Sagarren sekretua

Gabino Murua, sagarrondoak iñausten.

Gabino Murua, sagarrondoak iñausten.

Urtarrilaren 30ean eta 31n sagarrondoen inguruko ikastaroa eskainiko dute 10. urtez Gabirian. Gabino Murua gabiriarrak emango du ikastaroa. Teoria eta alde praktikoa landuko dituzte. Jada 30 lagunek eman dute izena.

Gabino Muruak beti izan ditu sagastiak Gabirian. Haurtzaroko garaiak oroituz dio baserri guztietan zeudela sagarrondoak, are gehiago, «hainbatetan sagardoa ere» egiten zutela. Sail onenak sorotarako izaten ziren, «garia ereiten zen batez ere garai hartan». Soro bazterrak edo leku malkartsuenak aukeratzen ziren, aldiz, sagarrondoak landatzeko.

Muruari etxetik datorkio hortaz sagarretarako zaletasuna, baina bidean ezagutu dituen hainbat eta hainbat pertsonaren ezagutzak ere lagundu dio sagarraren munduan sakontzen. Santi Redondo, Gabirian bizi zen santanderinoa da burura datorkion lehenengo izena. «Laguna nuen, eta asko zekien garai haietarako —orain 40 bat urte—», zehaztu du. Hark irakatsi zizkion inausketa kontuak. «Neguko tratamenduen inguruan ezagutu ditudan pertsona guztien artean hura zen gehien zekiena».

Idiazabalgo Ramon Aseginolaza ere izan zuen irakasle, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ikastaro batean Josu Osa ere ezagutu zuen. Osa teknikaria zen garai hartan eta dioenez, «teoria mailan Euskal Herrian gehien zekiena zen orduan». Bien arteko harremanak gaur arte iraun du, eta Osak, Gabirian egiten den Errezil Sagar azokan urtero parte hartzen du.

Ikasitakoa irakastea

Gehiago jakiteko eta ikasteko grina horrek bultzatuta kanpora ere asko joan izan da Murua beste errealitate batzuk ezagutzeko asmoz. Lleidan lauzpabost uda igaro zituen bertako nekazariekin, esaterako. «Nekazaritza intentsiboa egiten dute han, sagasti sail handiak dituzte eta modu ezberdinean zaintzen dituzte sagarron-doak». Baina azken urteetan nonbait ikasi badu, Badajozen izan da. «Senitarteko batzuen bitartez lagunak egin nituen Badajozen. Kooperatiba bat dute, 100 hektarea inguru dituzte. Extremadurakoa oso esperientzia polita izan da. Zalantzarik gabe, asko ikasi dut beraiekin», nabarmendu du.

Baina berak ikasitakoa besteei irakastea ere badu helburu Muruak. Horregatik, orain 10 bat urte «sagarraren mundua sustatzeko zer egin genezakeen hausnartzen hasi ginen Gabirian», oroitzen du. Ordu hartan jendeak gaiaren inguruan bazuela jakin nahia sumatu zuten, «baina zailtasunak zituzten informazio egokia eskuratzeko». Horrela, sagargintzaren inguruko ikastaroak antolatzen hasi ziren Gabirian.

Lehendabiziko saio hartan Josu Osak, Ramon Aseginolazak, Manex Aranburu Goimeneko teknikariak, Zeraingo Joxe Martin Altunak eta Muruak berak parte hartu zuten. «Oso saio interesgarria» izan zela dio, denek ikasi zutelako zerbait. Ordutik urtero egin izan da ikastaroa. «Teorikoa nik eman izan dut beti eta alde praktikoa Ramon Aseginolazak. Aurten lehenengo aldiz nik neuk emango ditut biak», zehaztu du.

Aurtengo ikastaroa hilaren 30ean eta 31n egingo dute, ohi bezala Gabiriako Erbie elkar-tean. «Jada 30 bat lagunek eman dute izena», Muruaren hitzetan. Ikastaroak beti sagargintzaren ingurukoak izaten dira. Inausketaz eta txertaketaz hitz egiten dute, baina baita sagarrondoek behar dituzten zaintzez, edo bertaratzen direnek izan ditzaketen kezkez ere.

Udaberrian loraldia

Beste zenbait gauzaren artean, negua sagarrondoek atseden hartzeko garaia dela azalduko die Muruak ikastarora gerturatzen direnei. Dioenez, horretarako beharrezkoa da hotza egitea «gutxienez 700 bat ordu 8 gradutik behera». Sagarron-doek neguan hotza behar dute berrindartzeko, eta udaberrian alea emateko. Iazko denboraldia jarri du adibidetzat Muruak: «2017an sekulako uzta izan dugu, gehiegizkoa ere bai. Zergatik? Otsailean aste osoa zero azpiko tenperaturekin igaro genuen. Jada mugitzen hasita zeuden sagarrondoak erabat gelditu ziren eta ondorioz ale ugari eman zuten udaberrian».

Udaberrian, aldiz, behin sagarrondoak loratzen hasita daudenean, ez da komeni hotzik egitea: «Zero azpitik 2 gradura arte mantendu dezakete lorea, baina hortik behera erabat galtzen dute». Ez hotzik, ezta euri askorik edo hezetasun gehiegirik ere. Zergatik? «Lore bat ale bihurtzeko polinizatu egin behar da. Polinizazioa erleek egiten dute %80an. Lore hautsa batetik bestera garraiatzen dute, baina bustita badaude nekez egin dezakete beren lana». Polinizazioa arrakastaz burutzeko sagarrondo barietate bat baino gehiago elkarren ondoan landatzea komeni da, «barietate batek gutxitan polinizatzen baitu bere burua», Muruaren hitzetan.  2017a alde horretatik ere ikusgarria izan zela dio: «Udaberri lehorra izan genuen, eguraldi ona eta erleak etengabe lanean».

Baina sagarrondoek ale gehiegi ematea ere ez da beti ona. «Indarrik gabe gelditzen dira eta hurrengo urtean ezin behar adina ale eman». Horregatik ale asko dutenean komeni da bakantzea, hau da, «aleak kentzea. Bakantze hori eskuz egin daiteke, baina produktu kimikoak ere badira horretarako, nahiz eta guk ez erabili.  Dena dela, kimatzean konturatuz gero begi gehienak lore-begiak direla, orduan ere bakandu litezke sagarrondoak lore-begiak moztuz».

Neguan sagarrondoak kimatu eta ongarritu egin behar dira loraldirako

Uzta ona ala txarra izatea eguraldiaren menpe dago askotan, baina sagarrondoei aparteko zaintzak ere eman behar zaizkie, gaitzei aurre hartzeko, edo indartzeko, adibidez.

Muruaren iritziz sagarrondoak «simaur zaharrarekin» ongarritzea komeni da, beti ere, lorea irekitzen hasi aurretik, «udazken amaieratik negu erdira arte edo, onena», dio. Neguko tratamenduan kobrea da gehien erabiltzen dena eta bi edo hiru tratamendu egin litezke. Ekologikoan, adibidez, tratamendu gehiago behar izaten da.

Eta amaitzeko, kimatzea. Bi garaitan kimatzen dira zuhaitzak: neguan eta udaberrian. «Neguan adar lodienak mozteko egiten da», zehaztu du Muruak; udaberrian, berriz, «sagarrondoak izerditan daudela altzumak kentzeko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>