Irribarreak soberan eta opari ospitalean

Ordizia saskibaloi elkarteko jokalari gazteak Zumarragako ospitaleko langile batzuekin.

Ordizia saskibaloi elkarteko jokalari gazteak Zumarragako ospitaleko langile batzuekin.

Goierriko kirolari gazte batzuk irribarreak banatzen ibili dira Gabon aurreko egunetan Zumarragako ospitalean. Bertan ingresatutako haurrak bisitatzen eta opariak banatzen izan dira. Duela urte batzuk Urretxu-Zumarragako Urola futbol taldeak ezarri zuen ohitura, eta azken Gabonetan beste kirolari eta talde batzuk elkartu dira ekimenera: iaz, esaterako, futboleko maila gorenean jokatzen duten Dani Garcia eta Mikel Balenziaga joan zitzaien bisitan, baita Ordizia errugbi elkarteko jokalariak ere; aurten, Ordiziako saskibaloi taldeko kide batzuk izan dira.

Kamisetak, baloiak, motxilak, argazkiak, autografoak… banatzea eta ospitalean dauden haurrekin eta haien familiekin tartetxo bat konpartitzea da kirolari gazte horien zeregina. Zumarragako ospitalean ez da egoten ume asko ingresatuta, eta haur jaioberriak bisitatzera joaten dira kirolariak, baita pediatria kontsultetan daudenak ere. Txikiek ondo pasatzen dute, baina baita haien familiakoek ere. Ospitaleko langileek ere gustura hartzen dituzte bisitak.

Ez dira kirolarienak Gabon egunetan ospitalean izaten diren bisita bakarrak, gabon kantak abestera ere joaten direlako, tartean Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasle batzuk.

Erregeak gaur bertan

Erregeak, berriz, gaur bertan joango dira, arratsaldean. Hauek gaixo guztiak bisitatuko dituzte eta opariak banatuko dizkiete. Gaixoen gelak eta larrialdien eta hemodialisiaren guneak ez ezik, ospitaleko beste toki batzuk ere bisitatuko dituzte, jangela eta farmazia, besteak beste.

Opariak, bestalde, gabon irudiak margotu dituzten bertako langileen seme-alabentzako ere izango dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>