Gizartea asko aldatu da azken urte hauetan. Duela hamarkada batzuk, ama ezkongabeak arbuiatuak ziren. Egun, berriz, gero eta gehiago dira bikoterik izan gabe ama izatea erabakitzen duten emakumeak. Horietako hirurekin izan da GoiBerri: Edurne Pradilla zumarragarrak 10 urteko mutiko bat du, Edurne Holgado urretxuarrak bi hilabeteko neska bat, eta Leire Mujikak neska bat espero du uztailerako.
Pradillak erabakia hartu zuenean, ez zen batere ohikoa emakume batek bikoterik eduki gabe haurra edukitzea. «32-33 urterekin bikotearekin utzi nuen. Ez zen beste bikoterik suertatzen, eta adinean aurrera nindoanez, haurra bakarrik edukitzearen inguruan hausnartzen hasi nintzen. Bi urte eman nituen horretan pentsatzen:?haur bat aurrera ateratzeko gai izango ote nintzen, haurra guraso bakarreko familia edukita ondo egongo ote zen… Erabakia hartzea asko kosta zitzaidan eta hausnarketa sakon hori baliagarria izan zait. Une gogorrei aurre egiteko indarra eman dit». Hausnarketa prozesu horretan asko irakurri zuen eta madressolterasporeleccion.com webgunera eta ikastetxeren batera jo zuen.
Dagoeneko haurdun zegoenean eman zien albistearen berri etxekoei. «Batzuei asko kostatzen zaie haurdun gelditzea, eta ez nuen oinarririk gabeko ilusiorik sortu nahi. Amari esan nionean, zur eta lur gelditu zen. Handik hilabete batzuetara, zer edo zer espero zuela, baina haur bat adoptatuko nuela uste zuela esan zidan».
Holgadok oso argi zuen ama izan nahi zuela. «Bikoterik suertatzen ez zenez, umea bakarrik edukitzea erabaki nuen. Etxekoei esan nien eta ados azaldu ziren. Gurasoek eta ahizpak laguntzeko prest zeudela esan zidaten. Beraien babesa oso garrantzitsua izan zen. Bikotearekin haurra ateratzea zaila bada, bikoterik gabe…». Ondoren, medikuarengana jo zuen. «Donostiara bidali ninduen eta urtebete eman nuen itxaron zerrendan. Lehenengo saiakeran haurdun gelditu nintzen».
Mujikak zailtasun gehiago izan ditu haurdun gelditzeko. «Oso argi nuen ama izan nahi nuela, baina haurra izateko ordua heldu zen eta bikoterik ez nuen. Osakidetzara jo nuen eta handik urtebete pasatxora haurrak edukitzeko zailtasunak nituela esan zidaten. Oraindik itxaron zerrendan nengoen eta ospitale pribatu batera joatea gomendatu zidaten. Aldi berean, makrobiotika egiten hasi nintzen. Eta lehenengoan haurdun gelditu nintzen!».
Ordurako, etxeko denek zekiten. «Amak pixka bat itxaroteko, bikotea azalduko zela… esan zidan, baina denen babesa eduki nuen».
Bikotea
Adin batetik aurrera, ama izan nahi duten emakumeentzat bikotea bilatzea nekagarria izan daiteke. Izan ere, ez dira presiopean egin beharreko lanak. «Ezin naiz norbait agertuko zain egon nire ametsa betetzeko. Jende askok bikotea lortzeko zailtasunak izango ditudala esaten dit, baina maite banau, nire umearekin onartu beharko nau. Ez dago besterik», dio Mujikak.
Pradilla berarekin bat dator eta badaki zertaz ari den. «Ama izanda bikotea aurkitzea posible da. Nik bikotea dut. Bikotea lehenago edo beranduago lor daiteke, umearekin edo umerik gabe, baina adin batetik aurrera ezin dugu umerik eduki».
Duela ez hainbeste pentsaezina zen bikote gabeko emakumeek intseminazio artifiziala erabiltzea, baina gauzak asko aldatu dira zorionez. «Nire birramona ezkongabea zen nire amona eduki zuenean, eta osaba batzuekin utzi zuen. Amonak oso gaizki pasa zuen. Umea jaio zenean, Zaragozara joan nintzen amonarengana. ‘Nola aldatu diren gauzak:?nire garaian hau zein gaizki bizi zen eta zu zein ondo ari zaren bizitzen. Asko pozten naiz, esan zidan’».
Ingurukoen babesa ezinbestekoa da. «Zalantzak dituzunean norbaitekin hitz egitea oso garrantzitsua da. Niri amak eta ahizpak asko lagundu didate. Gainera, erditzera ahizpak lagundu zidan. Egin niezaiokeen oparirik onena dela esan zidan. Umea jaio zenean, negarrez hasi zen», dio Holgadok.
Mujikak amari eskaini dio erditzera joateko aukera. «Zalantza izan nuen, ahizpari edo amari eskaini. Azkenean, amarentzat opari polita izango zela pentsatu nuen», aipatu du. «Nik ahizpari esan nion, ama baino lasaiagoa delako. Ama oso urduri jarriko zen», azaldu du Holgadok.
Pradillak, berriz, bere anaiari esan zion. «Ez nuen horretan pentsatu eta azkeneko momentuan erabaki nuen. Nire anaiak joatea gustatuko litzaiokeela esan zuen eta baiezkoa eman nion».
Aitzindaria
Pradilla aitzindaria izan zen. «Familiako medikuak ea umea zergatik nahi nuen bakarrik eduki, ea gizonezkoak gorroto nituen… galdetu zidan. Gainera, ez zekien zeintzuk ziren eman beharreko pausoak. Nik esan behar izan nion zer egin behar zuen. Ospitalean ezin nuela umerik eduki esan zidaten. Nik ugalkortasuna banuela esan nien, behar nuen gauza bakarra esperma zela. Atzetik zetozenei bidea irekitzea erabaki nuen, baina azkenean pribatutik egin nuen, denboraz larri nenbilelako».
Gauzak aldatu beharra zegoela ikusita, ETBkoek telebistan irtetea eskaini ziotenean baiezkoa eman zien. «Kalean gauza xelebreak entzun nituen, baina jendeak berehala onartu zuen. Enekori berehala esan nion zergatik ez zuen aitarik eta bikoterik gabeko beste ama batzuekin elkartzen nintzen umeak bera bezalako asko daudela ikus zezan. Umeek oso natural hartzen dute», amaitu du Pradillak.