatzea. Hainbat eta hainbat irakurrita konturatu naiz, normalean, gaur egunera iritsi zaizkigun bertsioak aldatuak daudela, leunduta, esan ohi denez, gure haurren sentikortasuna ez zauritzearren, ziur aski. Jatorrizko bertsioak gordinagoak izan ohi dira beti eta, gainera, irakasgairen bat proposatu ohi digute.

Hona hemen, esate baterako, Charles Perraultek Txanogorritxo ipuina idatzi zuenean erantsi zion ikasgaia: «Nerabezaroan, neskatxa polit, atsegin eta herabeek bereziki ez dute konplazentziaz entzun behar esaten zaien guztia, izan ere, horietako asko otsoen harrapakin bihurtzen dira. Eta kontuan hartu otso guztiak, itxuraz berdinak ematen duten arren, ez direla izaera berekoak. Badira maltzurkeria handia dutenak, isilak, ez gorrotorik ez mingostasunik erakusten ez dutenak, eroapen eta gozotasun handikoak, ezkutuan, ordea, neskatxak beren etxeetaraino jarraitzen dituztenak, kale estuetan barrena; hain justu, jakina da otsorik lausengarienak direla, guztien artean, ankerrenak».

Iazko San Fermin jaietan gertatu den sexu-erasoaren epaiketaren harira irakurri dudan emakume erasotuaren epailearen aurreko deklarazioak Txanogorritxo ipuina ekarri dit ezinbestean gogora, Iruñean, erasotzailea otso bakartia izan beharrean otso-saldo bat izan bada ere: «… adiskide otsoarekin topo egin zuen, eta honek jateko gogo handia izan zuen, baina ez zen ausartu inguruan egurgile batzuk zebiltzalako…»; «ondo da, esan zion otsoak, nik ere amona ikusi nahi dut, ni bide honetatik joango naiz, eta zu hortik, ikusiko dugu zein iristen den lehenengo»; «… utzi opila eta gurin potoa apalean eta zatoz nirekin etzatera, esan zion otsoak…». Esatekoa da Charles Perraulten jatorrizko ipuina ez dela amaitzen guk ezagutzen ditugun bertsioaren antzera. Hemen duzu egiazko amaiera: «… eta hitz horiek esanda, otso gaiztoa Txanogorritxoren gainean oldartu zen eta jan egin zuen». Ez dago amaiera edulkoraturik; Perrault gehiago hurbiltzen da errealitatera Walt Disney baino.

Bitxia da: Charles Perraultek, XVII. mendean eta azken hamarkadetako feministarik polemikoenak sexu-erasoen inguruan antzeko hausnarketa egiten dute. Virginie Despentesek (Nancy, 1969) King Kong teoria liburuan dio: «Bortxaketa arrisku saihestezina da emakumearentzat, emaku-meek gogoan izan behar duten arriskua, etxetik irten eta askatasunez ibili nahi badute». Camille Paglia feminista amerikarrak (New York, 1947) ere antzera dio: «Emakume izanik eta kanpora irteteko arriskua hartu nahi izanez gero, oso litekeena da zerbait gertatzea».

«Otsorik lausengarienak direla, guztien artean, ankerrenak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>