Metroz metro, kilometroak

Iaz UZ Ikastolaren 50. urteurren ospakizunen barruan egin zuten Belokira egindako igoera.

Iaz UZ Ikastolaren 50. urteurren ospakizunen barruan egin zuten Belokirako igoera.

Urretxu-Zumarragako Ikastolak Mendimetroa egingo du Kilometroak 2018 girotzeko ekintzen barruan.

Iaz Oñatiko Txantxiku Ikastolak antolatu zuen Kilometroak jaia, eta ikasleen artean mendizaletasuna bultzatu asmoz, Mendimetroa sortu zuten, eta baita Gipuzkoako beste ikastola batzuetara esportatu ere. Aurten lurraldeko 24 ikastolak aurreko asteburuan egin dute, eta bihar  Urretxu-Zumarragan egingo dute. Mendimetroan mendiak komunitatea sendotzeko duen indarra erakutsi nahi dute.

Urretxu-Zumarragan urrian izango den Kilometroak jaiaren inguruan antolatutako ekintza egutegi zabalean kokatzen da Mendimetroa, eta Zubiak Batuz Triatloiko bigarren proba da. Otsailean belaunaldi arteko lasterketa egin zuten eta 768 lagunek parte hartu zuten. Biharko mendi martxak segida emango dio lasterketari. Mendimetroa prestatzen ari diren ikastolako lantaldetik diotenez, «aurreko lasterketan bezala, kirola eta aisia uztartuta lagun edo familia giroan arratsalde ederra pasatzeko aukera izango dugu».

Belokira igoera

Mendimetroa Zumarragako plazatik abiatuko da 16:00etan eta Belokira igoko dira mendizaleak. Beherako bidean, Antion geratuko dira eta erromeria jaia izango da. Herrigunera jaitsiko dira 19:30ean inguruan Eitzagako jaitsieratik, eta aurretik trikitilariek haien pausoak alaituko dituzte.

Mendimetroa egiteko ez da aurretik izena eman behar, Zumarragako plazara egindako hitzorduan joanda nahikoa da.

Zubiak Batuz Triatloiko hirugarren proba, Ziklometroak bizikleta proba irailean izango da.  Kirol-ekintza horien batuketari Zubiak Batuz Triatloia izena eman badiote ere, halako probek izan ohi duten kutsu lehiakorrik ez duela izango diote lantaldekoek. «Areago, asmoa guztiz kontrakoa da. Familia giroan, lagun giroan ongi pasatzea da helburua». Aurreko lasterketaren helburu berberak ditu Mendimetroak, «UZ Ikastola osatzen dugunon arteko zubiak batzea».

Mendimetroetako ekintza bat da talde argazkiak egitea,  eta argazki horien muntaia Kilometroetako webgunean zintzilikatzea. Bi hitzordu egin dituzte biharko: bata Belokiko gailurrean 17:30ean, eta bestea Antion 18:30ean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>