Joxe Migel Iztuetaren logela, Lazkaomendiko Abalinzahar baserrian, benetako oroitzapen kutxa da. Lazkao Txikiren museoa. Han dago etxeko sehaska, diotenez bertsolari txikia 1926ko irailaren 15ean jaio ondoren egon zena. Txapelak, oroigarriak, ezin konta ahala omenaldiren plakak, kopak, agendak… Baita objektu pertsonalak ere: txori kantuak grabatu zituen magnetofoia, bideo kamera, argazki makina… Eta liburuak. Irakurle porrokatua zen, oso gaztetatik.
«Bera lanera joaten zen. Lazkaon ibiltzen zen, Estankoko igeltsero-kontratista anaiekin. Etxera etortzen zenean, egunero ez bazen gehienetan, gurekin, bere iloba txikiekin esertzen zen sukaldean, eta liburuak leitzen zizkigun. Hura erdian aulkian, eta ume denok bueltan jarrita. Bera asko aritzen zen leitzen, baina gustatzen zitzaion gure artean leitu eta guri esplikatzea. Horretan gozatzen zuen». Felipe Barandiaran Iztuetak —iloba zaharrena, etxeko familiako zazpi senideetatik— hala gogoratzen du osaba zena, sukalde berean.
Zazpi senidetan seigarrena zen Joxe Migel. Aita bi aldiz ezkondu zen, lehen emaztea hil baitzitzaion. Bigarren emaztearen familia zen bertsolaria. Arreba Maria geratu zen etxerako, Jose Antonio Barandiaran olaberritarrarekin ezkonduta. Haiek biak eta zazpi ume, aitajaun-amandre zaharrak, Joxe Migel eta beste anaia bat; hamahiru lagun bizi ziren Abalinen, kamio aldeko bizitzan. Hamahiru aho, lau behiko baserri txirorako.
Orduko baserrietako bizimodua gogorra zen oso. Lazkao Txiki filosofoa zen berez, sormen handikoa, eta bere irudimenari libre jare egiteko, kaiola itxi bihurtu zitzaion baserria. «Garai hartako kulturan, baserrian lanetik aparte ez zen besterik ezer. Bizi izateak ematen zuen nahiko lana eta. Joxe Migel egunero kalera joaten zen, eta bere irekitasuna martxan zeukan jada», dio ilobak.
Lanetik etxera etorritakoan, besteak lanean, eta bera liburuetan murgiltzea deseroso suertatzen zitzaion. Umeak zituen ihesbide eta aitzakia, liburu artean goxatzeko.
Sorotik etxera, elikatzera
Orixeren Euskaldunak poema liburua irakurtzen zien. Pasarte bat hartu, eta «xehetu» arte, asko gustatzen baitzitzaion. Txomin Agirreren Garoa eta Kresala, Lizardi… Baserriko logelan daude, oraindik. Eta, nola ez, Xalbador lagun kutunaren Odolaren mintzoa, Uztapide, Lasarte, Ramon Erauskinen liburuak. Baina baita Antonio Machadoren antologia poetikoa edo Becquerren Rimas ere. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariak, euskal abertzaletasunari buruzkoak (Agirre, Sabino Arana…), nahiz katolizismoak. Entziklopedia batzuekin batera. Liburutegi ederra zuen.
«Ez dakit nondik ekartzen zituen, baina gehienetan liburu edo errebistaren batekin etortzen zen etxera. Belazera jatena ekartzera lanera joaten zen, baina dena han utzi, eta etxera etortzen zela bi-hiru aldiz akordatu nintzen. Behin atzetik etorri nintzen bera konturatu gabe. Liburuak kontsultatzen zituen, eta berriz lanera itzultzen zen. Makina martxan zeukan beti».
Bertsolaritza, sekretu
Felipe Barandiaranen ezaguerarako (1944an jaioa da), Lazkao Txiki bertsotan hasita zegoen, hara-hona. Baina bertsolari arlo hori —Joxe Migelek ez zuen inoiz esaten bera ‘bertsolari’ zenik, bertsotan aritzen zena baizik— ez zien etxeko haurrei erakutsi: «Irakurzaletasuna guri transmititzea ikaragarri gustatzen zitzaion, ipuinak ere bai. Baina, bertsoa, sekretua bezala zeukan. Irakurgaietan bertsoak baldin bazetozen bai, baina bere sormeneko bertsogintza ez. Gero pixka bat gehiago egin zuen, baina ez asko ere; ofizialki bertso saioetan eta txapelketetan hasi zenean ere, etxean komentariorik ez zen izaten».
Zergatik uzkurtasun hura? Bi arrazoi ikusten ditu Barandiaranek: «Seguru asko, sufritu egingo zuen. Eta etxeko giroa ere ez zen hartarakoa. Oso barrurakoa zen, ez zuen kanpora askorik ateratzen. Eman, zeukan guztia. Baina bera azaldu nahirik ez zeukan batere».
Euskara eta aberria, fin
Euskarari izugarrizko maitasuna zion Lazkao Txikik. Ez zuen onartzen narrasterik, zikintzerik. Ez axolagabekeriarik. Asko landu zuen, bere kolkorako. «Askotan jenio txarrean jartzen zen zenbait tokitan hizkuntza nola erabiltzen zen ikusita. Sufritu egiten zuen. Bertsolaria eta ipuinlaria zela ikusten genuen, baina gerora deskubritu genuen guk bi horietan zer fina zen. Finezatik lantzen zuen. Garai hartan, hizkuntza derrigorrezko tresna bat genuen, jatea bezalaxe. Orduan, hori lantzea jostailu bat zen berarentzat».
