Margoa eta bolumena

Xabier_Anunzibai

Xabier Anunzibai artista beasaindarrak ‘Bilduma’ erakusketa du jarrita Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan, Kutxa Kultur espazioan. Azken bost-sei urtetako lanen bilduma da. Apirilaren 15era arte dago ikusgai.

Azken bostpasei urteetan egindako lanak bildu ditu Xabier Anunzibai artistak Tabakalerako Bilduma erakusketan.  Guztira,  30 bat lan bildu ditu; estudioan egindako lanak eta aire libreko paretetan margotutako hainbat muralen argazkiak jaso ditu.  «Estilo desberdinak landu ditut,  joera daukat gauza berriekin saiakerak egiteko. Baina erakusketa jartzerakoan konturatu naiz, nahiz eta bariazioak egon,  azkenean lan guztiek lotura handia dutela. Eta lotura gehienbat da, pintura eta bolumena nahasteko joera. Hori da loturarik sendoena. Irudi edo kolore aldetik aldatzen joaten naiz, baina pintura eta bolumenaren arteko lotura beti presente dago. Erakusketa jarritakoan konturatu nintzen lotura estua daukatela».

Material desberdinekin egindako konposizioak, bolumenak, itzalak eta espazio negatiboek definitzen dute batez ere bere estudioko lana: «Estudioko lanari sandwich deitzen diot. Oinarria zurezkoa izaten du, eta beste tapa bat du ixten duena, metakrilatozkoa, eta tartean nahi dudana sartzen dut. Bi kapa bezala ditu, eta barruan zerbait desberdina du». Gehienbat egur eta metakrilatoarekin jolasten badu ere, «paperarekin ere dezente ari naiz aspaldian, soka sartzeko joera ere badaukat… eta gero horren gainean, pinturarekin jolasten dut». Beasaindarraren ustez, «formatua nahiko berezia da, eta horrek egiten du nahiko pertsonala eta bereizgarria izatea».

Kaleko espazioa

Kaleko lana ere eraman du Tabakalerako hormetara. «Muralak margotzea nire lanaren parte garrantzitsua da eta nolabait erakusketan islatu nahi nuen». Muralen argazkiak tartekatu ditu estudioko koadroen on-doan. «Eta askotan, muralek eta estudioko lanek badute lotura. Bi mundu horien arteko lotura ere adierazi nahi izan dut. Loturak sortzea da nire lanaren ezaugarri nagusi bat, bai ideia, teknika zein material ezberdinen artekoa».

Muralak mundu zabalean

Mundu mailan batean eta bestean aritu izan da muralak margotzen. Alemanian, Frantzian, Italian eta Espainian ibilia da, esaterako: «Urtero bidaiak ateratzen zaizkit proiektu desberdinetan parte hartzeko. Pinturarekin bidaiatzen ari naiz, eta jende asko ezagutzeko aukera daukat. Joera berezi bat dago orain, lehen hiri handietan hasi ziren horrelako gauzak egiten eta orain herri txikietara eramaten ari dira horrelako proiektuak».

Castellongo (Herrialde Katalanak) Fanzara herriko esperientzia ekarri du gogora:  «Fanzara herriak 100-200 biztanle dauzka, 2014an 20 artista gonbidatu gintuzten; 5 egunean, 40 mural egin genituen. Herritarrek ere ez zekiten zer gertatuko  zen. Herria oso sakabanatuta zegoen, bi bando oso markatu zeuden, eta gauza da sekulako oihartzuna izan zuela. El Pais egunkarian azaleko argazkia izan zen, eta leku turistiko bat bilakatu da. Eta herria elkartu egin da nolabait. Nahiko gauza kuriosoa da». Gaur egun, «autobusak joaten dira, ikas-leak ere joaten dira… eredu bilakatu da», zehaztu du.

Garai batean Beasain ere famatua egin zen herriko artistek margotutako muralengantik, baina gaur egun Anunzibaik nahiago du toki ezkutuetan eta intimoetan margotzea. «Nahiko espazio intimoak aurkitzen ditut, erdi galduak, ni lasai egoteko ahalik eta distraziorik gutxienarekin, eta espektazio gutxi sortzeko. Baina proiektu desberdinetan parte hartzen dut eta sekulako ikusmina egoten da». Nolabaiteko «xarma» duten paretak eta lekuak bilatzen saiatzen da: «Ez dut margotzeagatik margotu nahi, zerbait gehiago izan behar du atzetik».

Hitzak eta mezuak

Marrazkiaren gainean hitz bat edo esaldi bat idaztea ere Anunzibairen ezaugarrietako bat da, berak sortutako tipografia bereziarekin. «Askotan ez dira aurretik prestatutakoak izaten; margotzen ari naizen bitartean bururatzen zaidan zerbait izaten da, eta ez da izaten gehiegi pentsatutakoa. Momentuak, irudiak edo espazioak sortzen didana izaten da, bere kabuz etor dadin uzten dut. Noiz edo noiz aurretik hitzen bat pentsatuta eraman dut, edo burura ez zaidanean etorri, behartu egin dut eta ez naiz gustura gelditu». Normalean euskaraz idazten ditu mezuak, «eta muralak atzerrian egiten ditudanean, saiatzen naiz bertako hizkuntza erabiltzen».

www.xabieranunzibai.com webgunean ezagutu daitezke bere lanak.

Xtrem izena atzean utzi du Xabier Anunzibai artista beasaindarrak

Xabier+AnunzibaiHan eta hemen Xtrem hitza  idazten egin zituen lehen urratsak Xabier Anunzibai artista beasaindarrak.  «Graffitia Beasainera gerturatzen hasi zenean, arreta handia piztu zigun eta ez niri bakarrik, horretan hasi ginen batzuri, zerbait oso berria zelako». Bide berriak irekitzen joan zen pixkana: « Ni gehiago hasi nintzen figurazioarekin lanean, beste ideia batzuekin. Ikusi nuen izena errepikatze horrek ez ninduela betetzen, baizik eta momentu baten inpultso bat bezala izan zen eta beste lan mota bat hasi nintzen garatzen. Aldi berean, estudioko lanean hasi nintzen, koadroak egiten eta saltseatzen material eta teknika desberdinekin». Gaur egun, Xtrem izena atzean utzi du Anunzibaik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>