Negua reggae doinuz

LegoReggae_2018_aurkezpenaMartxoaren 10ean reggae doinuak itzuliko dira Legorretara. Aurtengoan LegoReggae berrikuntzekin dator. Kalejirarekin berotuko dute giroa aurrez, ondoren Euskal Herriko zein nazioarteko taldeekin jaialdia borobiltzeko.

Negua azkenera iristen doan honetan urtaroaren azken egunak goxatu nahi ditu LegoReggaek. Martxoaren 10a izango da aurtengo edizioko data eta azken bi urteetan egin den bezala Legorretako Harripila Kiroldegiak jasoko ditu kontzertuak.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, izen handiko musikariak bildu nahi izan dituzte, urtetik urtera jaialdia hobetzeko asmoarekin. Reggae talde arrakastatsuak biltzea ez da izan arduradunen erronka bakarra, izan ere, 22:00etan hasiko dira kontzertuak, baina aurreko urteetako giroa ikusita, kalejira musikatua prestatu dute jai giroa arratsaldetik berotzen joan dadin. Uribe Kostatik (Bizkaia), Bass Herri Sound System-ek girotuko ditu Legorretako kaleak, 18:00etatik aurrera.

Festa anitza eta borobila

Jaialdiko taldeak etxekoak zein nazioartekoak izango direla azpimarratu dute antolatzaileek, reggaeko azpi-estiloak ekarriz.

Xiberoots eta Glaukoma izango dira euskal ordezkariak. Kataluniatik, berriz, Under Selector taldeko  kideak gerturatuko dira. Frantziako LMK eta Irie Ites reggae taldeak ere izango dira Legorretan. Antolatzaileak, azkenik, oso gustura gelditu dira maila handiko artistez gain, lehen aldiz, Jamaikako bi taldek joko dutelako: Stranjah Miller eta King Kong taldeek.

Musikarien aniztasunetik harago joan dira ordea aurtengoan. Berdintasunera gerturatzeko bidean eta aldi berean ahalik eta jende gehien biltzeko nahiarekin, bukle magnetikoa jarriko dute. Horrek entzumen zailtasunak diztuztenei lagunduko die jaialdiaz gozatzen.

Sarrerak harrera ona izaten ari dira. Legorretan, Beasainen, Ordizian eta Tolosan daude salgai; www.ticketea.com-en ere badaude eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>