Aitorpenerako bulegoa

Errenta_aitorpena

1993. urtez geroztik, urtean behin, Beasaingo Urbialde kaleko 1. zenbakian dagoen bulegora joaten dira goierritar asko eta asko. Errenta aitorpen mekanizatua egiteko Foru Aldundiak Gipuzkoan dituen 11 bulegoetako bat dago bertan. Zergadunak urtean zehar izandako diru etekinak eta irabaziak aitortzekoa lekua da.

Hamar langile aritzen dira lanean hiru hilabetez, errenta aitorpenak egiten, informazioa ematen eta zalantzak argitzen. Nekane Gorostizu bulegoko arduradunaren esanetan, lanaldi bete-betean sartuta daude dagoeneko Beasaingo bulegoan, kanpainako lehenengo egunak lasaixeagoak izaten badira ere. Ordu laurdeneroko tartearekin ematen dituzte hitzorduak.

Goierritarrak bakarrik ez dira joaten Beasaingo bulegora; Goierriko enpresatan lan egiten duten askok ere aukeratzen dute Beasaingo bulegoa, gertutasunagatik eta lanean denbora gutxiago galtzeko. Errenta aitorpena Internet bidez egiteko aukera egon arren, egunero 145 lagunetik gora izaten dira hitzordua izaten dutenak.

Iaz Gipuzkoan aitorpen mekanizatua egin zutenak, 87.000  inguru izan ziren. Era berean, Gorostizuren esanetan, 2000. urtetik autolikidazio proposamena etxera bidaltzen hasi ziren eta aurten, zergadunen hirutik bik jaso dute proposamena: «Gero eta gehiago dira proposamenak onartzen dituztenak». Dena den, etxera bidalitako proposamena gainbegiratzea komeni dela dio Gorostizuk, batez ere, egoera pertsonala aldatu bada: ezkondu bada, banatu bada…. Horrezaz gain, «baliteke, jasotako proposamena ohar batekin etortzea eta garrantzitsua da ondo irakurtzea datu batzuk sartu gabe egon daitezkeela ohartarazten dutelako; alokairu kasuak adibidez. Eta edozein zalantza izanez gero, bulegora etor edo telefonoz dei daiteke, zalantzak argitzeko gaude».

Datuek horixe erakusten dute gainera: Beasaingo ogasun bulegora joandako 7.215 lagunetatik, 5.676 lagunek egin zuten aitorpena iaz. «Badira zergadunak errenta aitorpena egitera behartuta ez daudenak, baina batzuk proba egitera etortzen dira, nahiz eta gero aurkeztu gabe utzi. Beste batzuk, berriz, etorri ondoren kontrastatu nahi izaten dute ezustekoren bat jasota gero».

Gorostizuk zehaztu duenez, derrigorrean errenta aitorpenik egin beharrik ez dute lan etekina 12.000 euro baino gutxiago jasotzen bada; 20.000 eurotik gora aurkezteko obligazioa dago beti: «Eta 12.000-20.000 euro bitartekoa eta araudiak zehaztutako egoera batean daudenean ere behartuta daude aurkeztera. Adibidez, lan kontratu bat baino gehiago badago, ordaintzaile bat baino gehiago izanez gero…  Aurkezteko obligaziorik ez badago ere, ordaintzea egokituta ere, posible da egin gabe uztea».

Ogasun bulegora joaten lehenak, normalean, dirua kobratu behar dutenak izaten direla dio. «Hala ere, emaitza itzultzea egokitzen bada, nahiko erosoa da, bi zatitan ordaintzen delako». Ordainketaren % 60 uztailaren 2an egingo da eta % 40, azaroaren 12an.

Iruzurrari aurre egitea da aldundiaren helburuetako bat,  eta Gorostizuren esanetan, gero eta zailagoa da iruzurra egitea. «Geroz eta informazio gehiago dago administrazioen artean. Atzerriko ondasunak ere deklaratzen dira. Geroz eta estuago dago, langile arrunt batentzat behintzat».

Ahalik eta gutxien

Zergadun asko urduri samar joaten dira errenta aitorpenaren bulegora, foru aldundiari nahi baino diru gehiago itzuli beharko ote dutenaren beldur. Dena den, Gorostizuren esanetan, «asko aurrez zirriborroren bat eginda etortzen da, sustorik ez hartzeko». Hala ere, foru aldundiari ordaintzen zaion dirua ondo inbertituta dagoela uste du. «Zertan inbertitzen du aldundiak errenta aitorpenaren bidez jasotako dirua? Adinduen arretara urtero bideratzen diren baliabideak ordaintzeko; beren lehiakortasuna hobetzeko, aldundiaren laguntza jasotzen duten lurraldeko enpresei laguntzeko; mendekotasun laguntzak jasotzen dituzten Gipuzkoako herritarrei ordaintzeko; aldundiko suhiltzaileek urtero egiten dituzten esku hartzeak ordaintzeko; Etorkizuna Eraikitzeko agenda estrategikoa gauzatzeko; eta Gipuzkoan dauden errepide kilometroez arduratzeko».

Euskara, motel

Bulegoko langile guztiek euskaraz dakite eta herritarren artean horrek «konfiantza» sortzen duela uste du. «Euskaldun asko etortzen dira hona eta nik uste dut eskertu egiten dutela, eta lasaitu ere egiten dira». Dena den, hitzezko harremana euskaraz izaten bada ere, errenta aitorpena egiteko hizkuntza aukeratzeko garaian, gaztelera aukeratzen dute askok. «Euskara ulertzeko zaila dela esaten dute, hitz teknikoak azaltzen direlako… Euskara aukeratuz gero, ogasunarekin izango den harremana euskaraz izango dela esan nahi du eta zailagoa egiten zaie».

Beasaingo Ogasun bulegora 7.215 herritar joan ziren iazko kanpainan, zalantzak argitzera edo errenta aitorpena egitera. Horietatik, 5.676 lagunek egin zuten errenta aitorpena. Euskarari dagokionean, % 22k aukera zuen euskaraz errenta egitea.

Gizartea anitza da eta itzultzailearekin joaten denik ere bada: «Kanpoko herrialdeetatik datozen batzuk itzultzailearekin etortzen dira».

Datu jakingarriak

Apirilaren 23an ireki zen 2017ko errenta aitorpena egiteko kanpaina; ekainaren 30ean amaituko da.

  • Bulegoaren ordutegia. Astelehenetik larunbatera, 08:00etatik 14:00etara.
  • Hitzordua hartzeko. 902 100 040 telefono zenbakira deituta edo Internetez, www.gipuzkoa.eus/ogasuna/ errenta webgunean.
  • Kontuan hartzeko epeak. Autolikidazio proposamenak onartzeko epea ekainaren 30ean bukatuko da. Errenta mekanizatuaren bulegoetan edo Internet bidez aitorpenak aurkezteko epea, ekainaren 30ean bukatuko da.
  • Aitortu beharrekoa. Lanaren etekinak (soldatak, pentsioak, etab.); kapital higigarriaren etekinak (kontuen interesak, letrak, dibidenduak…); ondasun higiezienen (etxebizitza, lokal, etb) alokairutik etorritako kapital higiezineko etekinak edo ondasun horien titularitateak emandakoak; jarduera ekonomikoen etekinak (enpresaburuak eta profesionalak); ondare irabazi eta galerak (pisuen salmentak, akzioena…); errenta egozpenak (nazioarteko zerga gardentasuna).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>