Maider del Olmo eta Ane Azurmendi

Maider del Olmo Zubeldia

Lagun batek kontatutakoa da pasadizoa: Ikastaro batean eman zuen izena, elikadura osasungarriaz gehiago jakiteko, saioaren izenburuak erakarrita edo. Euskal Herritik kanpo asteburu pasa joan zen jende gehiagorekin batera. Esan beharrik ez dago lo lekua ordaindu behar izan zutela. Irakasleak, sukaldaria bera, esan zien oso plater osasuntsua prestatuko zutela bazkaritarako. Ezustekoa izugarria izan zen lagunarentzat, mahai gainean lekak patatekin eta azenarioekin ikusi zituenean. Egoera irrigarri samarra da, ezta? Nolanahi ere, esaerak dioenez, besteen akatsak ikusteko betaurreko beharrik ez. Horregatik, ez dut ezkutatuko Bilbon gertatutako beste hau: Bertako produktuen azoka egin zuten Aste Santuko oporretan, despistatuta zebiltzan turistentzat nahiz bertakoentzat. Hizki handiz BBK zioten kartel handi batzuk jarri zituzten han zeuden baserritarren postuetan. Erosleak, neuk, ez zuen berehalakoan lortu euskaraz egitea haietako batekin, baina tematu egin nintzen. Azkenean pozik nengoen. Bilbon euskaraz ari nintzen, garaipen txiki bat, nire alde. Dena dela, denbora gutxi iraun zidan poztasunak, konturatu nintzenean ederra sartu zidatela, garapenaren eta modernitatearen ikur desitxuratua zirudien leku hartan. Pare bat euro-edo itzuli zizkidan saltzaileak, nik 10 euro eman ostean. DelOlmo-AzurmendiBadakizu, eskuetan nuen erosketa poltsan zer nuen? Kilo erdi leka, eta patata pare bat. Jaten duguna ote gara?

Ane Azurmendi Lasa

Jaten duguna ote garen ez dakit, baina jateak eta elikadurak hamaika eztabaida sortzen ditu gure inguruan. Askotarikoak izaten dira eztabaidagaiak, hala nola, bertako produktuak kontsumitzearen ingurukoak, sufrimendurik eragin ez duen janaria jan edo ez eta elikagai freskoak edo industrian prozesatuak izan direnak kontsumitzea. Hala eta guztiz ere, askotan, eguneroko kontsumo ohiturak errespetatu beharrean ikusten dugu gure burua; gure kontzientziak eskatzen dizkigun ekintzen ordez. Goiko kaleko baserritarrak landatutakoak erosi eta prestatu nahi, bai, baina prezioa dela eta, merkatal zentro handietan milaka plastikozko poltsetan sartzen dituzten porru garbiak erosten ditugu. Osasuntsuago jateko asmoz dendara joan eta, denbora faltaren aitzakipean, egositako babarrun txuriak, txorizo eta guzti, erosten ditugu. Maiz nahiago izaten dugu, munduko beste puntan baldintza ez justutan ekoitzitako kafea erosi, zentimo batzuk aurrezteko. Transgenikoekin ere gauza bera gertatzen zaigu, askotan baserrian ereindako hazien jatorria ere zalantzan ipintzen dugu, baina gero apirilean, leka-patatak, tomate entsalada eta meloia jan nahi ditugu. Zoritxarrez, formakuntza eta kontzientzia maila altua izan arren, denok bizi gara sistema kapitalistaren logika barruan; eta korronte indartsuen kontra igeri egin behar izaten dugu, jaten duguna garela koherentziaz esan ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>