Legazpiko Marc Marquez gaztea

Xabier_Zurutuza_piloto_gazXabi Zurutuza (Legazpi, 2006) bi urte eta erdi zituela igo zen lehendabizikoz aitak oparitu zion quad batera, eta ordutik ez da gurpil gainetik jaitsi. Motorrean ibiltzen da orain, lehiatzen, eta hori da haren pasioa: «Motorrean ibiltzen zoriontsua naiz, hau da egitea gehien gustatzen zaidana», dio ziur, irribarrea ezpainetan.

Aitak eta bi anaia zaharragoek ere motorrean ibiltzeko zaletasuna izan dute beti. Haurra zenetik bizi izan du gertutik, hortaz, motorraren mundua Zurutuzak, eta berak ere motorrean ibili nahi zuela erabaki zuen umetatik. Aitak eta anaiek ez bezala, lehiaketetan parte hartzen hasi zen sei urterekin. «Izan ere, sei urte bete arte ezin da federatu», azaldu du.

Lehiakorra da, irabaztea gustuko du, eta momentuz emaitzak lortzen ari da. Pasa den asteburuan, Olaberriko zirkuituan jokatu zen Iparraldeko Txapelketan —Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Aragoiko pilotuek hartzen dute parte— txapelduna izan zen, Minimotard 85 kategorian. Espainiako Txapelketan ere parte hartuko du. Txapelketa hori «lau kanporaketez osatuta dago», azaldu du Zurutuzak. Lehendabiziko kanporaketa maiatzean jokatu zuen: «Bi lasterketa egin behar izan nituen, Minimotard 85 kategorian hau ere, eta biak irabazi nituen», dio harrotasunez.

Etxetik urrun

Albaidako (Valentzia) zirkuituan jokatu zen kanporaketa. Orain beste hiru gelditzen zaizkio: FK1ean (Medina del Campo, Valladolid), Kotarr-en (Burgos) eta Riverako zirkuituan (Valentzia). Lau kanporaketetan denbora onena ateratzen duen pilotuak irabaziko du EspainiakoTxapelketa. Zurutuza, momentuz, bide onetik doa.

Baina hor ez dira amaitzen pilotu legazpiarraren garaipen zerrendako lorpenak. «Iaz, munduko txapelketan bigarren egin nuen Albaidako zirkuituan», esan du.  Bere mailan ez da munduko txapelketarik jokatzen, baina iaz Espainiako Txapelketa jokatu zuten pilotuetako batzuei parte hartzeko gonbidapena luzatu zieten. «Hiru kategoria ezberdinetako pilotuek hartu genuen parte lasterketa berean, ni gazteenetakoa nintzen eta­ lehengo egin nuen», kontatu du.

Horrek guztiak, ordea, badu sakrifiziotik zerbait. Asteburu guztietan kanpora joaten da familia osoa Zurutuzak entrenatu dezan, «Valentziara, Nafarroara, Zaragozara, Lleidara…». Dagoeneko lagun onak egin ditu bera bezalako pilotu gazteen artean eta berak, oraingoz behintzat, garbi dauka honetan jarraitu nahi duela. Gogor entrenatzen dihardu, Marc Marquez edo Casey Stonerr-en moduko pilotua  izateko ametsean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>