Kanariar aireak Kariben

Legazpiko Botanz familia musikarien familia da. Hala erakutsi zuten joan den ostira-lean –apirilak 13– Karibe Zaharra tabernan, hiru belaunaldi igo baitziren eszenatokira Ida Susal kantari kanariarrak eman zuen kontzertuan.

Ida Susal izen artistikoaren atzean Julia Botanz Guimera dago; Tenerifekoa da, baina Legazpirekin lotura estua du, aita Rogelio –kantaria hau ere– bertakoa delako. Joan den asteko kontzertuan aita ez, baina osaba Javi izan zuen laguntzaile abesti batzuetan bere gitarra eta ahotsarekin, eta aitona Rogelio ere oholtza gainera igo zen, hiruko paregabea osatuz.

«Kariben emandako beste kontzertu batean ere atera nuen, eta oraingorako ere eskatu nion aurretik, baina ezezkotan zegoen. Azkenean, rantxera bat abestuko zuela esan zidan, eta hala, osaba Javiren laguntzaz, eszenatokira igo zen. Gero, animatu eta jotak ere abestu zituen. Oso polita izan zen», adierazi du Juliak egun batzuetara. Aitona ere musikaria dela azaldu zuen gero, abesteaz gain, gitarra eta mandolina jotzen badakiela. Eta aitona ez ezik, familiako kide gehiago ere musikariak dira: Rogelio, Javi, Maribel… eta Julia.

Ida Susal, 2010etik

Hiru belaunaldi elkartuta: Ida Susal –Julia Botanz– Karibe Zaharra tabernako taulatuan aitona Rogelio eta osaba Javirekin. / M. K. San Martin

Hiru belaunaldi elkartuta: Ida Susal –Julia Botanz– Karibe Zaharra tabernako taulatuan aitona Rogelio eta osaba Javirekin. / M. K. San Martin

Julia Botanzek 8 urte daramazki musikaren munduan, eta  2010ean sortu zuen Ida Susal. Bera da musika proiektu horren arima; konposatu, gitarra jo eta abestu egiten du, batzuetan bakarrik, beste batzuetan bere bandaz lagunduta. Bi lan ditu argitaratuta: cara A cara B izeneko konpaktoa eta liburua, eta iazko abenduan kaleratutako  … de mayor quiero ser konpaktoa, liburua eta DVDa batzen dituena. Egunontan Espainian egiten ari den birak bigarren lan horren promozioa du helburu. Legazpira etorri aurretik Santanderren izan da, Andaluzia aldean dabil aste honetan, eta maitzaren 4an hitzordu garrantzitsua du Tenerifen.

Errepertorio zabala eta anitza du Ida Susalek, mestizajean oinarritutakoa. Izan ere, bere musika motaz galdetuta, «autore musika egiten dut, autore mestizajea da nire musikara gehien egokitzen den estiloa» dio. Erritmo eta estilo desberdinak elkartzen ditu, batzuk oso lasaiak eta beste batzuk dantzara gonbidatzen dutenak; gainera, bere musika gorrei ere helarazteko asmoz, zeinu hizkuntza erabiltzen du –emanaldi batzuetan hizkuntza hori menderatzen duen Soledad Melian izaten du laguntzaile– , baita beste hainbat soinu eta antzerki baliabide ere. Hala, bere emanaldiak oso biziak eta intentsoak izaten dira. Eta horrelakoa izan zen, hain zuzen, Legazpiko Karibe Zaharreko saioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>