Nagore Belastegi eta Iraia Oiartzabal

Nagore Belastegi

Esaten dute bizitzan egin beharreko gauzak hiru direla: haur bat izan, liburu bat idatzi eta zuhaitz bat landatu. Lehena iritsiko da noizbait, agian, bigarrena abian da, eta hirugarrena aspaldian egin nuen. Oroitzen dut Zuhaitz Egunean parte hartu nuenean, Lakiolara joan ginela eta binaka zuhaitz bat landatu genuela. Gure izenekin etiketa bat jarri genion, eta noizean behin bisitan joaten natzaion, etiketak kolorea eta nik interesa galdu genuen arte. Baina harro sentiarazten dit pentsatzeak paraje eder horretan nik landatutako zuhaitz bat dagoela. Pasa den igandean ospatu zen Zuhaitz Eguna eta Legazpiko haur pila bat igo ziren Lakiolara, beste behin, urteroko lana egitera, eta pentsatu nahi dut haiek ere nik izan nuen sentsazio berbera izango zutela. Keinu honek naturarekiko konziente izaten laguntzen digu txikitatik, landatzen ditugun zuhaitzak ez baitira apaingarri soilak mendia berdeago egingo dutenak, airea garbitzen ere lagunduko dute; egunero zikintzen dugun airea eta jada nahiko kutsatuta dagoena. Eskolan ikasi genuen ere birziklatzen, ez dut oroitzen zein irakasgaitan. Informazioa eman ziguten eta guk etxean jarri genuen, sukaldeko armairuan. Duela gutxira arte egon zen han, eta oraindik ere gurasoek gogoratzen didate zein burugogor jartzen nintzen gaiarekin. Belastegi-OiarzabalIruditzen zait helduok ere halako «formakuntza» behar dugula egin, aire zikinaren ordez loreak hobeak direlako.

Iraia Oiartzabal

Naturarekiko kontzientzia aipatzen duzu. Sortzen garen une beretik hari lotuta gaude baina ez dakit, gaur egun, zein punturaino daukagun horren kontzientzia. Postaleko irudietatik harago, gure bizimodu plastifikatuan naturak duen garrantzia bigarren plano batean geratzen dela esango nuke. Industriak gure herrietan izan duen presentziaren ondorioz gure aireak duen kutsadura maila kezkagarria dela ohartarazi izan dute azken urteetan hainbat adierazlek. Eta inork ez dezala gaizki ulertu, jakin badakigulako industria izan dela gure eskualdeko garapenaren oinarrietako bat. Horrek ez du kentzen ordea bere isurien inguruko kudeaketa, agian, ez dela egokiena izan. Legazpi eta Zumarraga lotzen dituen bidegorritik noala pentsatu dut askotan zer nolakoa ote den sakonki arnasten ari naizen airea. Paranoikoa naizela esango du norbaitek, baina luzera (edo ez hain luzera) horren ondorioak ikusten has gaitezkeela uste dut. Klima aldaketaz ohartarazten dabiltza aditu zientifikoak azken urteetan, munduko herrialde boteretsuenen arteko gailurrak ospatzen dira han eta hemen «desafio» horri nola aurre egin erabakitzeko, eta txikira joanda ikusten dut geure auzoetan keinu txikiena egiteko ere lanak ditugula. Sekulako zalaparta sortu zen Gipuzkoan orain urte batzuk zaborren kudeaketa dela eta. Ziurrenik izango ziren eztabaidarako arrazoiak, baina urte batzuk geroago aldatu al da zerbait hobera?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>