«Euskaldunek emandako hitza betetzen duzue eta hori asko gustatzen zait»

 

Flavio_BanterlaFlavio Banterla (Italia, 1975) Erasmus egitera etorri zen Euskal Herrira eta bertan gelditu zen. Egun, Zumarraga eta Urretxuko Secundino Esnaola musika eskolako irakaslea da. Mystic Pop taldearekin lehen diskoa argitaratu du.

Nolatan heldu zinen Euskal Herrira?
Erasmus egitera etorri nintzen Donostiara, Paduako unibertsitatetik. Erasmus egiten ari ziren gainontzekoekin elkartu beharrean, euskaldun batzuekin joan nintzen bizitzera. Zornotzako mutil baten oso laguna egin nintzen eta asteburutan bere herrira eramaten ninduen.

Zergatik gustatu zitzaizun Euskal Herria?
Hemengo kultura asko gustatu zitzaidan eta bertako jendeak oso eskuzabal jokatu zuen nirekin. Heldu nintzenean oso italiarra nintzen eta asko ikasi nuen beraiengandik. Heldu nintzenean pertsona mota bat nintzen eta beste kultura batekin topo egitean ni nintzen guztia ikasia zela konturatu nintzen. Horregatik gelditu nintzen: ikasitakoaz gain, beste zerbait ere ba ote nintzen ikusteko. Nire buruari egiten diodan galdera. nagusia hori da: ikasitakoa naiz ala beste zerbait?

Zer iruditu zitzaizun deigarriena?
Dagoeneko zaila egiten zait galdera horri erantzutea. Bertsolariek zur eta lur utzi nindutela gogoratzen dut. Bestalde, euskaldun baten hitzak duen balioa asko gustatzen zait. Emandako hitza betetzen duzue beti.

Nolatan heldu zinen Urretxu eta Zumarragara?
Nire neska-lagunak Zumarraga eta Urretxuko musika eskolan lan egiten du. Hona etorri nintzen batean, Jon Goenagarekin topo egin nuen. Goenaga eta biok ikaskideak izan ginen eta musika-informatika eskolak ematea proposatu nion. Hala hasi nintzen hemen lanean.

Zer da musika-informatika?
Musika grabatzeko eta konposatzeko erabiltzen da. Musika-informatikari esker, edozein musikarik maketa bat graba dezake bere etxean.

Zer moduz Urretxu eta Zumarragan?
Oso ondo. Lankideekin eta ikasleekin primeran moldatzen naiz eta ikastolaren 50. urteurreneko abestiaren grabazioan lagundu nuen. Noizean behin ikasle zaharrenekin pintxo-potera joaten naiz. Gainera, euskaltegira noa eta ikasleekin euskaraz hitz egiteko aukera dut. Ni ere herri baten jaio nintzenez eta denoi musika gustatzen zaigunez, ez da harritzekoa guztiok ondo konpontzea.

Zein da gehien gustatzen zaizun euskarazko hitza?
Euskarazko abesti bat idatzi behar dut. Nor naiz ni? Zein zara zu? izango da bere izenburua. Hiru N eta hiru Z dituelako eta nor hitza bi eratara esan daitekeelako atsegin dut. Oraindik ez naiz euskaraz idazteko gai, baina izenburua badut eta zertaz idatzi behar dudan ere badakit.

Filosofia atsegin duzu.
Metafisika gustatzen zait, nire buruari buruzko galderak eta gizateriaren galdera nagusiak egitea: nor gara? nondik gatoz?

Galdera horiek zure lehen diskoan presente daude.
Abesti guztietan norberari buruzko galderak daude eta nire argialdi uneen berri ematen dut. Argialdi une horiek zoriontasun edo bake uneak dira. Abesti bakoitza nire buruarekin konektatuta sentitu naizen une bati lotutako pilulatxoa da.

Nola definituko zenuke zure musika?
Abestiak entzuteko errazak dira. Pop musika da, orkestra moldaketekin eta musika elektronikoarekin. 60ko hamarkadako musika italiarraren antzekoa da, baina musika elektroniko ukituak ditu.

Kontzertu asko lotu al dituzu?
Hilaren 24an Donostiako FNAC-en jo behar dugu eta 25ean San Telmo museoaren ondoan. Bestalde, maiatzaren 18an Madrilgo Reina Sofia museoan joko dugu, Radio 3k gonbidatuta. Ekainean Tabakalaren joko dugu.

Diskoak harrera ona izan du.
Pozik nago, komunikabide garrantzitsutan jarri baitute. 40 Principales irratian, adibidez, zerrenda bat egiten dute Euskal Herriko hamar abestirekin eta nire kanta bat hirugarren postuan egon da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>