Azken Sustraiak taldearen ‘Azal berri bat’

Azken_Sustraiak_musikaUrtebete baino gutxiago behar izan du Beasaingo Azken Sustraiak musika taldeak taldea sortu, hamalau kantu osatu eta diskoa grabatzeko. Labetik atera berria da Azal berri bat diskoa, eta larunbatean aurkeztuko dute Beasaingo Melmak Gaztetxean, 22:00etatik aurrera.

Xabi Etxezarreta (gitarra) eta Josu Agirre (ahotsa) beasaindarrek, Unai De Miguel olaberritarrak (bateria) eta Ander Mendiluze tolosarrak (baxua) osatzen dute Azken Sustraiak. «Xabik eta biok 9 urte egingo ditugu elkarrekin jotzen, lehenengo Herri Gudan eta orain The Sinners taldeetan. Kezka asko ditugu, zerbait desberdina sortu nahi izan dugu, estilo bateko zerbaitekin ari bagara beste zerbait sortzea nahi izaten dugu… Musika gustatzen zaigu orokorrean, ez zerbait zehatza», gogoratu du Agirrek. Honela, arratsaldeak libre zituztenez, eta The Sinners taldeko gainerako taldekideek ezin zutenez, Etxezarreta eta Agirre elkarrekin hasi ziren Antzizar kiroldegiko lokalean elkartzen; Agirre letrak sortzen eta Etxezarreta kantuak sortzen. «Zerbait egin zitekeela ikusi genuen», adierazi du Agirrek.

Baxu eta bateria-jotzaileak beharrezkoak zituzten, ordea, proiektu berria aurrera eramateko. «Pentsatu genuen, eginda geneuzkan lau abestiekin maketa bat grabatzea, maketa proiektuaren aurkezpen euskarri erabiltzeko asmoz. Maketa grabatzen ari ginela Anderrekin eta Unairekin harremanetan jarri eta lortu genuen taldea osatzea. Garrantzitsua zen maketa esku artean izatea, estiloa eta proiektua ezagutzeko».

Erreferentzia ugari

Jakinminez, zer sortu duten galdetuta, honela erantzun dute Agirrek eta Etxezarretak: «Ez dugu ezer asmatu! Abesti bakoitzak guri gustatzen zaigun talde baten eragina dauka, gure erara moldatuta». Beasaindarren esanetan, «entzuten dugun musikatik hartutako gauza puntualak dira. Oso zaila da, inongo erreferentziarik gabe, zerbait berria sortzea. Estilo askotakoak entzunda, ezin da estilo bakar batera mugatu». Besteak beste, Californiako Social Distorsion rock and roll punka, Arrasateko Never Surrender punk oi! dituzte ere erreferentzi. Estilo nahasien uztarketa egin dute. «The Sinnersen musika, makarragoa edo zikinagoa da, Azken Sustraiak taldearena, suabeagoa, teknikoagoa, musika landuagoa da».

Etxezarretak oinarria egin eta taldekide bakoitzak bere ekarpenak eginez osatu dituzte abestiak. Letrei dagokionean, kritika sozialaz gain, sentipen edo sentimendu pertsonalagoak ere idatzi ditu Agirrek. «Asko bidaiatu dut, hegazki-nean 12 orduko bidaiak egin behar izan ditut eta ordu horietan idazteko zortea izan dut». Zazpi kantu euskaraz dira eta beste zazpi gazteleraz: «Nik erraztasun gehiago daukat letrak erdaraz egiteko, musika gehiago entzuten dudalako erdaraz. Errimak eta errazago etortzen zaizkit. Baina nahita erabaki dugu, erdi eta erdi egitea, euskaraz hemengoak garelako eta kontzertuak kanpoan ere egin  nahi ditugulako».

Diskoa kalean

Urte bete baino gutxiagoan 14 kanta sortu dituzte. «Sekula ez dugu hain denbora gutxian hainbeste sortu», nabarmendu du Agirrek. Urrian hasi ziren diskoa grabatzen eta dagoeneko esku artean dute Azal berri bat izeneko diskoa. «Ez genuen jarri nahi abesti baten izena. Abesti bateko letra zati bat da. Gure parte den zerbait berria da, esan nahi du metaforikoki». Iruñeko Sound of Sirens estudioan grabatu dute. Oso gustura daude emaitzarekin. Agirreren eta Etxezarretaren laugarren diskoa da, eta haien ustez, «orain arteko onena eta osoena».

Diskoa 7 euroan salduko dute. Sare sozial bidez jakinaraziko dituzte salmenta puntuak, baina momentuz, Beasaingo Xuber eta Arrano tabernetan, Lazkaoko Giroan eta Ordiziako Haka pubean eros daitezke. Interesa duenari postaz bidaltzeko asmoa daukate eta horretarako mezua bidaltzeko eskatu dute. Plataforma digitaletara  (YouTube, Spotify…) ere igoko dute. Kontzertuetan ere jarriko dituzte salgai. Oraingoz, bihar Beasainen, hilaren 26an Ordizian eta hilaren 27an Errenterian dituzte kontzertuak hitzartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>