Euskal Herriko giro politikoaren ibilaroak ere gaixotu egiten zuen. Alderdi eta sindikatu ugaritasuna etorri zenean, zatiketak eta borrokak hasi zirenean, etzanlekurik gabeko ardia bezala sentitu zen. «Bizitzako azken etapan asko sufritu zuen. EAJtik EAra aldatu zen, baina egoera politikoarekin oso deseroso bizi izan zen. Eta kultura eta, batez ere, hizkuntza aldetik, erreta erabat».
Ideialen uretan igeri egiten zuen Lazkao Txikik. «Berea ez zen partidismoa, borroka horietan ezin zen tolestatu. Abertzalea zen, finetakoa, dudarik gabe. Gainera, landu egin zuen. ETArekin ere uste dut kolpe gogorra hartu zuela. Sekula ez nuen berarekin hitzerdi bat ere trukatu, baina gai horietan sakontzeko uneak ailegatzen zirenean, urduri jartzen zen eta saltatu egiten zen. Militatu, ez dut uste inon. Edukiko zituen bere zaletasunak, baina bertsoetan ere ez zuen azeleragailua hortik zapaltzen».
Umorea eta umiltasuna
Felipe Barandiaran bera bertsolari ibili zen, gaztetan. Herrietan saio eta sariketa batzuk egin zituen. 1960ko hamarkadan, Lazkao Txiki izaten zen txapelketak jarraitzen zituen. Gipuzkoako txapeldun atera zen Joxe Migel Iztueta 1964ko abenduan, eta Euskal Herriko txapeldunorde 1965eko Urteberri egunean. Gorenean zen.
Batera, bi aldiz kantatu zuten Iztueta eta Barandiaran osaba-ilobek. Lazkaomendiko festetan, lehenik: meza ondoren saioa, arratsaldean gero, eta afal ondorengo parrandan azkenik, Ixurrene tabernan. Lazkaon beste behin, antzerki baten tartean, launa bertso edo.
Maitasun, errealdi, txinparta-pizte eta sakontasun guztiengatik, asko karikaturizatu da Lazkao Txikiren figura, joan direneko 25 urteotan. Bi balore ikusten ditu Barandiaranek osabari justizia egiten diotenak: umiltasuna eta umorea.
«Nerbiosoa eta jenio txarrekoa bazen, baina harroa ez, sekula. Bere jakinduria eta egiten zuen lana, azaldu gabe egiten zuen. Bere helburua ez zen agertzea. Gaur, erabat kontrakoa da. Gizatasun noblekoa zen, alde horretatik. Ahal zuena egin zuen, eta bere garaiko eginbeharretako batean lekua bete zuen».
Bestetik, umorea eta bat-batekotasuna. «Bertsolari bezala ezagutu da gehien, baina bere umorea ez da behar adina aztertu. Gai askotan, umorearekin gauza asko txukundu zituen, eta batez ere azaldu».
Lazkao Txiki oroitzeko ekitaldi sorta prestatu dute Lazkaon, udaberrian
Urtero, Joxe Migel Iztuetaren heriotza-urteurrenean egiten den ‘Lazkao Txiki gogoan’ ekitaldiak eta Lartxaiko bertso-afariak senide ugari izango dituzte, aurten. 25. urtea bereziki ospatuko dute Lazkaon, Gerriko elkarteak eta hainbat gehiagok antolatutako oroimen-egitarauarekin. Apirilaren 11n izango da lehen saioa, eta maiatzaren 19an azkena. Sei saio egingo dituzte guztira: hitzaldia, bertso-afaria, oroitza-ekitaldia, mendi irteera eta gaztetxoentzat marrazki bizidunen inguruko sormen tailerra.
- Apirilak 11, asteazkena. Lazkao Txikiren kide izandako Iñaki Murua, Mikel Mendizabal eta Millan Telleria ‘Berriketan’ solasaldian: ‘Lazkao Txikiren emariak: bertsoak, kontuak eta komeriak’ hitzaldia. Gerriko Txokoan, 18:30ean.
- Apirilak 13, ostirala. Bertso-afaria Jon Maiarekin eta Unai Iturriagarekin. Lazkaomendiko Lartxai elkartean, 20:30ean.
- Apirilak 15, igandea. ‘Lazkao Txiki gogoan’ ekitaldia. Bertsoari toki berezia emango diote aurten. Goierriko bertsolari ugari gonbidatuko dituzte, lehengoak eta gazteak. Saio bizia egingo dute, koplatan, puntutan… Oin-Arin dantza taldeak eta Lazkao Txiki Musika Eskolak ere parte hartuko dute. Salda izango da. Zelaian, 12:30ean.
- Apirilak 17, asteartea. Haurrentzat jolasak, Maizpide euskaltegiko ikasleekin. Plazan, 16:30ean.
- Maiatzak 19, larunbata. Mendi ibilaldia Lazkaotik Lazkaomendira, PR-Gi-03 mendi ibilbide berreskuratutik (Enparandegi, Imatz eta Amundaraindik barrena, Amalur elkartearekin. Abalin baserria bisitatuko dute, eta Lartxai elkartean merienda. 15:00etan abiatuta.
- Zehaztu gabe. Marrazki bizidunen sormen tailerra. Lotura Films etxeko Miren Berasategik animaziozko filmak lehen eta orain nola egiten zituzten/dituzten landuko du, gaztetxoekin.