Ane Azurmendi eta Maider del Olmo

Ane Azurmendi Lasa

Kemena. Horixe beharko dugu aurrerantzean ere, atzoko greba hotsak itzaltzen direnean. Ez dut uste, baina, aukeraketa kontua denik beti; batzuetan ez dago beste erremediorik, eta aurrera egin beharra dago. Premia da, bizitzeko eta duintasunez egiteko, gainera. Ez dugu geuk aukeratu gizarte eredu honetan bizitzea, nahiz eta egunero elikatzen dugun geure soldatapeko lanarekin eta kontsumoarekin. Baita gure arteko harreman ereduekin ere, zenbaitetan menderakuntzan oinarritutako erlazioak baitira, eta ez soilik gizon eta emakumeen artekoak direnean. Bestalde, prekarizazioak bere hatzaparretan hartu gaitu gutako asko. Euskalgintza deritzon horretan gabiltzanoi, neure adibidea jartzearren, hilero mila euroko soldata ematen digute, etxebizitzaren alokairua ordain dezagun. Sobratzen zaigun diruarekin bultzatzen gaituzte astean behin lagunekin pintxo-potera joatera, autoa erabiltzera, merkealdian arropa erostera, burukoak ez gorputzeko beste ile guztiak kentzera, dirua xahutzera gorputzerako eta aurpegirako ukenduetan. Hitz gutxitan: ezer pasako ez balitz bezala, eder eta eraginkor agertzera jendaurrean, gero benetan etxean lur jota bagaude ere, irentsi egiten gaituelako eredu honek, zaborretara botatzeko gero. Hala eta guztiz ere, hain gaizki ez gaudela esaten dugu, okerrago daudela etxeko langileak, kasu: baldintza are prekarioagoetan. Azurmendi-DelOlmoBada, haiengatik eta guregatik, datorren urtean, berriro. Indartsuago.

Maider del Olmo Zubeldia

Bai, datorren urtean berriro eta indartsuago ekingo diogu. Martxoaren 8an eta egunero. Sistema patriarkala oso errotuta dago, etxean, lanean, kalean, zinean, eskolan… Batzuetan errazagoa egiten zaigu besteenean gertatzen denaz aritzea, horiek larritzat jotzea. Ni, ordea, gure inguru berdinzale eta feministan gertatzen direnekin nago kezkatuta. Azken hilabetean hainbat gizon entzun behar izan ditugu protestan. Atzokoan ez zirelako protagonista. Teorian berdinzale eta feminista den gizon horrek egunerokoan sistema honen oinarri diren pribilegioei ez die muzin egin nahi. Zaintza lanak ere ez ditu erdigunean jarri nahi. Eroso sentitzen da umeen eguna emazteak antolatzen dionean, edo erosketen zerrenda neska-lagunak egiten dionean. Semearen motxilan sartu behar duena bikoteak gogorarazten dionean. Lagun taldean dagoenean eta haren ahotsa emakumeenaren gainetik jartzen duenean. Onartu zure pribilegioak eta egin uko. Hori da zure aportaziorik onena. Guk, hemendik aurrera ere, gurean jarraituko dugu, gure lekua hartzen eta zuri pribilegioak kentzen; desoreka estruktural honekin amaitzeko. Eredu honekin bukatzeko: Ekairi nahi duena izaten utzi ez dion jendarte honekin; Rocio zaharrak lan baldintza oso kaxkarretan zaintzea behartzen duen sistema honekin; Saioari, atzo, lanuztea egiteko aukera ere kendu zion sistema honekin; finean, indarkeria molde sexista, klasista eta arrazistekin amaitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>