Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Azken urteotan, euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen diferentzia (arrakala erabili ahalko genuke, agian) dela eta, nahikotxo nagusitzen ari da ideia bat: euskaraz hala moduz izanda ere, egitea dela inportanteena. Alegia, euskararen erabileran kalitate-aberastasunaren gainetik lehenetsi behar dela erabiltzea, nola hala komunikatzea. Pixka bat es mucho filosofiaren ildoak indarra hartu du euskararen gaineko hizpide publikoetan.

Lehengoan, irratian Jon Sarasuari joera honi buruz galdetuta, kritiko agertu zen eta denak ez duela balio zioen. Izan ere, inguruneak eta egoerak hainbat izanik, hizkuntza bizia eta indartsua izateko denean eta beti filosofi malgu hori aplikatzeak bere arriskuak dituela zioen. Nik, areago, esango nuke etxetik eta herritik euskaldunak garenon askorentzat oso egoera erosoa planteatzen duela ideia horrek. Ez dugu guretzat hartzen, gu euskaldun zahar eta zintzoak izanik, ustez, ez baita gure arazoa hizkuntzaren kalitate edo aberastasun eza; hori euskarara etorri direnen arazoa baita. Eta hori horrela izanik, esfortzu askorik ere ez dugu egiten gure hizkuntza aberasteko, lantzeko eta hobetzeko. Basoak eskuetan, halako elkarrizketa batzuekin genbiltzala, ederra ikusi genuen lehengoan. Gure artean zenetako gazte bat gaztelaniaz azalpen batzuk eman nahian hasi zen, gaztelania trakets eta aldrebesean. Denok barrez jarri gintuen bere erdarazko trebezia ezarekin. Barre algarak bukatzerako, hark ondoan zuen anaiak, txiste bat kontatu zuen: gaztelania hutsean eta gaztelaniazko hitz joko batekin grazia eraginez. Halako egoerak askok eta askotan bizi izan ditugu. Pentsatzen jarrita, ez ote gaituzte halako jarrerek gaztelaniaz aberatsago egin ez eta Munoa-Gorrotxategieuskaraz pobretzen? Zuk, zer diozu, Eneritz: pixka bat mucho al da?

Eneritz Gorrotxategi

Niretzako pixka bat ez da mucho, baina ezta zuk diozuna ere. Pittin bat dela esango nizuke. Izan ere, euskaraz bi hitz egiten hasten den horrek (eta ez naiz ari «kaixo» edo «gero arte» esaten duenaz bakarrik), jarrera bat adierazten du, hizkuntzarekiko errespetu bat, herriarekiko atxikimendu bat, bestearekiko konpromiso bat. Ikasten duen neurrian joango da kalitatea ere hobetzen eta hor, nik uste dut, badugula sortzez euskaldun garenok zer esana. Hasi berria den horri esparru bat eskainiz gero, konfidantza giroan hizkuntza horretan mintzatzeko tartea, hobetzen joango da. Horixe da bada Mintzalaguna eta gisa horretako ekimenen funtzioa, ezta? Euskaldun zaharroi ere axola behar liguke berriak erakartzea, hizkuntzarekiko ardura ez baita bakarrik euskaldun berriena. Darabilen horrek ongi erabiltzea ere zaindu beharko da, ezta? Beste kontu bat da, erakunde publikoetatik egiten diren kanpainetan zeri erreparatzen zaion. Euskara jakin baina erabiltzen ez duen hori euskaraz mintzatzera bultzatu nahi da, baina ekimen ia guztiak ingelesezko hitzak erabiliz egiten dira, ezta? Horrek niri bederen, zer pentsatua ematen dit.

Eta umorea aipatu duzunez, jabetzen naiz umorearen lehen printzipioa, norbere buruaz barre egiten jakitea izan behar lukeela, baina hizkuntza baten erabileraz barre egitea ez dakit beti ote den zilegi. Ez dut uste euskaraz pobreago izango zarenik gaztelera traketsean ari denari barre egiteagatik, baina uste dut anaiak garbi utzi zuela gaztelera traketsean ari zenari barre egin baino hobe zela beste txiste batengatik barre egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>