Talogileak lanez gainezka

Telleriarteko_talogileak

Telleriarteko taldeak lan eguna du igandean, Mirandaolako festan; ilara luzeak sortzen dituzte talo zaleek.

Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi egunean, Ordiziako azoka berezietan, Aralarko larreen irekiera egunean edo herri askotako festatan jartzen diren talo postuak, hainbat tokitan egiten diren talo festak, taloak prestatzen ikasteko ikastaroak… Zalantzarik gabe, taloa euskaldunon artean ondo barneratuta dugun produktua da eta, modan dagoela ere esan daiteke.

Taloa ogi mota bat da, arto irinez egindako orea eskuz zabaldu eta forma borobila eman ondoren, txapan egosten dena. Arto irina, ura eta gatza besterik ez ditu, osasungarria da beraz eta, gainera, glutenik gabea da. Beste kontu bat da barruan jartzen dena: txorizoa, txistorra, hirugiharra, gazta, txokolatea…

Euskal Herrian tradizio luzea du taloak, XVI-XVII mendeetaraino egin behar da atzera; garai hartan batez ere Gipuzkoatik eta Nafarroatik Hego Ameriketara joandako euskaldunek artoa ezagutu zuten eta handik hona ekarri zuten, hemengo klimara ondo egokitzen zen barietatea aurkitu eta gero. Euskaldunen artean eguneroko jaki bihurtu zen eta behin ehota, haren irinarekin egindako arto opil, morokil edo talo forman jaten zen. Arto opila eta morokila oraindik jaten badira ere, taloa da gaur egun estimazio handiena duena eta horren lekuko, talogileek festa egunetan jartzen dituzten postuetan sortzen diren ilara luzeak.

Legazpin bada talogile talde bat, Telleriarteko talogileak, auzo horretako Uztarri elkartean egoitza duena. Badira ia 38 urte bere jarduna hasi zutela, eta batzuren bajak eta beste batzuren altak tarteko, osasuntsu jarraitzen du oraindik taldeak. Herriko Santikutz festak diren egun hauetan, gainera, lanez gainezka dabiltz. Baserritarren egunean, maiatzaren 2an, postua jarri zuten, eta igandean, maiatzaren 6ean, beste hitzordu bat dute Mirandaolan, han ospatuko den erromerian.

Hutsik egin gabe 38 urte

Telleriarteko talogileen  historia 1980. urtean abiatzen da. Urte hartako irailean, Legazpiko Agorreko Santikutzetan egin zuten lehen ekinaldia. Helburua, euskal sukaldeetan urte gutxi batzuk lehenagora arte ezinbestekoa zen jakia berreskuratzea eta balioan jartzea zen. Hala, sutegi zahar bat moldatu, sua egiteko pago egurra inguratu eta mahai handi bat eskuratu eta gero, herriko plazan jarri zuten postua.
Ekimenak arrakasta handia izan zuen, eta udalak diruz lagundu zien, orduko 30.000 pezetekin (180 bat euro); taloa, txistorraz betea, 50 pezetan (30 zentimo) saldu zuten.

Orduz gero, Telleriarteko talogileek ez dute hutsik egin eta urtero-urtero jarri izan dute postua Agorreko Santikutz festetan, irailean. Baina ez da hori urtean zehar duten konpromiso edo hitzordu bakarra, taldea sortu eta gutxira Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi feriara joaten hasi zirelako abenduaren 13an, baita Donostiara ere Santo Tomas egunean, abenduaren 21ean. Bi feria horiez gain, Legazpin bertan bitan jartzen dute postua maiatzeko Santikutzetan, eta beti daude gertu deitzen dieten beste leku batzuetara joateko: Ilinti merkatari elkarteak antolatutako jai batean izan ziren, Oñatiko San Migel jaietako Herri Egunean egon dira, bi Kilometroak jaietan ere izan dira…

Legazpiko_Santikutzak__MirOndo banatutako lanak

Telleriarte auzo bertako Euxebi Etxeberria, Nartxi Gerra, Isidro Galdos, Begoña Arrondo, Txomin Iturbe, Mari Tere Madinabeitia, Lourdes Irastorza, Lupe Alzelai. Mari Loli Uliondo eta Esteban Altzelai izan ziren aitzindariak. Haietako batzuk joan dira, eta beste batzuk etorri; gaur egun 10 bat lagunez osatutako taldea da Telleriarteko talogileena, eta tartean jende gaztea ere bada.

Taldean bakoitzak du bere zeregina: taldekide batzuk orea egiteaz arduratzen dira, beste batzuk orearekin egindako bolak zapaldu eta taloari forma ematen jarduten dute; txistorra, txorizoa edo hirugiarra frijitzen beste batzuk ibiltzen dira –txistorra omen da gehien eskatzen den betegarria, txorizoarekin batera–; taloa txapa gainean erretzen pare bat edo hiru lagun; eta gainerakoak, taloak saltzen eta dirua kobratzen.

Dirua aipatuta, talo salmentarekin lortzen dutenaren zati handiena taldearentzako materiala erosteko erabiltzen dute, baina talogileen egoitza den Uztarri elkartean ere inbertitzen  dute. Hala, taloak salduz irabazitako diruari esker erosi ahal izan zuen elkarteak gaur bere egoitza den etxea, bazkideen ekarpenekin batera

Lazkaon, Seguran eta Ataunen ere talogileak

Talo kontuetan Goierri oparoa dela esan daiteke, beste hiru talogile talde ere badaudelako: Segurakoa, Ataungoa eta Lazkaokoa.

Segurako taldeak Goierriko talogileak izenarekin egiten du lan eta ohikoa da bere taloak dastatu ahal izatea Beasaingo jaietan, Santa Lutziko ferian edota Ordiziako feria berezietan. Telleriartekoa bezala, hau ere beteranoa da.

Lazkaokoa ere garai beretsuko da, duela 37 bat urte sortu baitzen, Antzar Gazteak musika eta txistu eskola diruz laguntzeko asmoarekin. Ordiziako Euskal Jaiak, Santa Lutzi eguna, Altsasuko feria eta Donostiako Santo Tomas dira urteroko hitzorduetako batzuk.

Ataungo talogileen taldea gazteagoa da, eta honek ere hitzordu ugari izaten ditu urtean zehar; azkena, Aralarko larren irekiera eguneko festan.

Azkenik, Eko Talo aipatu behar da. Julen Altzelai legazpirra buru dela, talo ekologikoak egiten dituzte. Legazpiko jaietan izan dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>